Athletici buruzko galderen jokoa sortu dabe, euskeraz, eskuko telefonoetarako

Dabi Piedra 2016-02-29 13:04   Euskerea berbagai

AppaAthletic jokoa eskuragarri dago Android zein iOS erako eskuko telefonoetarako, doban. Athletic Cluben historiako gertakari, pasadizo eta datuak ezagutzera emoteko galdetegia dakar, ondo paseteagaz batera euskerea zabaltzeko asmoz. Teknologia barriak, euskerea eta Athletic modu ludikoan batu ditu Topaguneak aplikazino honegaz.

AppaAthletic jokoa eskuragarri dago Android zein iOS erako eskuko telefonoetarako, doban. Athletic Cluben historiako gertakari, pasadizo eta datuak ezagutzera emoteko galdetegia dakar, ondo paseteagaz batera euskerea zabaltzeko asmoz. Teknologia barriak, euskerea eta Athletic modu ludikoan batu ditu  Topaguneak aplikazino honegaz.

Topaguneagaz batera, Athletic Club Fundazinoak eta Kultur Kabia alkarteak ipini dabe martxan AppaAthletic. Euskerea balore positibo eta modernoakaz batu gura izan dogu, azaldu dau Aritza Escandon Topaguneko ordezkariak. Athleticek gizartean daukan erakargarritasuna aprobetxau nahi dabe horretarako. Belaunaldi guztietako senideak alkartzeko joko aproposa dala dino eta, era berean, ume eta gaztetxuek euren denpora librean erabilteko modukoa.

Jose Angel Iribar Athleticeko atezain ohi eta klubaren fundazinoaren ordezkariak AppaAthleticen onurak aitatu ditu: Didaktikoa da, klubaren historia ezagutzeko modu polita eta praktikoa da. Athletic Clubek euskereagaz daukan konpromisoaren erakusgarri dala dino Iribarrek, era honetako joko batek erakusten dau euskereak edozein gauzatarako balio dauela, teknologia barrietarako adibidez.

Jokoaren funtzionamendua erraza eta arina da. 25 galdera erantzun behar dira, gehienez 10 minutuan. Huts egin ezkero, txartel horia ataraten jako jokalariari eta hirugarren hutsean, gorria. Gauzak errazteko, galdera bakotxean hiru aukera emoten dira eta erantzun zuzena aukeratu behar da. Behin aplikazinoa deskargauta, nahi beste aldiz jokatu leiteke.

Galdetegia osotuteko, 200 galderako datu-basea preparau dabe eta partida bakotxean horreetako 25 erantzun behar dira. Holan, zenbat eta partida gehiago jokatu, datu gehiagoren barri dauka jokalariak. Historia guztia kontuan hartu dogu, sasoi guztiei buruzko galderak sartzen ahalegindu gara, dino Aritza Escandonek.

Batez be, Athleticen inguruko bitxikeriak, pasadizoak, datuak eta abar batu ditue, klubaren alderdi ezezagunena jente guztiari hurreratzeko asmoz. Adibidez, San Mamesen Ligako lehenengo gola nork sartu eban eta Europan lehenengoz ze talderen aurka jokatu eban Athleticek, holako galderak agiri dira. Mr Pentland, Pitxitxi, Zarra, Iribar, Dani, Aduriz... izen  ezagunak topauko ditue jokalariek galderetako protagonisten artean. Holan, euskerearen zabalkunderako ez eze, Athleticen historiako pasarteak gizarteratzeko be aproposa da AppaAthletic.

Aplikazinoa doban deskargetako moduan ipini dabe dagoeneko, telefono zein tabletetan erabilteko. Puntuazinorik onenen zerrendea ikusteko aukerea emoten dau AppaAthleticek, beste erabiltzaileen aldean norberaren mailea zein dan ikusteko. Ganera, hiru puntuazino altuenek saria eukiko dabe maiatzean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu