Idoia Iruretagoiena: 'Gure aitzindariek bildur barik, ausardiaz jokatu eben, ilusino eta borondate handiagaz'

Koldo Isusi Zuazo 2016-02-29 10:00   Barriketan

Lauro ikastolako zuzendari-kudeatzailea

Aurten beteko da Lauro Ikastolea legeztatu zaneko 50. urteurrena. Orduan Resurreccion Maria Azkue eban izena eta bi hizkuntzatan (euskeraz eta gaztelaniaz) eskolak emoteko legeztatutako lehenengo ikastolea izan zan. Euskaltzaindiaren babesarekin lortu eban.

Urteurrena ospatzeko, pasa dan astean, hilaren 23an, Bilboko Arte Eder Museoan, omenaldia egin jaken ikastolea sortu ebenei eta euren oinordekoei. Ondoren, plaka bat bistaratu eben Bilboko Elkano kalean, han kokatu zalako ikastolea 1966. urtean. Julita Berrojalbiz zanaren alabeak bistaratu eban oroimenezko plakea. Berrojalbiz Lauro Ikastolearen sortzaile eta lehen zuzendari pedagogikoa izan zan.

Gaur egun, Loiun, Lauroetako Goitiko Anzubiagan kokatuta dago Lauro Ikastolea eta 3 eta 18 urte bitarteko 1.922 ikasle ditu. Kooperatibako bazkideak 1.200 dira eta ikasle ohiak, barriz, sei milatik gora.


1.- Zorionak urte honeetan guztietan egindako lanagaitik eta eredu izaten jarraitzeagaitik. Lauron ibilitako asko nabarmendu dira gero gizarteko arlo bat baino gehiagotan eta hori ez da kasualidadea...

Eskerrik asko, bai. Holantxik da. Urteotan guztiotan milazak lagun pasau dira hemendik eta egia da arlo bat baino gehiagotan nabarmendu dirala batzuk, aktoreak, musikariak, politikoak eta abar baina anonimoak dira gehienak eta esango neuke danak dagozala pozik Lauron ikasi dabelako.

Ganerakoan, harro gagoz ikastolearen aitzindari, hazi, eredu eta bide urratzaile izan ziranakaz eta oraintsu egin geuntsen autortza-omenaldia oso hunkigarria izan zan, merezidu eben holako autortza bat eta oso gustora geratu gara.


2.- Noiztik zagoz Lauroko zuzendari-kudeatzaile zereginetan?

Bederatzi urte daroadaz zuzendari-kudeatzaile lanetan eta oso gustora nabil. Lauro Ikastolako ikasle ohia naz, 92. urtean amaitu neban eta gaur egun Ikastolako ama be banaz.


3.- Orduko sortzaileak omentzeaz gan, Bilboko Elkano kaleko 6. zenbakian plakea bistaratu zenduen aurreko astean. Lauro Ikastolearen eta Euskaltzaindiaren ikurrak ditu eta holan dakar: Hemen kokatu zan 1966an R.M. Azkue Ikastolea, gaur Lauro Ikastolea dana, familien ekimenez eta Euskaltzaindiaren babesagaz, euskaraz irakasteko legeztatu zan lehena. Izan ziralako gara, garelako izango dira. 2016ko zezeilaren 23an.

Bai. Izan ziralako gara, garelako izango dira, holan bermatzen dalako etorkizuna. Guretzako oso garrantzitsua zan R.M Azkue sortu eben personak omentzea eta egin eben lana autortzea. Julita Berrojalbiz, arlo pedagokikoan, Tere Rotaetxe, kudeaketa arloan eta eurekaz batera egon zan bildurrik bako eta borondate handiko emakume talde baten lana erabagiorra izan zan. Bolada gogorra bizi izan eben, diktadurea egoan indarrean eta euskal usaineko guztia galarazota egoan arren, aparteko ahalegina egin eben euskeran eta euskal kulturan oinarritutako hezkuntzearen alde. Bidegile izan ziran, legeak aldatu zituenean eta ofiazialtasunerantz jo behar zala ikusi ebenean, ez eben atzera egin eta Euskaltzaindiaren babesari eta Foru Aldundiaren baimen bati esker aurrera egin eben.


4.- Gure jakintza, gure askatasuna lemea be agiri da lauro Ikastolearen logoan...

Bai. Lauro Ikastolearen sorreratik nabarmentzen dogun lemea da. Indar eta esangura handiko esaldia da, jakintzeak, jakituriak libre egiten gaitualako. Zenbat eta gehiago ikasi, zenbat eta jakituria gehiago pilatu orduan eta erosoago eta libreago, autonomoago sentiduko gara bizitzan edozer egiteko.


5.- Xabier Peñak eta Julita Berrojalbizek abiarazo eben Bizkaiko ikastolen mobimentua 1957an, San Nikolas eleizako gela batzuetan, hamalau ikaslegaz eta Mª Angeles Garai andereñoagaz. Gaur egun erraza da ikastolen alde egitea baina orduko denporetan adorea baino zeozer gehiago behar zan zeregin horretan...

Duda barik. Bildurrik barik, ausardiaz jokatu eben. Ilusinoa eta borondatea be azpimarratuko neukez.

Momentu gogorrak bizi izan zituen. San Nikolasetik Iralabarriko frantziskotarren egoitzara joan ziran gero umeak eta irakasleak; eta aurrerago Gobernadore Zibilaren aginduz, hau be itxi egin behar izan eben.

1960an, etxe batean hasi ziran eskola emoten, gero beste batean... 1966. urtera arte; etxerik-etxeko epearen amaierea, legeak halabeharrez ekarri eban: 1965an Hezkuntza Legea aldatu egin eben eta beste gauza batzuen artean ikasleek Eskolaridade Kartilea behar eben Batxilergora igaro ahal izateko. Orduan erabagi eben Julita Berrojalbizek eta bere taldeak ofizialtasunerantz jo behar ebela.


6.- San Nikolasetik Iralabarriko frantziskotarren egoitzara, eskolak etxeetan emon zituen gero eta, azkenean, legeztatze prozesuari be ekin behar izan eutsien. Ez zan bape erraza izan ze ezinbestekoa zan lege barruko erakunde baten arauzko titulartasuna eta babesa eta hor agertu ziran Euskaltzaindia eta Alfontso Irigoien...

Bai, ezinbestekoa izan zan Euskaltzaindiaren babesa. Julita Berrojalbizek Euskaltzaindiko idazkaria zan Alfontso Irigoienengana jo eban babes eske eta ikastoleari babesa emotearen aldeko proposamena 1966ko urtarrilaren 28an onartu eban Euskaltzaindiak. Gero, Irigoienek Bizkaiko Foru Aldundiari ikastolaren aldeko agiria eskatu eutson. Hori lortuta, maiatzaren 25ean idatzi eutson Madrileko Hezkuntza Ministerioko Lehen Hezkuntza Zuzendari Nagusiari ikastolea legeztatzeko arauzko eskabidea. Behin-behineko baimena lortu ondoren, ikastolea lanean hasi zan. Legezko baimena, barriz, ez zan heltzen. Azkenean, Julita Berrojalbiz, Tere Rotaetxe eta Alfontso Irigoien Madrilera joan ziran. Apirilaren 17an, Lehen Hezkuntzako zuzendariak behin eta barriro esan eutsen ez zala posible legeztatzea eta esperantzarik barik bueltau ziran Euskal Herrira. Halan da be, bost egun barru, legeztatzearen barri emoten eban telegramea heldu zan. Erabagia 1968ko maiatzaren 7an argitaratu zan Espainiako Aldizkari Ofizialean.


7.- Bilbotik Loiura salto egitea, Loiun gaur dozuezan instalazinoak eregiteko prozesua be ez zan bromea izango. Zeintzuk izan ziran zailtasunik handienak?

R.M Azkue 1966tik txiki geratzen zala eta gitxieneko eta oinarrizko baldintza batzuk, beste eraketa eta azpiegitura bat behar zirala ikusirik, etorkizunerako proiektua finkatu guran, gurasoek eta erabagi eben kooperatiba alkartea sortzea. Hamasei personako Batzordea osotu eben ikastola barriaren proiektua aurrera eroateko eginkizunagaz eta horretarako guraso bilera ugari, alkarrizketak eta galdekizun zehatzak be egin zituen, zerbitzu muetak erabagiteko, diru-ekarpenak, prezioak eta bestelakoak.

Eraikin barria Bilbon ezin zan eregi, proiektuak eskatzen eban lur azalereagaitik, eta Bilboko Udalaren gomendioz, Loiu aldera abiatu ziran. Bertako Lauroeta auzora, hain zuzen be. Izenaren aldaketea be hortxe izan zan ordura arteko R.M Azkue Lauro izango zan aurrerantzean, Lauro txikerra izeneko baserri baten izena hartuta.


8.- Lauro Ikastolea, Kooperatiba Alkartea da, euskerea ardatz hartuta, neska-mutikoen heziketa integrala eta nortasunaren garapena helburu dituana. Zeintzuk dira Lauro Ikastolearen helburuak?

Zeuk esan dozu neska-mutikoen heziketa integrala eta nortasunaren garapena da helburua, persona libreak, konprometiduak, solidarioak, toleranteak, erantzuleak, gizartean eredu izan daitekezanak eta euren inguru eta munduaren hobekuntzan parte hartzeko prest egongo diran personak dira gure helburua. Hori guztia, euskeran, euskal kulturan eta giza-eskubideen errespetuan oinarrituta. 


9.- Euskaltzaindiak osoko Bilkurea Lauron egitea, Lauro Ikastolearen historia batuko daben liburua eta erakusketea, Maitane Rotetaren 50. urteurreneko logoa dira, besteak beste, 50. urteurreneko ekitaldiak. Besterik nabarmenduko zeunke?

Bai, Euskaltzaindiak osoko bilkurea egin dau hemen, Ikastolako aitzindariei egin geuntsen omenaldia, gure 50 urteko historia batzen dauen liburua, Maitane Rotetak irabazi eban logo lehiaketea eta Aste Santuan izango doguzan kirol txapelketak nabarmenduko neukez. Urte osoan zehar izango doguz ekitaldiak eta urteurreneko ekitaldiakaz amaitzeko abenduaren 3an, euskerearen nazinoarteko egunean, Bilboko Euskalduna jauregian ekitaldi bat egingo dogu gure ikasleek be parte hartzeko aukerea izan deien. 


10.- Julita Berrojalbiz Lauro Ikastolearen sortzaile eta lehen zuzendari pedagogikoa izan zanaren izena jarriko jako Bilboko kale bati. Zelan baloretan dozu hau?

Benetan eskertzen dogu Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen proposamena, guretzat ohore handia da, Julita Berrojalbiz erabagiorra izan dalako ikastolen mobimentuan oro har eta Lauro Ikastolearen sorreran beren-beregi. Alkateak berak emon eban horren barri, Remigio Villariño maisua kalea Julita Berrojalbiz kalea izango dala, hain zuzen be. Memoria historikoaren legeari esker, izen frankistak kentzeko Udalak hartu dauen konpromisoa da eta frankismoagaz bat egindako maisuaren izena dauen kaleak frankismoari aurre eginez bestelako heziketa proiektu baten alde gogor egin eban emakume baten izena izango dau aurrerantzean, gauzak ondo, martiaren amaieran edo egingo da aldaketea Mallonako galtzaden ondoan dagoan kalean.


11.- 50 urte joan dira baina geldi egoterik ez dagoanez, zeintzuk dira datozen 10 urteotarako erronka nagusiak?

Gaur egungo martxan eta gaur egungo eta gure betiko helburuei eutsiz beharrean jarraitzea ez da gitxi, euskeran eta euskal kulturan oinarrituta, gazteen konpetentziak garatzea, baloredun persona izaten ikasi deien bide emotea. Hortik aurrera, legearen aldetik ze gorabehera egongo dan ez dago jakiterik baina gure ereduari, gure estilo propioari eustea da asmoa.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu