Euskal mitologia, Euskadi standaren irudi FITUR 2016 azokan

Bizkaie! 2016-01-19 09:58   Kulturea

Okasinorako liburuxka bat atera dabe eta bertan euskal mitologiako istorioak eta personaiak izango dira ibilbide turistikoak ezagutarazoteko hari gidaria. Toti Martínez de Lezeak idatzitako kontuak dira, eta, liburuxkarako ez eze, FITUR 2016 azokan estreinauko dan promozino-bideorako gidoi legez be erabili dira.

FITUR 2016 urtarrilaren 20tik 24ra egingo da, Madrilgo IFEMA erakustazokan. Merkataritza eta Turismoko sailburuorde Itziar Epalzak, Basquetour - Turismoaren Euskal Agentziako zuzendari Arantza Madariagak, Turismoko zuzendari Mertxe Garmendiagaz eta Toti Martínez de Lezea idazle ezagunagaz batera, FITURen izango daben presentziaren giltzarriak eta 2016an turismoa sustatzeko lan-ildo nagusiak aurkeztu barri ditue. 

DSS2016 kultur uriburutzearen aurkezpena eta Turismo Jasangarriko Gutuna Turismoaren Mundu Erakundeari (TME) emotea: horra hor Euskadiren standak Madrilen ospatuko dan azokan eskainiko dituan zenbait ekitaldi.

Helmugeari buruzko ezagutzea aurkezteko eta sakontzeko euskal mitologia erabilteko ideak Basquetourrek plazaratutako helburuari erantzuten deutso; hain zuzen, Touring produktua lantzekoari. Hau da, Euskadin zehar etapatan ibili daitezala eta, ahal dala, iraupen luzeko egonaldietan, mitologia eta personaia mitologikoak erabilita erakargarri legez.

Helmuga nagusiak argi eta garbi adierazo dira: Bilbo, Donostia eta Vitoria-Gasteiz; Euskal Kostaldea, eta Arabako Errioxa, Mendialdea eta Lautadak. Baita gastronomia eta enoturismoa, Euskadiri buruzko informazino orokorra, enpresetarako langune bat eta DSS2016 kultur uriburutzeari aitamen zuzenak bere, bai standeko irudietan eta bai bertarako antolatutako ekintzetan.

Liburuxka bat atera dabe horretarako, eta bertan euskal mitologiako isorio edo kontuak eta personaiak izango dira ibilbide turistikoak ezagutarazoteko hari gidaria. Toti Martínez de Lezeak idatzitako kontuak dira, eta, liburuxkarako ez eze, FITUR 2016 azokan estreinauko dan promozino-bideorako gidoi legez be erabili dira.


2016: Turismo hemugea eta produktu barriak

Itziar Epalza sailburuordeak azaldu dau zer jarduera nagusi sustatuko dituan Eusko Jaurlaritzeak 2016an turismoa bultzatzeko: FITURen abiarazoko dira eta Basquetourren urte osoan jarraituko dabe Euskadi Basque Country helmugearen presentzia lantzen, merkatu nagusietan eta produktu-marketineko beste ekintza batzuen bitartez. Hau da, gehiago sustatuko da produktu turistiko espezifikoa, eta neurri txikiagoan helmugearen sustapen orokorra.

Produktu turistiko sorta oso bat identifikau da Euskadi beste helmuga batzuekaz lehiatzeko; berbarako, MICE (kongresu-turismoa), Touring (ibilbideak helmugan barrena), gastronomia, esperientziak, kosta+surf... Orain, ganera, kulturea eta naturea indartuko dira, modu selektiboan. Era berean, familia-turismoa, ongizatekoa, golfaren ingurukoa eta mitologiaren ganekoa be sustatuko dira.

Helburuei jagokenez, aurten lehentasunezko merkatuakaz lanean jarraitzea da asmoa, eta espezializautako eragile turistikoak gehituko dira. Hau da, lehentasunezko merkatuetan ordezkaritza-agenteen presentzia areagotuko da: esaterako, Alemanian, Frantzian, Ingalaterran eta aurten baita AEBn be; eta zer esanik ez Madrilen eta Katalunian.


2016ko beste ekintza batzuk

2016ko ekintzen artean, aitatzekoa da baita, Eusko Legebiltzarrean Turismoaren Lege barriaren aurkezpena. Sektorean adostasun handia lortu ondoren, legeak besteak beste, erabilera turistikoa daben etxebizitza eta gelen alogerea erabilera turistikoa daben etxebizitzetan arautuko ditu.

Euskadik Turismo Jasangarrian egiaztatzeko egiten dagoan apustua eta, bisitariek hobetu beharreko puntuetariko bat aitatzen eben seinaleztapen turistikoa gaurkotzeko eta optimizetako erakundeen arteko lana be izango dira 2016ko protagonistak.

Horrezaz gan, beste ekintza batzuk be izango dira, berbarako, Euskadiko Behatoki Turistikoaren webgune barria, zezeilean aurkeztuko dana.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu