Bardoak gogoz eta bertsozale ugari bigarren astegoienean

Bizkaie! 2016-02-01 14:37   Bertsolaritzea

Datorren astegoienean Bardoak ekimenaren lehen faseko azken saioak jokatuko dira; beste bost saio izango dira barikutik domekara bitartean, Mezkiritz, Alli, Otsagabia, Etxarri-Aranatz eta Iruñean.

Bardoen hurrekotasunari eta izakera umoretsuari jarraipena emon jako pasa dan bariku eta domekan zehar jokatutako sei saioetan. Edade guztietako bertsozaleak batu dira eta bi ligaxken sailkapena erabagita geratu da.

Barikuan Iruñeko Zaldiko Maldiko alkartean izan zan lehenengo hitzordua. 60 bertsozalek aretoa beteta, arretaz jarraitu eben Iruñeko Obario Maldikoak taldeak (Saioa Alkaiza, Irati Majuelo eta Aimar Karrila) eta Malerreka/Baztango Iluminatiums taldeak (Iker Gorosterrazu, Amaia Elizagoien eta Alazne Untxalo) egindako saio parekatua. Azkenean etxeko taldearentzat izan zan puntu irabazlea.

Astegoieneko bigarren saioa Berriozarko Taupada gaztetxean antolatu zan. 40 bertsozaleren aurrean kantau eben bertako Hiru garabardo eta pintxo bat taldeak (Ainara Ieregi, Sarai Robles, Mikel Lasarte eta Manex Mailharin) eta Etxarri Aranazko Einnekin taldeak (Joseba Beltza, Unai Artieda eta Saats Karasatorre). Saio arina eta umoretsua izan zan, ikuslegoaren algarak piztu zituen bertsoaldi ugarigaz. Etxarriarrek eskuratu eben puntu irabazlea.

Barikuko hirugarren eta azken saioa Leitzan jokatu zan, Atekabeltz gaztetxean. Bertsozale ugarigaz giro onean ibili ziran bertsolariak. Herriko Atekaberts taldea alde batetik (Joanes Illarregi, Xabat Illarregi eta Migel Mari Elosegi Luze) eta Barañaingo Barañetak taldekideak bestetik (Mintxo Astiz, Ander Baiano, Edurne Errea eta Iñigo Aranguren). Kasu honetan leitzarrentzat izan zan puntua.

Domekan, barriz, saio bikotxa antolatu eben Lesakako Arrano alkartean. Eguerdiko 12:00etan lehenengo, bertako Unibertsolariak (Josu Sanjurjo, Iban Garro, Jon Silveira eta Joxe Juan Zubieta Etxabe) eta Altsasuko Bota lasai taldea (Joxema Leitza, Ekain Alegre, Idoia Granizo eta Aitziber Grados) izan ziran kantuan. 40 bertsozalek lagunduta osotu eben saioa eta etxeko taldeak lortu eban puntu irabazlea. Ondoren, bazkaritarako tartea hartuta, arratsaldeko 15:30ean ekin eutsien bigarren saioari. Lesakako Tantirubertso taldeko kideak (Eneko Fernandez, Ioar Tainta, Maddalen Lopez eta Iñigo Olaetxea) izan ziran kantuan eta eurekaz batera Leitzako Atekaberts taldekideak (Ander Fuentes Itturri eta Joanes eta Xabat Illarregi anaiak). Kanpoko taldeak irabazi eban saioa eta ligaxka barruko bigarren garaipena izanda, bigarren faserako sailkatzea lortu eben leitzarrek.

Astegoieneko azken saioa Iruñean jokatu zan, Zaldiko Maldiko alkartean. Barriro be aretoa beteta, ia 60 lagunek jarraitu zituen Mirristi Drimtim taldekideek (Oscar Sanz de Acedo, Mikel Juaniz eta Martin Azpiroz) eta Berako Larungo antenak taldekideek (Patxi Castillo, Jokin Pinatxo eta Aitor Elexpuru) osotutako bertsoaldiak. Auzoko gaztetxuen bertso-eskolako kideakaz batera agur musikatuak eskaini zituen bi taldeek eta oso giro atsegina izan zan saioan zehar. Azkenean, beratarrentzat izan zan puntua eta aurretik beste saio bat irabazita, bigarren faserako txartela lortu eben.

Datorren astegoienean Bardoak ekimenaren lehen faseko azken saioak jokatuko dira; beste bost saio izango dira barikutik domekara bitartean, Mezkiritz, Alli, Otsagabia, Etxarri-Aranatz eta Iruñean.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu