'Handia da euskerearen balioa, baita termino ekonomikoetan be'
2016-03-01 10:15 Euskerea berbagaiIkerketa honek agirian jarten dauenez, jarduera sektore bat gehiago da euskerea euskal ekonomian. Herri-administrazinoek zuzenduriko jarduera publikoaz gan, euskereak merkatu gero eta zabalagoa dauka, eta berezko industria bat. Euskereagaz lotura estua daben merkatu pribatuaren jarduerek enplegua sortzen dabe euskal ekonomiaren sarean.
Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak agerraldia egin dau bart Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskera, Gazteria eta Kirol Batzordean. Lehenengo, Euskerearen aurrekontu eta baliabide publikoen estadistikea 2014 azterketearen emoitzen txostena aurkeztu dau eta ondoren Euskerearen balio eta eragin ekonomikoa txostenaren barri emon dau.
Euskerearen aurrekontu eta baliabide publikoen estadistikea 2014 azterketeari jagokonez, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazino publikoek euskerea sustatzeko jarten daben dirua eta diru baliabide horreen azken urteetako bilakaerea zelakoa izan dan neurtzen dau. Helburu nagusia, honako hau ezagutzea da: Euskadiko Autonomia Erkidegoko herri-administrazinoak euskerearen sustapenean egindako ahalegin ekonomikoaren neurria eta langintza horretara jarritako giza baliabideen zenbatekoa eta izakerea. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak bi urtez behin egiten dau azterlan hau, eta 2015ean egindako azken honek, herri-administrazinoen 2014ko aurrekontu likidatuak jasoten ditu.
Ondokoak dira aitatu lanaren ondorio nagusiak:
1. EAEko herri-administrazinoek (Eusko Jaurlaritzeak, hiru foru aldundiek eta 5.000 biztanletik gorako udal guztiek, EAEko biztanleen ia % 90 batzen daben udalerriek 150.117.606 euroko aurrekontu konsolidatua erabili dabe euskerea sustatzeko.
2. Kopuru horren % 63,8 Eusko Jaurlaritzeak jarri dau (96 miloe), % 20,3 udalek (uriburuak kanpo), % 10,4 hiru foru aldundiek eta % 5,5 hiru uriburuek.
3. Biztanleko, Eusko Jaurlaritzeak 44,1 euro jarri ditu, udalek (uriburuak kanpo) 26,7 euro, uriburuek 11,3 euro eta foru aldundiek 7,7.
4. Eusko Jaurlaritzearen aurrekontuetan, euskereari jagokonaren bilakaerea positiboa izan da 2012-2014 tartean (% 2,9 hazi da).
5. Diru-baliabide gehienak, diru-laguntzetara bideratzen dira. Eusko Jaurlaritzeak eta Foru Aldundiek diru-laguntzetara bideratzen dabe euren euskera aurrekontuen % 52 eta % 54, hurranez hurran, eta batez be euskalgintza soziala osotzen daben alkarte eta enpresen ekimenen finantzaketan laguntzera, bai diru-laguntzino bidez, baita lankidetza-hitzarmen bidez be.
6. 727 lagun dira euskal administrazino publikoetan euskerea sustatzeko sortutako zuzeneko lanpostuetan dabizenak.
7. 5.000 biztanletik beherako udalerrietatik, EBPN-ESEP garatzen dutenek 5.948.429 euro bideratzen dabe euskerearen sustapenerako.
Euskerearen balio eta eragin ekonomikoa
Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiari euskereak egiten deutson ekarpena ezagutu, euskereak sortzen dauen aberastasun ekonomikoa eta euskera-sektoreen dimensino eta balio ekonomikoa neurtzea izan da ikerlan honen helburua.
EAEko Barne Produktu Gordinaren % 4,19 jagoke euskereagaz zuzenean eta zeharka loturaren bat daben sektore ekonomikoei.
Patxi Baztarrikak adierazo dau: Azterlaneko datu makroekonomioetatik ondorioztatu daiteke euskereak zuzenean eta zeharka sortzen dauen ekonomiaren datuak esanguratsuak dirala, eta, beraz, handia dala euskararen balioa, baita termino ekonomikoetan be:
• 56.142 lanpostu, EAEko lanpostu guztien % 6,3.
• 2.751 miloeko Balio Erantsi Gordina, EAEkoaren % 4,5.
• 2.800 miloeko Barne Produktu Gordina, EAEkoaren % 4,2.
Hau da, administrazioari lotutako enplegu eta baliabideez aparte, euskerearen inguruan lan egiten daben sektore ekonomikoek enplegu asko eta balio erantsi handia sortzen dabe.
Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak adierazo dau: laburbatuz, ikerketa honek agirian jarten dauenez, jarduera sektore bat gehiago da euskerea euskal ekonomian. Herri-administrazinoek zuzenduriko jarduera publikoaz gan, euskereak merkatu gero eta zabalagoa dauka, eta berezko industria bat. Euskereagaz lotura estua daben merkatu pribatuaren jarduerek enplegua sortzen dabe euskal ekonomiaren sarean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!