Euskal Herriko bost uriburutako alkateek euskerearen erronkak aztertu ditue
2016-02-26 09:33 Euskerea berbagaiMondragon Unibersidadeko Humanidade Fakultadeak antolatu dau topaketea. Iruñea, Gasteiz, Bilbo, Donostia eta Mauleko alkateak, bostak euskaldunak, batu dira mahai-inguruan, euskereagaz dituen hartu-emon eta erronkak azaltzeko. Hitzordua Eskoriatzako kanpusean izan da, arratsaldeko 17:00etan.
Euskal Herriko hiriburuetako alkateak: Euskararekiko harremanak eta etorkizuneko erronkak izenburupean egin dabe topaketea. Bertan egon dira Joseba Asiron Iruñeko alkatea, Gorka Urtaran Gasteizkoa, Juan Mari Aburto Bilbokoa, Eneko Goia Donostiakoa eta Michel Etchebest Maulekoa.
Euskal Herriko zazpi uriburuetako alkateen artetik bostek euskeraz jakitea mugarria dala azaldu dau Mondragon Unibersidadeak, eta hori aprobetxauta antolatu dauela jardunaldia, Huhezi fakultadeko Euskera Batzordearen urteroko egitarauaren barruan. Uriburuetako bakotxean desbardina da euskerearen egoerea eta bakotxak bere udalerrian ze erronka dituan azalduko dabe alkateek.
Topaketearen lehenengo zatian, parte-hartzaile bakotxak azaldu ditu bere udalerriko egoerea eta bihar-etzirako erronkak eta ze neurri hartzen dabilzan euskerearen inguruan. Bigarren zatian, alkate bakotxak euskereagaz dituan hartu-emonak jorratu ditu.
Euskerea normaltasunez erabiltea eta esparru guztietan. Hegoaldeko lau alkateek (Bilboko Juan Mari Aburtok, Gasteizko Gorka Urtaranek, Donostiako Eneko Goiak eta Iruneko Joseba Asironek) eta Zuberoako alkate batek (Mauleko Michel Etchebestek) azpimarratu daben erronkea da hori.
Bilboko alkate Juan Mari Aburtok azaldu dauenez, Bilbok Euskerearen Aholku Kontseilua sortu dau lehen aldiz, Euskaltzaindiagaz eta euskerazko sorkuntza eta irakaskuntza sektoreakaz dituan lan-harremanak sendotu ditu eta urian euskerearen inguruan antolatzen diran ekitaldi guztietan parte hartzen dau. Alkatearen berbetan, Bilbo eta euskerea eskua alkarri emonda doaz. Bilbo euskaldunagoa nahi dogu, eta horixe da agintaldi honetarako proiektu estrategikoetako bat. Euskerea jakin, erabili eta sustatu egin behar da. Berba batean: Maitatu.
Donostiako alkate Eneko Goiak azaldu dauenez, euskerea etxeko hizkuntzea izan da, ama hizkuntzea. Neure-neurea dan zeozer da, maitea, eta, zorionez, bizia. Ikasketak be euskeraz egin dodaz eta familian, kalean zein lan ibilbidean erabilzeko aukerea izan dot eta gaur egun be bai.
Alkatearen berbetan, Donostia uri euskalduna da eta Donostiako Udalean be euskereak bere lekua dau, lan hizkuntza lez oso zabalduta dagoalako. Donostia, Euskerearen Uria lez ezaguna da, eta erakunde zein botere publikoek ardura berezia dogu euskerearen erabilerea bermatu eta bultzatzen. Datozen urteotako erronka dira erabileran ahalegin berezia egitea, gazte jenteak dogun altxorraz jaubetu eta bizirik mantendu daian. Horretarako, esparru zahar zein barriak eskuratu behar ditu: kalea, aisia, jolasa eta, zelan ez, Internet eta teknologia barrien esparruak. Euskerea normaltasunez erabiltea da erronkea, bere iraupena eguneroko errealidade izan daiten.
Iruñeako alkate Joseba Asirón alkateak adierazo dauenez, nire aitaren familia Elizondokoa zan; euskalduna izatea zan haren patua, bere arbasoak ziran legez, baina gerra zibila dala eta kanpora joan behar izan eben eta ezin izan eban ikasi. Gaur, bere biloba guztiak euskeraz berba egiten dabe naturaltasun osoz. Nik neuk, heldua nintzala ikasi neban, baina orain nire egunerokoaren hizkuntza naturala da, lanean, familian eta lagunakaz.
Alkatearen esanetan, Iruñean euskereak atzera egin eban 90. hamarkadan baina geldiro-geldiro euskerea berreskuratzen goaz. Hau ez da izan erakundeek egindako lanagaitik, jentearen borondateari esker baino. Lan asko dago egiteko Iruñean euskerearen inguruan, urteetan zehar hizkuntza desagerrarazo nahi izan da, ia-ia arrotz egiteraino. Gure erronkea euskereak erabilera lekuak berreskuratzea da, horretarako herritarren hizkuntza eskubideak bermatuz eta euskera urian normalizatuz. Administrazinoan be euskerearen erabilerea normaldu nahi dogu, euskalgintzeagaz alkarlana indartu, eta aurrekontuetan be handitu egin dogu euskereari bideratutako partidea.
Gasteizko alkate Gorka Urtaranek zehaztu dauenez, euskerea unibersidade-garaian ikasi neban. Euskaltegira joaten nintzan 20:00etatik 22:00etara, eta oporrak barnetegira joateko aprobetxetan nituan. Garai hori oso atsegina izan zala uste dot, asko disfrutau neban eta lagun asko egin nituan.
Legealdi honetarako erronkei jagokenez, Gorka Urtaranek konpromisoa hartu dau Euskera Zerbitzuari egonkortasun handiagoa eta baliabide gehiago emoteko, Euskerearen Sektore Kontseilua berreskuratzeko eta Oihaneder Euskerearen Etxea bultzatzeko eta Gasteiz antzokia martxan jarteko. Gainera, gogotik saiatuko da Euskerearen Erabilerea Normalizetako Udal Plana eta 2013-2017 aldirako Euskerea Bizibarritzeko Plan Nagusia garatzen. Era berean, aurrekontuak handituko ditu helduen euskera-irakaskuntzan, familia-transmisinoan, aisian eta denpora librean, saltokietan eta ostalaritzan, kulturan eta komunikabideetan.
Unibersidadeko kideentzat zein interesa dauen beste edonorentzat aproposa izan da jardunaldia, Mondragon Unibersidadeak azaldu dauenez. Hori bai, bertan egoteko izena emon behar izan da helbide honetan: harrera.huhezi@mondragon.edu.
Edozelan be, hurreratzerik izan ez dabenentzat, mahai-ingurua streaming bidez jarraitu ahal izan da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!