Hizkuntza gitxituen arloan, Europako Batzordeak Espainiari 'txartel gorria' atara deutsala dino Patxi Baztarrikak

Dabi Piedra 2016-01-28 14:00   Euskerea berbagai

Eurokartako erispideak beteten diran jakiteko Europako Batzordeak plazaratu dauen 4. txostenaren kontura, baikor agertu da Patxi Baztarrika Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea. Eusko Jaurlaritzearen menpe dagozan eremu gehienetan, euskerearen babeserako neurriak egokiak dira eta Eurokartako gomendioak beteten dirala dino txostenak. Halandabe, gabeziak be badagoz, justizian eta polizian adibidez.

Eurokartako erispideak beteten diran jakiteko Europako Batzordeak plazaratu dauen 4. txostenaren kontura, baikor agertu da Patxi Baztarrika Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea. Eusko Jaurlaritzearen menpe dagozan eremu gehienetan, euskerearen babeserako neurriak egokiak dira eta Eurokartako gomendioak beteten dirala dino txostenak. Halandabe, gabeziak be badagoz, justizian eta polizian adibidez.

Patxi Baztarrikak nabarmendu dauenez, euskal administrazinoetako eremu gehienetan, Eurokartako gomendioak betetzat joten ditu Europako Batzordearen txostenak, hezkuntzan, hedabideetan eta kulturan, esate baterako. Dana dala, beste eremu batzuetan hobetzeko tartea dagoala nabarmentzen dau txostenak. Hutsune handienak justiziaren eta poliziaren arloetan dagoz eta osasun sisteman be badago zer egin.

Hezkuntzako LOMCE Legeak modu berezian kezkatzen dau Europako Batzordea, eremu txikiko hizkuntzek ikasgelan daukien pisua murriztu leikelako. Jaurlaritzak Espainiako Gobernuagaz egindako akordioari esker, Euskal Autonomia Erkidegoan bermatuta dago euskerearen lekua eta, horregaitik, arrisku horretatik kanpo itxi dau txostenak. Hori dala eta, pozik agertu da Baztarrika, lasaigarria da hemen holako arazo bat saihestu izana.

Txostenak hobekuntzarako pausuak erakusten ditu, dino sailburuordeak, arlo batzuetan gehiago egin behar da eta ez gara geldi egongo. Egindako aurrerapen handiak be autortu beharrekoak dirala ganeratu dau: Harrokeria barik, baina ezkortasun antzuak albo batera itxi behar doguz eta egiten gabilzana autortu. Euskerearen aurrerabiderako hartu diran neurriak gizarte osoaren ahaleginaren emoitzea dirala nabarmendu dau.

Espainiako Gobernuaren jarrerea txarretsi egin dau Baztarrikak: Espainian, hizkuntza gitxituen alde egindako aurrerapausuak erkidegoen ekimenari esker izan dira gehienbat. Euskal Autonomia Erkidegoan, gabezia handienak daukiezan arlo gehienak Espainiako administrazinoaren menpe dagoz, justizia eta segurantza soziala berbarako. Estadua konpromisoak betetetik urrun dago.

Eurokartearen 4. txostenagaz, Europak Espainiako administrazinoari txartel gorria atara deutsala uste dau Baztarrikak. Espainiari egindako oharrak aurreko hiru txostenetan egindakoen bardinak dira, ohartarazo dau Baztarrikak. Jaurlaritzak Madrili lankidetzea eskaini deutsala azaldu dau, erantzunik jaso barik. Eleaniztasunaren balioak Espainia guztian bultzatzeko eskatu deutso Baztarrikak Estaduko administrazinoari. 

Oraintsu sortu dan polemika baten harira, ganera, Patxi Baztarrikak nabarmendu dau, Eurokartearen txostenak ontzat joten dauela hizkuntza erispideak aintzat hartzea lan kontratazino publikoetan. Europako Batzordeak onartu egiten dau lan deialdi publikoetan euskerea eskatzea eta, ganera, bide horretan sakondu behar dala dino.

Eurokarta, edo Eremu Txikiko Hizkuntzen Europako Kartea, 1992an onartu zan, Europako Batasuneko hizkuntza txikiak babestu eta hareen aurrerapena bermatzeko. Baztarrikaren esanetan, baliotsua da kartea, nazinoarteko trataduen izakerea daukalako, estaduek konpromiso zehatza hartzen dabelako eta hiru urtean behin ebaluazino zorrotzak egiten diralako.

Hain zuzen be, laugarren ebaluazino txostena amaitu barri dau Europako Batzordeak, eta urtarrilaren 20an aurkeztu eban. Horren balorazinoa egiteko agerraldia egin dau Patxi Baztarrikak Bilbon, Jorge Gimenez Hizkuntza Ikerketa eta Koordinazinorako zuzendariagaz eta Ane Crespo hizkuntza plangintzearen arduradunagaz.

Espainiari jagokonez, sei ohartarazpen nagusi egiten ditu txostenak: Epaitegietako prozedurak hizkuntza koofizialetan egin ahal izateko lege markoa aldatzea; justizia arloko behargin gehiagok hizkuntza koofizialak jakiteko neurriak hartzea; Estaduaren administrazinoak hizkuntza koofizialetan arretea emoteko neurri gehiago hartzea; osasun zerbitzuetan hizkuntza koofizialen presentzia bermatzea; irakaskuntza hirueledunak lekuan lekuko hizkuntzetan kalterik ez egitea; eta hizkuntza koofizialak hedatzea ofizial ez diran autonomia erkidegoetara, hiztun kopuru nahikoa badago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu