Irakurketa errazeko beste liburu bi argitaratu ditu Gaumin argitaletxeak
2016-03-14 12:32 KultureaOraintsu hasitako proiektuagaz aurrera segiduten dau Gaumin argitaletxeak, Bilboko Azkuna Zentroaren laguntzinoagaz. Irakurketa errazeko liburuak argitaratuta, persona guzti-guztiei literaturaz disfrutetako aukerea emon nahi deutsie. Onintze Goitiz Auriaren Amaia udalekuetan eta Laida Martinez Navarroren Erdi Aroko egunak liburuak plazaratu ditue oraingoan.
Oraintsu hasitako proiektuagaz aurrera segiduten dau Gaumin argitaletxeak, Bilboko Azkuna Zentroaren laguntzinoagaz. Irakurketa errazeko liburuak argitaratuta, persona guzti-guztiei literaturaz disfrutetako aukerea emon nahi deutsie. Onintze Goitiz Auriaren Amaia udalekuetan eta Laida Martinez Navarroren Erdi Aroko egunak liburuak plazaratu ditue oraingoan.
Irakurketarako eskubide unibersalaren alde egin eta euskerazko irakurketea bultzatu nahi dogu, adierazo dau Azkuna Zentroko kide Alasne Martinek. Izan be, irakurketa errazeko liburuak hizkuntza sinple eta ulertzeko errazean idatzita dagoz, letra handi eta argiakaz, eta ez dira oso luzeak izaten. Modu horretara, liburu arruntak irakurtzeko zailtasunak daukiezan personek literaturaz disfrutau leikee.
Ume zein helduek atara leikee probetxua irakurketa errazetik: Ikusmen edo adimen urritasunak daukiezanek, hizkuntzea ikasten dabilzanek, ondo alfabetau barik dagozanek eta abar. Ikerketa batzuen arabera, populazinoaren % 30 inguruk daukaz arazoak testuak irakurri edo ulertzeko. Oraingoan aurkeztutako liburu biak umeentzat dira.
Nazinoartean gero eta zabalago dabilen mobimendua da irakurketa errazarena. Euskerara ez da aspaldi heldu, baina Gauminen eta Azkuna Zentroaren arteko alkarlanak emon ditu fruitu ugari. Orain arte irakurle izatea ezinezko euki dabenei aukerea emotea da asmoa, dino Gaumineko arduradun Fernando Morillok.
Onintze Goitiz Auriaren lehenengo liburua da Amaia udalekuetan. Ez da ohikoa idazle batek bere ibilbideari irakurketa errazeko liburu bategaz ekitea, baina Goitiz era horretako irakurle talde bateko dinamizatzaile izan zan eta holan animau zan. Hasikeran ez nekian oso ondo zer zan irakurketa errazaren kontu hori, baina taldean izandako bizipenen bidez ezagutu dot, dino Goitizek.
Amaiaren istorioa kontetan dau liburuan. Gorra da Amaia, gizartean dagoan kolektibo horren eguneroko zailtasunak erakutsi nahi izan dodaz, dino idazleak.
Bestetik, Erdi Aroko Bilbori buruzko istorioa dakar Laida Martinez Navarrok. 2013an idatzi eban Erdi Aroko egunak, baina orain arte ezin izan dau argitaratu. Personaje historikoak eta asmautakoak sartu ditu Martinez Navarrok liburuan, orduko gizartearen bizimodua, kezkak eta bizipenak agiri dira. Bilbo uribildu bihurtu zaneko kontuak dakarz.
Irakurketa errazak daukazan onurak goraipatu ditu Martinez Navarrok. Berak idatzitako era horretako liburuak ikastetxeetara eroan dituanean, irakasleek autoestimea sarri aitatu deutsela dino: Liburu horreei esker, ikasle askok autoestimea berreskuratu dabe.
Talde txikia diran arren, Gaumin argitaletxekoek apustu sendoa egin dabe irakurketa errazeko euskerazko liburuen alde, Azkuna Zentroaren mediatekearen babesagaz. Gizartearentzat onuragarria dala dino Fernando Morillok, gozokia dira liburuok, edonork disfrutetako modukoak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!