Ariketa barriakaz eta bertso giro bikainean abiatu da Barañainen Bardoak txapelketearen bigarren fasea
2016-02-22 13:00 BertsolaritzeaAzkenean, Obario Maldikoak taldearentzat izan da jokoan egoan puntua. Datorren martiaren 4an Iruñean jokatuko dan itzuliko saioan erabagiko da Bardoak txapelketako ligaxka honetako zein taldek egingo dauen sailkapenean aurrera. Dana dala, saio horren aurretik bigarren faseko beste saio bat jokatuko da: zezeilaren 26an izango da hitzordua Leitzako Atekabeltz gaztetxean 22:00etan hasita.
Pasa dan barikuan izan zan hitzordua Barañaingo Haizea alkartean eta beste behin be 70 bertsozaletik gora batuta, giro parebakoan ekin eutsien Bardoak txapelketako fase barriari. Barañain/Berriozarko Hiru garabardo eta pintxo bat taldea (Sarai Robles, Mikel Lasarte, Ainara Ieregi) eta Iruñeko Obario Maldikoak (Saioa Alkaiza, Irati Majuelo, Aimar Karrika) izan ziran kantuan.
Hasierako agurretan txotxongiloak, bertsoak eta musikea buztartu zituen eta hainbat ariketa barri planteauta (Habaneran zein Juana Bixenta doinuan taldekideen artean, Segidillan...), publikoagaz bat egitea lortu eben bertsolariek. Oso saio umoretsua osotu eban seikoteak eta aurkezle lanetan ganera Barañaingo gaztetxuen bertso-eskolako kideak izanik, aparteko giroa sortu zan bertsozaleakaz.
Azkenean, Obario Maldikoak taldearentzat izan zan jokoan egoan puntua. Datorren martiaren 4an Iruñean jokatuko dan itzuliko saioan erabagiko da ligaxka honetako zein taldek egingo dauen sailkapenean aurrera.
Dana dala, saio horren aurretik bigarren faseko beste saio bat jokatuko da: zezeilaren 26an izango da hitzordua Leitzako Atekabeltz gaztetxean 22:00etan hasita. Kantuan, Leitzako Atekaberts eta Lesakako Unibertsolariak taldeak izango dira.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!