Konpositore erromantikoek hartuko dabe Bilbo, Musika-Musica zikloan

Bizkaie! 2016-02-16 16:53   Musikea

Erromantikoentzako zubia izenburupean, Schubert, Mendelsohn, Wagner eta Richard Strauss konpositoreak izango dira protagonista. Kontzertu nagusiak martiaren 4, 5 eta 6an izango dira Bilboko Euskalduna jauregian. Ganera, uriko auzoetan emonaldiak  egongo dira eta berbaldi ziklo bat be antolatu dabe. Guztira, 75 kontzertutan, 700 musikari profesional baino gehiago batuko ditu Bilboko Udalak eta Bilbao 700 Fundazinoak bultzatutako jaialdiak.

Erromantikoentzako zubia izenburupean, Schubert, Mendelsohn, Wagner eta Richard Strauss konpositoreak izango dira protagonista. Kontzertu nagusiak martiaren 4, 5 eta 6an izango dira Bilboko Euskalduna jauregian. Ganera, uriko auzoetan emonaldi batzuk egongo dira eta berbaldi ziklo bat be antolatu dabe. Guztira, 75 kontzertutan, 700 musikari profesional baino gehiago batuko ditu Bilboko Udalak eta Bilbao 700 Fundazinoak bultzatutako jaialdiak.

Barritasun ugari dakarz aurtengo Musika-Musicak. Esanguratsuena, egitaraua auzoetara hurreratzeko ahalegina da (Auzoz auzo programea). Holan, zezeilaren 20tik 28ra, uriko hainbat txokotan kontzertuak egongo dira: Erriberako merkaduan, Ametzola parkean, Deustuko Unibersidadean, Sarrikoko metro geltokian, Harrobia gunean, Santutxuko Karmelo plazan eta Basurtuko ospitalean.

Musika-Musicaren kontzertu nagusiak, baina, Euskalduna jauregian izango dira, urtero legez. Martiaren 4tik 6ra, bertoko eta kanpoko orkestra entzutetsuenen doinuak eta abesbatzen ahotsak entzuteko aukera ugari egongo dira, kontzertu zerrenda luzea atondu dabe eta. Antzokiko sei areto erabiliko ditue horretarako eta euretako bakotxari izen berezia ipini deutsie (adibidez, Werther aretoa, edo Schubertkadak aretoa).

Aurten, 15. edizinoan, musikari erromantikoen inguruan eratu dabe programazinoa. Batik bat, Schubert, Mendelsohn, Wagner eta Richard Straus konpositore entzutetsuek sortutako musikea entzun ahal izango da. Shakespeare idazle ingeles ospetsuaren heriotzearen 400. urteurrena dala eta, Mendelsohnek konposatutako Uda-gau bateko amesa laneko pasarteek zarratuko dabe Musika-Musica, martiaren 6an, Teresa Berganza artista konbidauaren eskutik.

Musikari eta abeslari profesionalak (700 inguru izango dira aurten) ez dira Musika-Musicako protagonista bakarrak. Izan be, konserbatorio eta musika-eskoletako kideek be aukerea daukie emonaldiak egiteko. 30 kontzertutan, 20 eskolatako kideek parte hartuko dabe, batzuk hemen ingurukoak (Barakaldo, Bilbo eta Gasteizkoak esaterako), beste batzuk urrunagokoak (Avila, Galizia eta abar).

Jaialdiaren aurkezpenean antolatzaileek nabarmendu dabenez, Musika-Musicaren helburua herritarrei musika unibersala hurreratzea da. Adierazmolde kultural esanguratsua dan musika klasikora jente gehiago erakartea eta publiko barrietara heltzea dira asmoak eta, horretarako, prezio merkeak ipini ditue (6 eta 10 euro artean). Zezeilaren 18an hasiko dira sarrerak saltzen. Hori bai, nabarmendu dabe beti goi mailako eta kalidadezko emonaldiak antolatzen dituela, bai aukeratutako obren aldetik, bai parte hartuko daben artisten aldetik be.

Musikea publiko zabalari hurreratzeko ahalegin horretan, kontzertuak ez eze, berbaldiak be egongo dira. Martiaren 2an, Euskaldunan bertan, Mercedes Albainak egingo dau berba, konpositore erromantikoez; hil horren 3an, mahai-ingurua egingo dabe hainbat adituk, Zubiak eraikiz izenburupean; amaitzeko, 6an, Mendehlson gaitzat hartuta, Mercedes Albainak egingo dau berba barriro.

Ganera, urtero legez, ikastetxeetako neska-mutilei zuzendutako egitarau didaktikoa ez da faltauko. Helburua, 8 eta 12 urteko ikasleen artean musika-zaletasuna bultzatzea da. Topaketak, kontzertu didaktikoak, tailerrak eta abar egongo dira eta eskoletan erabilteko ikas-materiala be sortu dabe.

Programazino osoa, hemen.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu