III. Sail in Festival jaialdiak belearen munduko uriburu bihurtuko dau Bilbo
2016-02-25 13:22Martiaren 4tik 6ra Bilbo, itsasgizon, arraunlari, abenturazale eta itsasoa maite daben askorentzako topagunea izango da, izan be, 10 herrialdetako 24 film ikusi ahal izango ditue, argazki-erakusketak bisitau eta itsasoko kirol horren munduko nazinoarteko edukirik onenak dituen berbaldi nahiz aurkezpenetara hurerratzeko aukerea izango dabe.
Sail in Festival beleari lotutako kultureagazko interesa daben personentzako topagunea da, eta beleagaz nabigatzearen artea sustatzea eta zabaltzea dau helburu. Nazinoartean, ekitaldi bakarra dogu hau, eta bi edizinoren ostean, munduan erreferentzia izatea lortu dau, programazinoaren, konbidautako persona ospetsuen eta programautako jardueren kalidade onari esker.
Martiaren 4tik 6ra Bilbo, hirugarren urtez jarraian, belearen alorreko munduko uriburu bihurtuko da barriro be. Bizkaiko uriburua itsasgizon, arraunlari, abenturazale eta itsasoa maite daben askorentzako topagunea izango da, izan be, 10 herrialdetako 24 film ikusi ahal izango ditue, argazki-erakusketak bisitau eta itsasoko kirol horren munduko nazinoarteko edukirik onenak dituen berbaldi nahiz aurkezpenetara hurerratzeko aukerea izango dabe.
Jaialdiari martiaren 3an, eguena, emongo jako hasierea BBK Aretoan, 19:00etan. Bertan, The Weekend Sailor nazinoarteko filma estreinauko da, 1973. urtean Whitbread Round The World txapelketako lehenengo estropadea irabazi eban Ramón Carlín mexikarraren istorioa kontetan dauena. BBK Aretoan berbaldiak eta filmak barne hartzen dituen 9 saio programau dira.
Martiaren 5ean, zapatuan, belearen nabigazinoan mitoa dan Sir Robin Knox-Johnston-i omenaldi berezia eskainiko jako. 1969. urtean bakarrik eta eskala barik munduari birea emon eutson lehenengo estropadearen irabazlea da eta Bilboko ekitaldira etorriko dala iragarri dau. Beste itsasgizon garrantzitsu batzuek be jaialdian hartuko dabe parte, besteak beste, Javier Bubi Sansó, Tanguy de Lamotte edo Rafa Trujillo. Ganera, kultura ingelesaren ordezkariak eta konbidadu bereziak bertan izango dira.
Bestalde, Bilboko Itsasadarreko Itsas Museoak argazki-erakusketa bat hartuko dau, Volvo Ocean Race estropadako ontzi batean 24 orduz egoteari buruzkoa. Horrezaz gan, 2 masterclass egongo dira nazinoarteko aintzatespen nabarmena daben hizlari bigaz: Alex Pella eta Jordi Griso itsasgizonak.
Bilboko Metroan, barriz, Christophe Launay argazkilariaren atzera begirako argazkiak formatu handian jarriko ditue. Artistea kartelean agiri dan argazki ikusgarriaren egilea da, baita belearen esparruan munduko argazkilaririk garrantzitsuenetako bat be.
III. Sail in Festival jaialdiak hainbat atal ditu:
• SAIL in Films: jaialdiaren atal nagusia da, belearen mundua ardatz daben film luze, film labur eta dokumentalakaz: txapelketak, abenturea, ingurumena eta hezkuntzea.
• SAIL in Talks: mahai-inguruak, filmen estreinaldiak, estropaden aurkezpena eta itsasgizon zein protagonistek komentautako proiekzinoak.
• SAIL in Expo: gaur egungo itsasoko argazkigintzearen profesional onenen lanen erakusketea, munduko txapelketa garrantzitsuenetako argazkiakaz.
• SAIL in Class: maisu-eskola, belearen munduko ordezkari garrantzitsuek euren ezagutzak konpartidu deiezan.
Hiru egoitzatan egongo dira jarduerak:
• BBK Aretoa (Kale Nagusia, 19-21). Egoitza horretan SAIL in Films ataleko filmak proiektauko ditue eta SAIL in Talks ataleko berbaldiak eskainiko ditue konbidautako lagunek. Era berean, Mirabaud Yacht Racing Image 2015 argazki-erakusketearen egoitzea izango da.
• Bilboko Itsasadarreko Itsas Museoa (Ramon de la Sota kaia, 1): SAIL in Class ataleko eskolak emoteko egoitzea eta 24 horas a bordo argazki-erakusketearen egoitzea.
• Bilboko Metroan (Indautxu, Moyua, San Mames eta Santurtzi geltokiak): Christophe Launay argazkilariaren atzera begirako erakusketearen egoitzea.
Programazinoa osorik ikusteko klik egin hemen.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!