EHUk eta Deustuko Unibersidadeak zapatuan hasiko ditue Unibersidade Orientazinorako Azokak

Bizkaie! 2016-01-22 10:10   Kulturea

Deustuko Unibersidadeak, urtarrilaren 23an, ateak zabalduko ditu 2016-2017 ikasturteko ikasketen eskaintzaren barri emoteko. Danetara, 36 gradu eta gradu bikotx egongo dira eta barrikuntza bat: Filosofia, Politika eta Ekonomia gradua, Bilboko campusean.

Euskal Herriko Unibersitateak (EHU) egiten dituan Unibersidade Orientazinorako Azoketako lehenengoa egingo dau zapatuan, urtarrilaren 23an, Gipuzkoako campuseko Ignacio Maria Barriola zentroan, Donostian, 09:00etatik 14:00etara. Arabako campuseko azokea urtarrilaren 30ean egingo da, eta Bizkaikoa zezeilaren 6an.

Unibersidade Orientazinorako Azokea unibersidade aurreko ikasleei, euren gurasoei eta bigarren hezkuntzako irakasleei zuzenduta dago, edozeinek parte hartu leiken arren. Egitasmoaren helburua da EHUko graduei buruzko informazino zehatza emotea, unibersidade aurreko ikasleen duda guztiak argitu eta ikasketen aukerakeeta errazteko. Dudak banaka zein taldekako informazino saioen bidez argitu ahal izango dira.

Era berean, unibersidadeko zenbait zerbitzutako langileek informazinoa emongo deutsee ikasleei unibersidadera sartzeko bideen, mobikortasun programen, graduondokoen, tasa nahiz beken, unibersidadeko ostatu eta garraioaren, kirol jardueren, unibersidade orientazinoaren eta abarren ganean. Nahi izan ezkero, Orientazinorako Azoka egunean bertan, campus bakotxeko unibersidade egoitzea bisitetako aukerea izango da.

EHUko Unibersidade Orientazinorako Azokak hiru campusetan egiten dira, Gipuzkoako campusekoaren ondoren, Arabako campusean urtarrilaren 30ean egingo da, Farmazia Fakultadean, Gasteizen, eta Bizkaiko campusean zezeilaren 6an, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultadean, Bilbon.

EHUko unibersidade ikastegi guztietako irakasleek eta Ikasleentzako Argibide Zerbitzuak azoketan parte hartuko dabe, eta azoka bakotxean EHUko hiru campusetan emoten diran gradu guztiei buruzko informazinoa eskainiko da. Aurten, ezaguera adarren arabera antolatuko dira EHUko 20 ikastetxeetako standak: Arteak eta Giza Zientziak, Zientziak, Osasun Zientziak, Gizarte eta Lege Zientziak eta Injinerutzea eta Arkitekturea.

EHUk urtero egiten dau Unibersidadera Sartzeko Programea, unibersidade aurreko ikasleek ahalik eta informazino gehien izan deien ikasketak hautatu aurretik, eta Unibersidade Orientazinorako Azokak programa horren barruan dagoz, egitasmoaren bigarren fasean, hain zuzen. Lehen fasean, unibersidade aurreko ikasleei interesetan jakezan graduei buruzko Jarduera Praktikoak egin ziran, eta, programeari amaierea emoteko, Ate Edegien Jardunaldiak egingo dira, martian; horreetan parte hartzeko, urtarrilaren 30etik aurrera, DBHko eta Lanbide Heziketako beren ikastetxeetan emon beharko dabe izena ikasleek, edo, bestela, unibersidadeko webgunean.


Deustuko Unibersidadea

Deustuko Unibersidadeak, urtarrilaren 23an, ateak zabalduko ditu 2016-2017 ikasturteko ikasketen eskaintzaren barri emoteko. Danetara, 36 gradu eta gradu bikotx egongo dira eta barrikuntza bat: Filosofia, Politika eta Ekonomia gradua, Bilboko campusean. Gradu barri horretako helburu nagusia da prestakuntza sendoa hartzea zientzia politikoetan eta ekonomian, filosofiako oinarri sendoa izanik. Hezkuntza sistema anglosaxoian oso sustraitua dago eta arrakasta handia dauka XXI. mendearen hasieratik, Espainian, ostera, barria da. Zuzenbidea, soziologia eta nazinoarteko hartu-emonei buruzko oinarrizko ezagutzak be eskaintzen ditu.

Ateak Zabaltzeko lehenengo zapatua egun berean izango da Bilbon eta Donostian, 10:00etatik 14:00etara; Donostiako campusean, Arrupe eraikinean izango da eta Bilboko campusean, Unibersidadeko klaustroetan.

Deustuko Unibersidadeak informazino jardunaldi honeek antolatzen ditu unibersidade aurreko ikasleek banako arreta eta orientazinoa jaso deien fakultadeetako irakasle eta arduradunakandik. Saio horreek datorren ikasturtean zein Gradu edo Gradu bikotx ikasiko daben erabagiten laguntzeko dira. Informazino gehiago be jasoten dabe hainbat arlori buruz: praktikak, lehenengo enplegurako laguntzak, atzerrian ikasteko aukerak, bekak, bizilekua, ikasketetatik kanpoko jarduerak, etab.

Unibersidadeko ikasle izango diranek eta gurasoek zapatu horreek aprobetxetan ditue Deustuko Unibersidadeko campusa, instalazinoak eta laborategi espezializatuak ezagutzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu