Matematikako, Fisikako eta Astronomiako Oinarrizko Lexikoak aurkeztu ditu Euskaltzaindiak
2016-03-17 13:37 Euskerea berbagaiOinarrizko lexiko teknikoak arloko erabilera estandarraren erreferentzia baliogarria izateko asmoz argitaratu ditu Euskaltzaindiak. www.euskaltzaindia.eus/hiztegiaketacorpusak helbidetik deskargau daitekez, PDF formatuan. Aurrerago, Euskaltzaindiak lexikoak online konsultetako sistemea eskainiko dau.
Euskaltzaindiak oinarrizko hiru lexiko tekniko argitaratu ditu; matematikearen, fisikearen eta astronomiaren arloetako oinarrizko lexikoak. Hiru lexikook arlo horreetan erabilten dan hizkuntzearen azterketearen emoitzea dira. Donostiako Luis Villasante Ikergunean, hainbat irakasle eta argitaldari bertan zirala aurkeztu dabe gaur Andres Urrutia euskaltzainburuak, Andoni Sagarna Akademiako Hiztegigintza arloko arduradunak, Iñaki Irazabalbeitia Zientzia eta Teknika hiztegia batzeko egitasmoko idazkariak eta Antton Gurrutxaga egitasmoko kideak.
Azterketa hori egiteko, arlo bakotxeko testuen multzo bat jorratu dabe; testu batzuk aztergai bakotxerako berariaz batuta dagoz, eta beste batzuk, barriz, lehendik sortutako corpus teknikoetakoak dira. Testuotatik hautagaiak erdi automatikoki erauzi dira, hizkuntza-teknologia erabiliz. Arlo bakotxerako antolatu diran aditu-taldeek aukeratu ditue hautagai horreetatik oinarrizko lexikoan sartzekoak diranak. ZTHB lantaldeak hiztegietako eta beste corpus batzuetako datuez osotu ditu adituen proposamenak, informazino osotuagoaren argitan aztertzeko. Hautagai bat oinarrizko lexiko teiknikorako proponidukeran, lantaldearen erispide nagusia izan da arloan estandarra dan erabilerea berrestea, eta ia kasu guztietan lortu dau, oso gitxitan egin baititu erabilera hori aldatzeko proposamenak. Azkenik, hautagai horreek dagoeneko Hiztegi Batuan dagozan arlo horreetako berbakaz alkartuz, oinarrizko lexiko tekniko bakotxa osotu da, eta Euskaltzaindiari aurkeztu jako emoitzea. Euskaltzainek egindako oharren ondoriozko zenbait orrazte-lan egin ondoren, osoko bilkuran onartu dira hiru lexikoak.
Oinarrizko lexiko teknikoak arloko erabilera estandarraren erreferentzia baliogarria izateko asmoz argitaratu ditu Euskaltzaindiak. Nahi izan ezkero, www.euskaltzaindia.eus/hiztegiaketacorpusak helbidetik deskargau daitekez, PDF formatuan. Aurrerago, Euskaltzaindiak lexikoak online konsultetako sistemea eskainiko dau.
Hogeita hamar urte baino gehiago joan dira euskerea arlo teknikoetan erabilten hasi zanetik. Lehenengo landu ziran arloen artean, zientzia eta teknologiarena dogu. Urte hareetan, testurik ezean, lexiko teknikoak proponidu ziran, arlo bakotxeko erabilerea bultzatzeko eta euskera estandar teknikoa sortzen eta finkatzen laguntzeko.
Ordutik, euskereak zenbait arlo teknikotan izan dauen garapena eta mailea upealakoa izan da. Hainbat irakasle, aditu, ikasle, erakunde, argitaletxe, hedabide, enpresa eta abarren lanari esker lortu da hori. Gaur egun, arlo tekniko askotan estandar bat badagoala esan daiteke. Izan be, euskerea dagoeneko ez da ume jaiobarri bat; gitxienez, heldutasunerantz doan gazte bat da. Baieztapen hori hizkuntza-ereduari jagoko batez be, hau da, euskerea arlo teknikoetan komunikazino-tresna estandar lez funtzionetako lortu dauen gaitasunari.
Estandar horren zabalkundeak eragina dauka lexiko orokorrean. Arlo teknikoetako berba asko, batez be irakaskuntzearen eta dibulgazinoaren bidez, lexiko orokorrera iragaten dira, eta nabarmenagoa da hori, ganera, orotariko hizkuntza modernoetan.
Hizkuntzearen prozesamendu automatikoaren teknologia eta digitalizazinoa be asko aurreratu dira, eta gaur egun aukerea dago hizkuntza-erabilerearen datuak errazago lortzeko eta eraginkorrago prozesetako.
Kontuak kontu, Euskaltzaindiak aspaldi ikusi eban arlo teknikoetako oinarrizko erabilerea aztertu behar zala, erabilera horrek hiztegi orokorrari egiten deutsozan ekarpenak batzeko. Ikuspegi horren lehen emoitzak Hiztegi Batuan bertan doguz, lehen bersinoetatik handituz joan baita arlo-markea daben sarreren kopurua. Edozelan be, arlokako erabilerea berariaz aztertzeko eta oinarrizko lexikoak osotzeko erabagia hartu eban Euskaltzaindiak, eta, horretarako, Zientzia eta Teknika Hiztegia Biltzeko egitasmoa abiarazo eban (ZTHB).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!