Itziar Idiazabal: 'Hizkuntza txikien alde eginda, gizarteak balio ekonomikoak gehiago garatzeko aukerea dau'
2016-02-22 09:26 BarriketanUnesco Katedrearen koordinatzailea
Hizkuntza aniztasunaren aldeko mezua zabaldu da Ama Hizkuntzearen Nazinoarteko Egunean eta, batez be, hizkuntza txikiak babesteko beharra azpimarratu da. Unesco erakundeak antolatzen dau Ama Hizkuntzearen Eguna, zezeilaren 21ean. Horren harira, astelehenean, hilak 22, jardunaldi berezia antolatu dabe EHUren Unesco Katedreak eta Azkue Fundazinoak, Bilboko Euskerearen Etxean. Europako hizkuntzen aberastasuna erakusten dauen mapea aurkeztu dabe bertan. Unesco Katedrako koordinatzaile Itziar Idiazabalegaz egin dogu berba eta hizkuntza txikien alde egiteak daukazan abantailak nabarmendu ditu. Izan be, hizkuntzak danon altxorra dirala dino.
1.- Ama hizkuntzearen nazinoarteko eguna ze helburugaz antolatzen da?
Nazino Batuen Erakundeak Unescori egindako proposamen batetik dator hau, 2000. urtean ospatu zan lehenengoz. Sasoi haretan munduko hizkuntza aniztasunaren galerearen kontzientzia zabaltzen hasi zan eta Unescok arazo horren barri emoteko ardurea bere gan hartu eban. Izen ofizialaren arabera ama hizkuntzearen eguna dan arren, batez be hizkuntza gitxituen egun moduan hartzen da. Guk, euskaldunok, hizkuntza gitxituak bizibarritzeko atxakia edo aukera legez hartu izan dogu beti. Hau ez da kontu barria, Unescok berak 1954an beste antzeko ekimen bat ipini eban martxan, orduko haretan eskoleagaz lotutakoa, hau da, ama hizkuntzak babesteko eskolea ezinbestekoa zala esan eban. Ama hizkuntza guztiak ez dagoz egoera berean, beraz danek ez daukie beharrizan bardina. Hasikera batetik, beraz, hizkuntza gitxituak jagotea izan da asmoa, Unescok eta hizkuntza aniztasunaren alde gabilzan erakunde guztiok holan ulertzen dogu.
2.- Hizkuntza txikiek euren inguruko hizkuntza handi eta poteretsuen artean bizirauteko arazoak daukiez; horren aurrean Unescok, Ama Hizkuntzearen Egunaren bidez, zer proponiduten dau?
Lehenik eta behin, hizkuntza txikiak ezagutzera emon behar dira, ezagutzen ez danaren alde ezin da egin. Hizkuntza aniztasunaren egoera larriaz, galeraz, ohartarazotea da lehenengo helburua. Beste alde batetik, hizkuntza batzuk gitxiagotu edo txiki bihurtu dituen baldintzak aztertu behar dira eta hori konpentsetako neurriak hartu. Bide horretan, komunidade guztietan, beti lehenengo ikutu izan dan alorra hezkuntzea izan da, baliabide garrantzitsua dalako. Hizkuntza aniztasuna hezkuntza aberatsari lotuta dago. Hizkuntza guztiek euren hezkuntza edo eskola-sistemea behar dabe aurrera egiteko. Hizkuntza askotako hiztunek, gaur egun, oraindino ez dabe hori lortu, kanpotik heltzen jake hezkuntzea eta normalean eurena ez dan hizkuntzan izaten da hori. Munduko hizkuntza gitxituen % 90 inguru dagoz beharrizan horretan.
3.- Euskerearen kasuan, hezkuntza sisteman behinik behin sartuta dago.
Euskereari jagokonez, gurean be hezkuntzak eginbehar garrantzitsua dauka eta orain arte egindako guztiak poztu egin behar gaitu, baina zeregin handia daukagula ahaztu barik. Bestetik, uste dot komunikabideak dirala normalizazinoan aurrera egiteko beste ardatzetako bat eta, batez be, internet eta ziberespazioan dagozan baliabide horreek guztiak oso garrantzitsuak dira. Euskerea ezagutarazoteko, erabilerea bultzatzeko, jarrerak aldatu eragiteko eta abar, inportanteak dira komunikabideak.
4.- Elebitasunaren edo eleaniztasunaren aldeko mezua zabaltzen da Ama Hizkuntzearen Egunean. Ze onura dakarz hizkuntza bat baino gehiago jakiteak?
Funtsezkoa da honetaz berba egitea, bai. Izan be, gaur egun, munduan aginte handiena daukien estadu edo erakunde gehienek sistema elebakar bategaz funtzionetan dabe. Hori arazo bat da, azken baten, gizakiaren osagai nagusietako bat ez dauelako kontuan hartzen: Elebidun edo eleanitz izateak emoten deutsun abantailea, munduan daukazun lekua hobeto ezagutzeko eta ganerakoak beste perspektiba osoago batetik ikusteko. Ez zoaz munduan zehar danak zure modukoak dirala pentsetan, zuk daukazuzan konplexutasunak besteek be badaukiezala ulertzen dozu. Horrezaz gan, maila indibidualean, ikerketek erakutsi dabe hizkuntza bat baino gehiago dakiezenek ezagutzarako malgutasun eta baliabide gehiago daukiezala, inguratzen dituen mundua hizkuntza desbardinen bidez ikusiteak abantailea dakar.
5.- Batzuek dinoe, baina, hizkuntza txikiak bultzatzea alferreko gastua baino ez dala.
Kontrakoa dala uste dot nik. Gizartean hobeto kokatzeko aukerak emoten ditu eleaniztasunak, jenteagaz ulermen eta integrazino gehiago lortzeko modua eskaintzen dau. Horrek guztiak balio ekonomiko handia emoten deutso personearen jardunari. Enpresak, komunikabideak, merkataritzea, turismoa eta abar hobeak dira hizkuntza baten baino gehiagotan lan egiteko gaitasunari esker. Hizkuntzea ez da balio estetiko edo moral hutsa, polita dalako hizkuntza bat baino gehiago jakitea; hizkuntzea balio ekonomikoa daukan zeozer be bada, hizkuntza txiki baten alde egiten dauen gizarte batek balio ekonomikoak be gehiago garatzeko aukerak ditu eta hori gero eta garbiago ikusten gabilz, hainbat ikerketak holan dinoe. Edonorentzat balio handia dau hizkuntzak ikasteak, batez be hizkuntza txiki baten alde egiten bada.
6.- Sarritan hizkuntza txikiak gitxietsi egiten dira, ez jake baliorik emoten. Nondik dator mentalidade hori?
Tradizino handi bat dago, 19. mendetik honakoa, elebakartasuna egoera idealtzat daukana. Ganera, hizkuntza bat euki behar izan ezkero, onena handiena, poteretsuena aukeratzea dala esaten dau idea horrek. Ikuspegi hori oso garatuta dago, gaur egun be, munduan agintzen daben gehienek hori daukie buruan. Kontzeptu hori aldatzea gatxa da, eta gailentzen dan eredua elebakartasunarena bada, hizkuntza txikietako hiztunek ezinbestean beste hizkuntza handiago bat aukeratu behar dabe eta eurena baztertu. Hizkuntza bigaz aberatsago garela dinoan idea ez dago oraindino nahikoa zabaldua, ez jako balio nahikorik emoten. Begira Espainian, Frantzian, Estadu Batuetan, Erresuma Batuan zein dan eredua. Politikariak ez dozuz ikusten euren herrialdeko bi edo hiru hizkuntza nasai-nasai erabilten, bakarra, nagusia, aukeratzen dabe beti.
Hizkuntza poteretsu bategaz beste txikiago bat ordezkatzea txarra da, baina elebakartasunaren aldeko tradizino horrek ekarri dauena da. Hizkuntza txiki bateko hiztunak ikusten badau bere hizkuntzea ez dala inon agiri, beste poteretsuago bat hartzeko jokerea hartzera bultzatuko dau horrek. Euskaldunok be izan doguz gorabeherak, baina uste dot, gaur egun, garbi daukagula gehienok: hizkuntza batek bestea ordezkatu baino, hobea dala hizkuntza bat baino gehiago erabiltea.
7.- Euskerearen eta gaztelania edo frantsesaren arteko elebitasun orekatua lortzea posible ikusten dozu?
Nik uste dot elebitasun orekaturik ez dala esistiduten eta ez dot uste helburua hori izan behar danik be. Elebitasun orekatua zer dan be ez dakigu oso ondo. Hizkuntza gitxituetatik gatozanoi ipini deuskuen tranpa bat baino ez dala uste dot. Esan jaku, elebidun izateko, orekatua izan behar dala. Euskereak zailtasunak ditu bere erabilera normala izateko eta hori lortzeko eten barik burrukan ibili beharko dogu. Gure bizitzan ezinbesteko tensino bat izango da hori, bikotekidea eukitearen modukoa da: bikotekidea eukiteak esan nahi dau norberak be ahalegin bat egin behar dauela, hizkuntzakaz bardin, landu egin behar dira. Batzuok aukera askoz gitxiago daukaguz eta aukerok indartzen ibili behar dogu. Helburua ez da biak bardin, gitxituak aukera gehiago euki behar ditu eta aukera horreei balio erantsia emoten asmau beharko dogu.
8.- Euskerearen kontrako jarrerak be badagoz gizartean. Batzuek dinoe ez dabela zertan euskeraz jakin eta euren eskubidea dala dana gaztelaniaz egitea.
Euskeraz ez jakiteko eskubidea aldarrikatzea, ezjakina izateko eskubidearen parekoa dala uste dot. Badakit ideologiak eta politikak edozer gauza justifiketan dauela, baina hori aldatu beharreko zeozer dala uste dot. Bakotxak nahi dauen moduan jantziko dau gero aldarrikapen hori, baina azken finean, ezjakina izateko eskubidea eskatzea da. Beste kontu bat da, erakunde administratiboetan hartu behar diran erabagiak, hor dagozan burrukak, enplegurako eskaintza publikoak eta holakoak. Hori ez da kontu erraza, ni ez naz aditua horretan, tirabirak egon leikezala ulertzen dot. Erabagi politikoak, hizkuntza eskakizunak, epeak eta abar, hor eretxi desbardinak egon leitekez.
9.- Euskerea, gaztelania eta abar aitatzen gabilz, baina, horreez ganera, Euskal Herrian badagoz etorkinek ekarritako hizkuntza ugari, horreek be badaukie lekua gizartean. Hizkuntzok onartu eta babesteko lanik egiten da?
Lan batzuk egin dira, hori be eskolara heldu dan erronka bat da. Gizarteak bere gan hartu beharko dauen erronkea be bada. Lehenengo egin beharreko kontu bat da, atzerritarrek dakarzen hizkuntzen aberastasuna ezagutzeko ahalegina handitzea. Askotan ez dakigu gure alboan bizi diranek badaukiela euren hizkuntzea, guk ezagutzen ez dogun altxor bat dago hor. Altxor hori eurena da, baina geurea be bada, danona. Ezagutzan asko daukagu egiteko. Gero ikusi beharko litzateke zelan tratau hizkuntza horreek administrazinoan, gizartean eta abar. Gure eskoletan, uste dot ona dala gaia lantzea, bertoko hizkuntzak ikasteko laguntzinoa emon behar jake, baina horrek ez dau esan nahi eurek dakarzen hizkuntzak ahaztu edo alboratu behar dituenik. Ez dogu ezikusiarena egin behar. Gure hizkuntzak altxorrak diran moduan, eurenak be badira altxor baliotsuak. Hori zelan integrau eskolako programazinoan, hor badaukagu erronka garrantzitsua. Gitxienez, ze aberastasun dagoan ezagutu eta horri balioa emon behar jako. Beste kontu bat da gero horreek hizkuntzak irakaskuntzako helburu bihurtu behar diran ala ez, ze oso gatxa da hori, aniztasuna handia da eta ez dago irakaslerik horreek hizkuntza guztiak ikasi edo irakasteko gai danik. Tarteko urtenbideak topau behar dira.
10.- Europako hizkuntzen mapa barria egin dozue, ze berezitasun daukaz?
Orain dala urte batzuk, 2003an, Katalunian egindako beste baten bersino barritua da hau. Datuak barriztau doguz, Europako hizkuntza guztiak ezin izan doguz jaso, baina lehenenengo bersinoan 80 inguru jaso ziran eta orain 92ra heldu gara. Hori bai, danetara, 200 eta 300 artean dagoz, ez da erraza zebaki zehatza jakitea. Irudiaren aldetik apur bat egokitu dogu 2003ko mapea, diseinua aldatu dogu eta euskeraz eta ingelesez ipini dogu. Balio didaktikoa eukitea eta hizkuntza aniztasunaren erakusgarri izatea nahi dogu. Orain mapea sortu dogu eta aurrerantzean ikusiko dogu zelan zabaldu, ze erabilera emon, baina tresna interesgarria dala uste dot. Datu gaurkotuak dakarz, 13-14 urtean gauzak aldatu egiten diralako eta gure ezagutzeak be hobera egin dauelako. Ez da erraza leku bakotxeko hiztun kopurua, ezaugarriak eta abar batzea, lan handia egin dogu. Azkue Fundazinoaren laguntzinoa euki dogu zeregin honetan.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!