Bilboko Injinerutza Eskoleak bokazino teknologikoen harrobia sustatuko dau

Bizkaie! 2016-02-24 12:03   Kulturea

Urtean behin, Bilboko Injinerutza Eskoleak etorkizuneko ikasleei begiratzen deutse, unibersidaderako pausua emoteko prest dagozan gazteei, eta Injinerutzearen Aurkezpen Jardunaldiak antolatzen ditu. Zezeilaren 24an eta 25ean izango dira, arratsaldeko 16:30etik 19:00etara, eta aurreikuspenen arabera, bi jardunaldietan batxilergoko 600 ikasle baino gehiago hurreratuko dira.

Urtean behin, Bilboko Injinerutza Eskoleak etorkizuneko ikasleei begiratzen deutse, unibersidaderako pausua emoteko prest dagozan gazteei, hain zuzen be, eta Injinerutzearen Aurkezpen Jardunaldiak antolatzen ditu. Ekimen horren helburua jakituriaren adar hori aukeratuko daben gazteen harrobia sustatzea da, ikasketa horreek eguneroko bizitzan daben erabilgarritasun praktikoa erakusten dan bitartean.
 
Tranbiaren geltokiaren eta Termibusaren artean dagoan Eskolako B Eraikinak stand ugari jasoko ditu barriro be, eta Eskolako ikasleak eurak izango dira injinerutzeak eguneroko bizitzan dituan aplikazino ugariak azalduko dituenak, bertara joaten diranen atentzinoa erakarriko daben esperimentuen eta erakustaldien bitartez. Oraingo honetan, Injinerutzearen Aurkezpen Jardunaldiak eguaztenean, zezeilaren 24an eta eguenean, 25ean, izango dira, arratsaldeko 16:30etik 19:00etara, eta aurreikuspenen arabera, bi jardunaldietan batxilergoko 600 ikasle baino gehiago hurreratuko dira.

Energia eta bere modalidadeak, robotikea, zuntz optiko bidezko transmisinoa, osasun aplikazinoak, telekomunikazinoak, hizketearen teknologiak edo ingurumen arazoetarako konponbideak izango dira arreta gune nagusiak. Jarduerak titulazinoen arabera antolatu dira (energia, kontrol eta automatizazino injinerutzea, elektrikoa, industria antolakuntzakoa, mekanikoa, telekomunikazinoak...). 14 stand egokitu dira, eta baita B Eraikineko ataria bera be, zenbait erakustaldi egiteko: planta industrial automatizatua eskalan, robot mobikorrak, helikoptero baterako hegaldi simulagailua, bizikletan oinarritutako sorgailu elektrikoa, esperimentuak eremu magnetikoakaz, berpizte kardiopulmonarreko ariketak, garagardaoaren fabrikazino artisaua edo testua hizkuntza anitzetara bilakatzeko sistemea, besteak beste.


Nazinoartera begira eta titulazino bikotxak

Standetatik ibilalditxua egin aurretik, ikasleek Eskoleari eta bertako ikasketa programeari buruzko berbaldi laburra jasoko dabe. Azpimarragarriak dira Eskoleak gaur egun eskaintzen dituan titulazio bikotxak eta unibersidadeko nazinoartekotzea. Nazinoartekotze horren ondorioz, ikasturte bakotxean atzerriko ehun ikasle inguru jasoten ditu eskoleak, eta bere ikasleen artetik 200, 40 herrialdetako 169 ikastetxetan egoten dira.

Ikasgaiak baliozkotzeko edo Gradu amaierako lanak edo Masterrak atzerrian egiteko aukereagaz batera, Eskoleak aparteko garrantzia emon deutse titulazino bikotxeko akordioei. Momentu honetan akordio horreei esker hartu-emonak ditu Europako eta Ipar Ameriketako zortzi unibersidadegaz, horreen artean munduan lehen mailan dagozan ikastetxeakaz, ITT (Chicago Illinois-Tech) ospetsuagaz, adibidez. Horreei, denpora gitxi barru Frantziako injinerutza eskola bategaz eta Txinako eta Japoniako bi unibersidadegaz sinatu daitekezan hitzarmen barriak gehituko jakez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu