Rose Troche zinemagileak Zinegoak-en Ohorezko Saria jaso dau

Dabi Piedra 2016-02-22 13:48   Zinemea

Bilbora etorri da Rose Troche zinemagile estadubatuarra, Zinegoak jaialdiaren Ohorezko Saria jasoteko. Filmen eta telesailen bidez lesbianei gizartean euren lekua emoten eta emakume homosexualak ahalduntzen Trochek egin dauen ekarpena saritu nahi dabe antolatzaileek. Bere lanagaz lortu dauen oihartzuna ez ebala espero autortu dau Trochek eta asko pozten dala lesbianak ikusgarriago bihurtzen lagundu izanaz.

Bilbora etorri da Rose Troche zinemagile estadubatuarra, Zinegoak jaialdiaren Ohorezko Saria jasoteko. Filmen eta telesailen bidez lesbianei gizartean euren lekua emoten eta emakume homosexualak ahalduntzen Trochek egin dauen ekarpena saritu nahi dabe antolatzaileek. Bere lanagaz lortu dauen oihartzuna ez ebala espero autortu dau Trochek eta asko pozten dala lesbianak ikusgarriago bihurtzen lagundu izanaz.

Ibilbide luzea egin dau ikus-entzunezkoen munduan Rose Trochek (Chicago, 1964). Lesbianak gizartean ikusgarriago bihurtzeko lanean ibili zan urte askoan eta, 1994an, lehenengo filma zuzendu eban, Go fish. Goitik beherako aldaketea ekarri eban pelikula horrek, izan be, ordura arteko jokerak alboratuta, persona normal modura agertu zituan lesbianak.

Pau Guillen Zinegoakeko zuzendariak azaldu dauenez, Go Fishi esker jenteak ikusi eban lesbianak beste edonoren modukoak dirala, euren bizimoduaren eta gorabeheren aldetik. Barritasuna izan zan hori eta lesbianentzat aurrerapausoa izan zan, dino Guillenek.

Rose Trochek azaldu dauenez, Life out of the balance berba bako film esperimentala ikusten otu jakon film bat egitea. Ez nekian ezer zinemagintzaz, gauza bat baino ez nekian: zinemea egin nahi nebala, adierazo dau. Holan, baliabide gitxi-gitxigaz sortu eban Go fish. Film apala, lesbianen komunidadeari zuzendutakoa izan arren, arrakastea sekulakoa izan zan, holako oihartzunik ez neban espero, dino Trochek. Erreferentzia bihurtu da Go fish LGTB zineman.

Hiru film luze egin eta telebistara salto egin eban gero Trochek. Hor be, The L Word telesailagaz oihartzun handia eskuratu eban eta barriro erreferentzia bihurtu zan lesbianak irudikatzeko orduan, estereotipoetatik urrun. Emakume protagonistak poteretsuak eta ederrak dira eta horregaz errealidadetik apur bat urrundu zala onartu arren, Trochek dino lesbianak ahalduntzeko balio izan ebala irudikapen horrek.

Zinemea, telebista, produkzinoa, teknologia barriak eta abar. Danetariko formatuetan ibili da, eta dabil, Rose Troche. Garrantzitsua da aldatzea, egokitzea, adierazo dau. Hori bai, zinemearen industriari kritikea egin deutso, sorkuntza askerako nahikoa tarterik ez dabelakoan lagatzen. Horregaitik, Pau Guillenek Trocheren ikutu berezi eta independentea goraipatu dau: Gizonek gidatutako sektore baten emakumeen ekarpena azpimarratu nahi dogu Rose Trocheri Ohorezko Saria emonda, kalidadez eta gozotasunez betetako filmak egiten jakin dau.

Bere lanaren alderdirik politenetako bat emakume askorentzat erreferentzia izatea da, Trocheren esanetan. Go Fish atara genduanean, jenteak esaten eustan azkenean euren burua ikusi ebela zineman. Kalean edo metroan, emakume batek baino gehiagok esan izan deutso Go Fishi esker familiari lesbianea dala esateko adorea batu dauela. Istorioak kontetearen indarra da hori, adierazo dau Trochek.

Arriaga antzokian emon deutsie Rose Trocheri Zinegoaken Ohorezko Saria, zinema-jaialdiaren hasikerako galan. Pau Guillenek azaldu dauenez, saria, alde batetik, Trocheren ibilbidea omentzeko da, baina beste alde batetik, emakumeek ikus-entzunezkoen munduan daukien garrantzia aldarrikatu nahi dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu