Euskereari hegoak emoteko eskatu deutse Bizkaiko Foru Aldundiak gizarteko eragileei

Bizkaie! 2016-02-11 09:32   Euskerea berbagai

Unai Rementeria Ahaldun Nagusia buru dala, ekitaldi jentetsua egin dabe bart Bilboko Euskalduna jauregian eta, bertan, gizartean eta kulturan euskerea lantzen daben eragile ugaritako ordezkariak egon dira. Euskerearen aldeko konpromiso publiko eta sinbolikoa hartu dabe danek eta herritar guztiei euskerara hurreratzeko deia egin jake.

Unai Rementeria Ahaldun Nagusia buru dala, ekitaldi jentetsua egin dabe Bilboko Euskalduna jauregian eta, bertan, gizartean eta kulturan euskerea lantzen daben eragile ugaritako ordezkariak egon dira. Euskerearen aldeko konpromiso publiko eta sinbolikoa hartu dabe danek eta herritar guztiei euskerara hurreratzeko deia egin jake.

Txantxangorria ikurtzat hartuta, euskereari hegoak emoteko deia egin dau Bizkaiko Foru Aldundiak Bilboko ekitaldian. Unai Rementeriak azpimarratu dau, gero eta gizarte elebidunago bat eregiteko eta euskerea eguneroko jardunera eroateko konpromisoa hartu dauela Foru Aldundiak. Horretarako, behar diran neurriak hartu dirala ziurtatu dau.

Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputaduak adierazo dau, munduko beste hizkuntzen artean lekua emon behar jakola euskereari. Hizkuntzearen alde egitea gizarte guztiaren ardurea dala ganeratu dau, esparru guztietan naturaltasunez erabili daiten.

Patxi Baztarrika Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak dinoanez, euskerea gero eta sendoago dago, baina erderearen alboan ahula da eta, horregaitik, hizkuntzen arteko bardintasunaren alde egin dau. Euskerea bizibarritzeko, gaur eguneko desorekatik orekara pasau behar dala dino Baztarrikak.

Euskerea edozein unetan erabilteko, konplejuak kentzeko deia egiten dau euskerearen txantxangorriak. Horregaz bat eginaz, 150 personatik gora batu dira Bilbon eta, bakotxak bere esparruan, euskereari leku gehiago egiteko konpromisoa hartu dabe. Eragile publiko zein pribaduak batu dira ekitaldian, euskerearen aldeko lana alor guztietan egin behar dalako.

Eragileetako batzuek dagoeneko esan deutsie Foru Aldundiari, euren esparruan aurrera eroateko moduko proposamenak daukiezala. Hartara, batzarrak edo topaketak egiteko asmoa daukie datozan asteotan.

Gaur egun, Bizkaian, bost urtetik gorako 331.000 herritarrek euskeraz dakie eta beste 227.000k ulertu egiten dabe. Bakotxak daukan mailearen arabera, baina euskereagaz jarrera positiboa euki behar dala azpimarratu dabe Bilboko ekitaldian batu diranek eta gizartean lekua egin behar jakola euskereari. Holan, hizkuntzeari bizia emoten jako. Txantxangorria gizartean ikusi egin behar dala ganeratu dabe.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu