Josu Labaka: 'Desbardinen arteko alkarlana sustatu behar da'
2016-02-01 10:17 BarriketanUEMAko burua
1991. urtean, 17 udalek herritarrek arlo guztietan euskeraz bizitea posible egiteko sortutako Udalerri Euskaldunen Mankomunidadea, 73 udalerrik osotzen dabe gaur egun (Bizkaiko Ea herria izan da sartu dan azkena) eta aurtengo 25. urteurrena gogoan, hazten segiduteko helburua ipini dabe arduradunek eta 80ra heltzeko asmoagaz. Pasa dan urriaren 3an egin eban UEMAk agintaldi honetako lehen Batzar Nagusia eta, besteak beste, Zuzendaritza Batzorde barria izentau eban orduko batzarrak. Oraintsu, barriz, 2016rako eginkizunak eta asmoak zehazteko batu da UEMAko ordezkaritza zabal bat Zarauzko Batzar Nagusian.
Hona hemen UEMAko buruak hiru hileko balantzeaz eta 25. urteurreneko erronkez kontau deuskuzanak:
1.- Hiru bat hilebete daroazuz UEMAko buru. Zer moduz?
Bai. Gustora nabil. Lehendakaritzea hartu eta esan neban alkarlanaren bidea jorratzea zala nire helburua eta horretarako oinarriak jarten hasiak gara honezkero; zuzendaritza batzordearen lehenengo erabagia izan zan hartu-emon bideak zabaltzea beste erakundeakaz eta oraingoz harrera oso ona jasoten gagoz. 2019ra bitarteko bide-orria zehazten emon doguz pausu batzuk eta zeozelan indarbarrituta aurrera goazela esango neuke.
2.- Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako udalak batzen dituan mankomunidade bakarra da UEMA. Iparraldeko udalerririk, barriz, ez da agiri. zergaitik?
Autortu behar dogu hor dagoan muga fisiko hori muga sano handia dala eta oraindino be Iparraldearen eta Hegoldearen arteko zubiak naturaltasunez eregiten ez dogula asmau. UEMAri eta Euskal Herriaren ikuspegi horretan lanean dabilzan eragile askori jazoten jaken errealidade bat da, gainditu gura doguna baina gaur gaurkoz ezinezkoa egiten jaku. UEMAk izan ditu hartu-emonak eta alkarlanerako saiakerak Iparraldeko eragileakaz baina gaur egun ez daukagu ezelako hartu-emonik. Bide horreek edegi eta pausuak emotea gure lan zerrendan dogu eta espero daigun apurka-apurka hartu-emonetatik hasi eta alkarlanerako bideak eregiten joatea.
3.- Zeintzuk dira UEMAren helburuak?
Oro har esanda, udalerri euskaldunen lurgunea osotzea eta saretzea, udalerri euskaldunen saretze horretan, euskerearen arnasgune diran horreek euskerearen normalizazinoan ekarpen garrantzitsua egin leikielako, izan be, euskereak eta hizkuntza guztiek behar dabelako nagusi dan eremu bat, eremu horretan bizibarritzen baita euskerea. Orain arte euskerearen normalizazinoa sustatzeko egin diran ahaleginak gunerik erdaldunenetara begira egin dira eta guk uste dogu udalerri euskaldunok be badogula hor zereginik.
Udalen euskalduntzean dabil UEMA buru-belarri, udaletatik herrirako salto hori egin nahi dogu eta horretan herritarren gaitasuna sustatu gura dogu, badaukaguz tresnak zeregin horretarako eta politika orokorroraren erdigunean, hizkuntzearen gaia txertatu behar dogula pentsetan dogu.
4.- Euskerea eta politikea edo politikakeria buztartzea ez da bape ona izaten baina horretarako jokerea dago gurean. Ze giro dago gaur egun?
Argi dago euskerea askotan lehia politikorako tresna legez erabili izan dala, ikusi besterik ez dago judizializazino prozesuak be bultzatu dirala UEMAren kontra aktak euskeraz bialtzeagaitik eta. Giro horretan, guk alkarlanean oinarrituz, ahal dan neurrian modu bateratuan aurrera egitea proponiduten dogu eta erakunde publikoa garenez, gure zerbitzuak euskeraz betetea bermatu behar dogu, herritarren hizkuntza eskubideak onartu eta errespetau egin behar dira eta hori oinarri-oinarrizko kontua da. Ganerakoan, lehia politikoa gainditzeko be uste dogu desbardinen arteko alkarlana sustatu behar dala. UEMA horretan be eredu dala uste dot, EH Bildu, EAJ zein independenteak doguz zuzendaritza batzordean eta lehenengo hile honeetan alkarlanerako giroa sortzeaz gan, bide-orri bat adostu eta hori alkarregaz gauzatzeko borondatea dogu.
5.- Gaur egungo zuzendaritza batzordean, hainbat alderdi politikotako ordezkariak zagoze: EH Bildukoak, EAJkoak eta independenteak. Euskerearen alde alkarlana da oinarria baina interes politikoak baztertzea erraza al da?
Lehia orokorra dago eta, jakina, bakotxak bere interesak izaten ditu eta lehia horretan kokatzen da euskerearen, hizkuntzearen auzia be. Edozelan be, susmoa daukat ez ete doguzan polemika faltsuak eregiten, guri be pasau jaku akten auzia tarteko, izan be, zalantzan jarri da aktak euskeraz bakarrik bialtzeko aukerea eta herritarren hizkuntza eskubideak gaur gaurkoz ez dira errespetetan, euskaldunok menpekotasun egoeran gagoz, errealidade objektiboa da hori baina sarritan errealidade hori irauli egin gura izaten da erdaldunak jopuntuan balegoz lez, holako zeozer irudikatzen saiatzen dira alde batzuetatik. Jarrera horreek gainditu behar dirala uste dogu eta beste bide batzuetatik egin behar dala lana.
6.- UEMAn sartzeko eskabidea nork egin behar dau? UEMAn sartzen dan dan herri batek ze mesede, ze abantaila dauka?
UEMA erakunde publikoa izanik, udalek dabe UEMAn sartzeko aukera bakarra. Baina badago baldintza bat, hau da, udalerrian euskerearen ezagutza % 70 baino handiagoa izatea. Gero, jakina, hizkuntza politika aurrerakoiak ezarri eta euskerea sustatzeko udalaren borondatea be nahitaezkoa da. Hortik gora, UEMAk gainbalioa eskaintzen dau, tresna barriak sortu dira, udalerrien ganeko azterketak egiten dira eta segurutik udalek bakotxak bere kabuz bide hau egiterik ez leukie izango.
Euskalduntzeari jagokonez, erreferentzia bilakatu da UEMA, izan be, euskera hutsean funtzionau daitekeela eta funtzionau nahi dabela erakutsi dabe bertako udalek. Instituzino mailatik harago, herritarrentzako nahiz merkatarientzako zerbitzuak be eskaintzen ditu mankomunidadeak.
7.- Bizkaiko Ea herria izan da UEMAn sartu dan azkena eta honezkero 73 udalerrik osotzen dabe mankomunidadea. 25. urteurrena gogoan, hazten segiduteko helburua adierazo izan dozue baina mugea be hortxe dago biztanleen % 70 gitxienez euskaldunak izatea. Badago tartea oraindino?
Bai, duda barik. Asko dagoz sartu daitekezanak; Bizkaian, berbarako, Lea Artibai eskualde euskalduna hor dago eta badira oraindino udalerri batzuk UEMAn ez dagozanak, berbarako, Gernika. Hartu-emonetan gagoz dagoeneko horreetako batzuekaz eta oraingoz esan neike hainbat udalek interesa azaldu dabela eta esuztekorik ezean, 2016an zehar udalerri bat baino gehiago erakarriko doguzala.
8.- Arrazoi desbardinak tarteko, UEMAn udalerrien joan-etorria be izaten da eta, esangura horretan, Tolosako Udalak UEMAn segiduteko erabagia hartu izana zelan baloretan dozu?
Oso gustora hartu genduan erabagia. Legegintzaldiaren hasiera haretan hainbat udaletan izan ziran aldaketak gorabehera, dudak izan zituen leku askotan, UEMAn jarraitu ala ez. Baina erabagi horreek naturaltasunez hartu behar dira, egun 73 udalerri gara eta udalerri horreetan tokian tokian errealidade propioak dagoz, danetariko eretxiak baina hori aberatsa be bada izan. Lesakak alde egitea erabagi eban eta Tolosak, barriz, jarraitzea eta guretzat, eskualde osoaren arnasgune eta buru dan Tolosa lako udalerriak UEMAn jarraitzea oso positiboa izan da. Era berean, eskertzekoa da hainbat eragilek Tolosak mankomunidadean jarraitzeko egin daben lana.
9.- Hartu-emonik badozue Kontseilua, Euskerearen Behatokia, Bai Euskarari, Euskal Herrian Euskeraz zein Hizkuntza Politikako Sailburuordetzeagaz, Nafarroako gobernuagaz?
Bai. Zuzendaritza batzordea osotu eta lehenengo lana izan zan hiru herrialdetako foru aldundiakaz, Eusko Jaurlaritzeagaz eta Nafarroako Gobernuagaz hartu-emon bideak zehaztu eta bilera deialdiak egitea. Hiru foru aldundiakaz batu gara eta harrera ona jaso dogu, alkarlanerako formulak aztertzeko konpromisoa dago ganera. GFAren kasuan, lehendik indarrean egoan hitzarmena zabaldu eta osotzeko pausuak emoten gagoz eta epe laburrean hitzarmen hori zarratzeko moduan izango gara.
Nafarroako gobernuaren kasuan, Euskarabideakoakaz lehenengo bilera bat egin genduan eta bigarrenerako be hitzordua jarrita daukagu lankidetza hitzarmenak ze formula edo zelan gauzatuko dan aztertzeko.
Bien bitartean, Euskoa Jaurlaritzeagaz egin beharreko bilerearen zain gagoz; berba eginda gagoz eta agenda kontuakaitik azteratu dan arren, laster batzea espero dot.
Ganerakoan, hartu-emon iraunkorrak doguz Kontseilua zein euskalgintzako beste eragileakaz eta hainbat egitasmotan batera gabiz ganera.
10.- EHUgaz alkarlanerako hitzarmena dauka UEMAk. Zertan oinarritzen da?
UEUren Lurraldea eta Hizkuntza kongresuan hartu-emonetarako bideak zabaldu ziran eta unibersidadeak be ekarpena egin eikeala pentsaurik, azkenean lankidetza hitzarmena sinatu dogu. EHUren babesa eta inplikazinoa eskertu behar doguz ze lanerako borondatea ez eze, ideak be badagoz eta lankidetza aberatsa izango dalakoan nago.
11.- Espainiako gobernuagaz izan ditu tirabirak UEMAk. Gaur gaurkoz zelan dago kontua?
Epaia irmoa izan arren, ez dakar jurisprudentziarik. Aholkulari juridikoek esan euskuenez, norabide bereko bigarren epai bat behar da jurisprudentzia ezartzeko eta hori lorpen handia izango litzateke guretzako, aktak euskeraz jaso eta bialtzea legez bermatuta geratuko litzatekelako EAEko udalerri guztietan.
12.- Maiatzean beteko dau mende laurena UEMAk eta orduan antolatuko dozue Udalerri Euskaldunen Eguna, Leitzan. Zergaitik Leitzan? Egitarauari jagokonez, zeozer aurreratu zeinke?
UEMA eguna zan lehen eta geroago, barriz, Udalerri Euskaldunen Eguna. UEMA sustatzaile eta antolatzaile izango bada be, UEMAn ez dagozan udalak be inplikau gura doguz. Orain Nafarroaren txandea zan, herrialdez herrialde txandaka joaten gara eta Leitzako herriak eta udalak borondatea erakutsi ebenez jaia bertan egiteko aurrera goaz.
Egitarauari jagokonez, goizegi da ekitaldi zehatzak eta iragarteko baina ohiko jai giroan antolatuko da eguna, bazkariak, kontzertuak, edade eta profil desbardinetarako ekitaldiak eta abar; herritarren gaitasuna sustatzeko asmoagaz, tailerrak be izango dira eta azpimarratu gura neuke hartu-emon sarea osotzen doala euskalgintza eta euskaltzale askoren artean.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!