UEUk eskaintza zabala atondu dau udabarrirako

Bizkaie! 2016-02-15 11:24   Kulturea

Udako Euskal Unibersidadeak (UEU) bere udabarriko eskaintzea aurkeztu dau, on line eskaintzeari aparteko garrantzia emonez. Zezeila eta maiatza bitartean 15 ikastaro eskainiko ditu UEUk Eibarren, Gasteizen, Iruñean eta on line bidez. Azken ikasturteetan inoizko partaidetza handiena lortu dabe urtean zeharreko ikastaroek.

Udako Euskal Unibersidadeak (UEU) bere udabarriko eskaintzea aurkeztu dau, on line eskaintzeari aparteko garrantzia emonez. Zezeila eta maiatza bitartean 15 ikastaro eskainiko ditu UEUk Eibarren, Gasteizen, Iruñean eta on line bidez. Azken ikasturteetan inoizko partaidetza handiena lortu dabe urtean zeharreko ikastaroek. Euskal literaturea, Moodle, umorea hezkuntzan, sormena eta jentaurreko komunikazinoari buruzko ikastaroak izango dira, besteak beste.

Hamasei urte dira UEUren Ikastetxe Nagusia abian jarri zanetik eta urte honeetan guztietan, formazino eskaintzea zabalduz eta ugarituz joan da. Etenbako prestakuntzearen euskerazko eskaintzea egonkortu egin dau UEUk. Mari Karmen Menikak, UEUko Ikastetxe Nagusiko arduradunak azaldu dauenez, Euskerazko erreferentzia akademikoa izan nahi dau UEUk. Horretarako, Eibarko, Iruñeko, Gasteizko eta on line ikastaroak eskainiko doguz.

UEUk on line bidezko ikastaroen eskaintzea zabaltzea dau bere helburuen artean eta hori igarri daiteke udabarriko eskaintza honetan be. Ikaslego potentzial zabalago batengana heltzeko aukerea emoten dau; denpora/lekua aldagaiak norberak erabagiten ditu (etxetik egin daiteke norberak nahi dauen orduan); malgutasuna emoten dau eguneroko biziteagaz buztartzeko; eta Euskal Herritik kanpo bizi diranak be euskeraz formau daitekez.

UEUren on line pedagogia eredua personakan oinarritzen da. Personakan oinarritutako e-learning ereduan, ikasleak dira ikaskuntza-irakaskuntza prozesuaren ardatza eta baliabide teknologikoak personen zerbitzurako garatzen dira. Baliabide teknologikoen atzean adituak dagoz, ikasleek irakasleakaz hartu-emon zuzenak ditue, eta irakasleek ikasleen ikaskuntza prozesua gidatzen eta dinamizetan dabe, ikasleari ezagutzea eregiteko bitartekoak eskainiz.

Baina horregaz batera, ikasgelako edo aurrez-aurreko ikastaroen eskaintzeari be eusten jako. Bide horretatik datoz 2016ko udabarriko ikastaroak, eskaintzearen herena on line izango da eta ganerakoak ikasgelakoak.

- On-line eskaintzea: Euskal Literaturearen irakaskuntzea Bigarren Hezkuntzan; Euskal Mitologia: kultura ondarea; Zelan dinamizau komunikazinoa Moodlen; Matematika eskuakaz eta baliabideakaz Haur Hezkuntzan (2-6 urte); eta Sormenerako hezkuntzea, artea esperimentatuz.


- Eibarko ikasgelako eskaintzea: Esatearen ederra I; Eskola libre eta demokratikoak (II): askapenerako pedagogia baten oinarriak; Gure imajinarioa kantagintzEaren bitartez; Ikasi zure proiektua sare sozialen bidez ikusarazoten; Umorea hezkuntzan estrategia legez.


- Gasteizko ikasgelako eskaintzea: Kulturak, hizkuntzak eta lurraldeak: kultur aniztasunaren begiradea.


- Iruñeko ikasgelako eskaintzea: Pedagogia sistemikoa eguneroko hezkuntza praktikan; Galerak eta dolu-prozesuak ikastetxearen testuinguruan; Nerabeakazko lana irakaskuntzan; eta Agertokia zurea da. Aurkezpenetan entrenamendu trinkoa.


Parte-hartzaileen profila

Eskaintzea osotzeko orduan, kontuan izaten da bertara hurreratzen dan ikasleriaren profila (persona heldua, 30-35 urte bitartekoa, unibersidadeko ikasketak egina dituana, lanean dabilena eta emakumea gehienbat), eta neurri handi batean, sakontze eta eguneratze ikastaroak izango dira udabarrian.

Bizi dogun krisi garai honetan, partaideen kopuruak behera egin eban 2011-12 ikasturtean baina apurka-apurka partaideen kopuruak gora egin dau barriro be eta 2014-15 ikasturtean inoizko partaidetza daturik onenak izan dira.

Partaideen jatorria azken 3 ikasturtean bardintsua izan da: % 50etik gora gipuzkoarra, % 34 bizkaitarra eta ganerako % 15, Araba, Nafarroa eta Ipar Euskal Herrikoa.


Diru-laguntzinoak

Eibar eta Elgoibargo Udalek diru-laguntzinoak emoten ditue bertan erroldautako herritarrentzat.

Bestetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak UEUren on line lerroa bultzatzen dau eta hori dala eta, on line ikastaroetan zein Eibarko ikastaroetan matrikuletan diran gipuzkoarrek diru-laguntzinoa izango dabe: prezio-orokorraren % 35 gehienez, beti be udalaren aldetik laguntzarik ez daben gipuzkoarrentzat.


Ikastaro homologatuak

Eibarko ikastaroak EAEko Unibersidadeaz kanpoko irakasleentzako prestakuntza-ikastaroak homologetako prozeduran onartutako ikastaroak dira.


Matrikulea

Ikastaroetan izena emoteko epea zabalik dago eta epe hori ikastaro bakotxa hasi baino astebete lehenago amaituko da. Informazino gehiago jasoteko edo matrikulea egin nahi dauenak bi bide ditu eskura: www.ueu.eus helbidea eta telefonoz (943 82 14 26).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu