Euskereak orain dala ehun urte foru aldundietan izandako lekua aztertu dabe jardunaldi baten

Bizkaie! 2016-02-19 14:34   Euskerea berbagai

Sabino Arana Fundazinoak, Euskaltzaindiak eta Zuzenbidearen Euskal Akademiak antolatuta, Euskara foru aldundien ibilbidean izeneko jardunaldia egin dabe Bilbon. Euskereak 20. mendearen lehen herenean eukitako garapena aztertu dabe, batez be administrazinoari jagokonez. Erakunde publikoak euskerea idatziz erabilten hasi ziran sasoi haretan eta horrek ekarri eban onurea azpimarratu dabe.

Sabino Arana Fundazinoak, Euskaltzaindiak eta Zuzenbidearen Euskal Akademiak antolatuta, Euskara foru aldundien ibilbidean izeneko jardunaldia egin dabe Bilbon. Euskereak 20. mendearen lehen herenean, Primo de Riveraren diktadurara arte, eukitako garapena aztertu dabe, batez be administrazinoari jagokonez. Erakunde publikoak euskerea idatziz erabilten hasi ziran sasoi haretan eta horrek ekarri eban onurea azpimarratu dabe.

Unai Rementeria eta Markel Olano, hurrenez hurren Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak, izan dira jardunaldiko gonbidatu nagusiak. Bizkaian, euskerea erabiltearen aldeko lehenengo konpromiso garbia 1917an etorri zala azaldu dau Rementeriak, Ramon de la Sota ahaldun nagusi izentau ebenean.

Bizkaiko Foru Aldundia gutunak euskeraz eta gaztelaniaz bialtzen hasi zan administrazinoaren arloko gai batzuetan, esaterako udalakaz eukan hartu-emonean. Rementeriak azpimarratu dauenez, herritarrak hizkuntza idatzia ikustera ohitu ziran.

Markel Olanok, Gipuzkoako antzeko esperientziak gogoan hartuta, honako hau nabarmendu dau: Euskaltzaletasunetik abiatuta, administrazinotik euskerea bultzatzearen garrantziaz jaubetu ziran. Andres Urrutia euskaltzainburuaren ustez, Gipuzkoa eta Bizkaiko aldundiek ahalegin handia egin eben. Administrazinorako euskera-eredua finkatzen eta euskerea hartu-emonetarako hizkuntza bihurtzen ekarpen baliotsua egin ebela dino Urrutiak.

Euskerea administrazinoan sartzeko ahalegin horretan, itzultzaileen zeregina azpimarratu dabe Bilbon egindako jardunaldian. Ikuspegi moderno batetik, terminologia zehazteko lan handia egin eben itzultzaileek. Agiri asko itzuli ziran euskerara sasoi haretan. Gipuzkoan Gregorio Mujika eta Bizkaian Juan Luis Biziola eta Mikel Arruza aitatu ditue, lan aitzindari horretan.

Euskara foru aldundien zirkularretan, Bizkaia (1917-19) Gipuzkoa (1918-23) liburua aurkezteko be erabili dabe Bilboko topaketea. Andres Urrutiak idatzi dau eta Zuzenbidearen Euskal Akademiaren Abeurrea bildumearen barruan plazaratu dabe. Izan be, euskaltzainburu izateaz gan, akademia haretako presidenteorde be bada Urrutia. Cesar Gallastegi Arantzabal eta Arantza Etxebarria Iturrateren laguntzinoa euki dau liburua idazteko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu