Hego Uribeko beste bost udalerrik babestuko dabe Geuria aldizkaria

Bizkaie! 2016-01-20 10:13   Kulturea

Hego Uribeko herrien barri emoteko sortutako Geuria komunikabideak lehenengo fasea bete dau. Aurrerantzean, Arrigorriaga, Etxebarri, Galdakao, Ugao eta Zaratamoko udalen laguntzinoa eukiko dau. Orain arte, Basaurikoak baino ez dau Geuria babesten izan. Herri bakotxeko informazino osotuagoa emon ahal izango dau aldizkariak. Papelean eta interneten argitaratzen da Geuria.

Hego Uribeko herrien barri emoteko sortutako Geuria komunikabideak lehenengo fasea bete dau. Aurrerantzean, Arrigorriaga, Etxebarri, Galdakao, Ugao eta Zaratamoko udalen laguntzinoa eukiko dau. Orain arte, Basaurikoak baino ez dau Geuria babesten izan. Herri bakotxeko informazino osotuagoa emon ahal izango dau aldizkariak. Papelean eta interneten argitaratzen da Geuria.

2014an hasi zan Geuria proiektu komunikatiboaren lehenengo fasea. Basauriko Udalaren laguntzinoari esker, papelezko lehenengo aleak argitaratu ziran eta webgunea abian ipini zan. Orain, fase hori amaitzeko, pausu erabagigarria emon da. Eskualdeko beste bost udalerrik bat egin dabe egitasmoagaz.

Eskualdeko euskera teknikariakaz batzarrak egin ditue eta udalek ikusi dabe interesgarria dala Hego Uribeko euskerazko komunikabidea babestea. Bakotxak bere neurrian, Arrigorriaga, Galdakao eta Ugaoko udalek diruz babestuko dabe Geuria. Etxebarriko Udala, ostera, Euskera Plana noz amaituko zain geratuko da, aportazino zehatza erabagiteko, baina Geuria babesteko asmoa daukala jakineragin dau.

Geuriak hasikeratik landu ditu eskualdeko herri guztietako barriak. Aurrerantzean, baina, udalerri bakotxak atal berezitua eukiko dau eta banaketa eraginkorragoa izango da laster herri guztietan.

Formatuan be aldaketak dakarz Geuriak 2016an. Hamabi orri euki ditu orain arte eta, urtarrilaren 14ko aletik aurrera, 16 daukaz. Talde ekologistakaz egindako batzarren ondorioz, erabilitako papela jasangarriagoa da orain. Kolaboratzaileen zerrendea aberastu egin da.

Bigarren faserako asmo ugari daukiez Geuriako arduradunek. Eskualdeko euskaldunakaz hartu-emona estutzea, Hego Uribeko euskaldunen datu-basea osotutea, banaketa hobetzea, Foru Aldundiaren eta Jaurlaritzearen babesa bilatzea eta Tokikomegaz lankidetzan hastea dira fase horretako ardatzak. Era berean, Galdakao eta Usansolon martxan hasi barri dan Binke aldizkariagaz hartu-emon sendoa sortu gura dabe. Bien arteko alkarlana da helburua, baina oraingoz Binkek eta Geuriak nork bere bidetik segiduko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu