Txomin Arana: 'Neure barru-barruan daukat min handiena'

Koldo Isusi Zuazo 2016-01-18 10:21   Barriketan

Motor-gidari bizkaitarra

Dakar Rallyan hirugarren urtea egin dau aurten Ereñon jaiotako motor gidariak baina aurten zortzigarren etapan, Saltatik Belenera bidean izandako istripu bat tarteko ezin izan dau lasterketea amaitu. 110 bat kilometro orduko abiadan joiala, harri bategaz estropezu egin, jausi eta Husqvarna motorra zati-zati eginda ezin izan dau rallyan jarraitu. Deskantsuan egonaldi laburra egin ostean, gorputza eta animoa minduta dituan arren, prest dago hilaren 23an, Ereñon lagun eta jarraitzaileek egingo deutsien harrera beroa biziteko.

Etxera bueltau aurretik (Urtarrilaren 18an, astelehen iluntzean helduko da Loiuko aireportura), Dakar jarraitzen egoala atrapau dogu Txomin Arana Catamarca probintziako Tinogastan eta ondokoak kontau deuskuz:


1.- Zelan zagoz?

Ondo, ondo nago. Lepoan daukat golpe bat, hankan be bai eta gorputz osoa minduta egia esateko baina animauta nagoan arren, neure barru-barruan daukat min handiena rallya holako ezbehar baten ondorioz itxi behar izateagaitik. Ustez, etapako zatirik gogorrenak pasauta, helmugarako 20 bat kilometro falta zirala, erreka siku baten zehar oso arin ninoiala harri bategaz estropezu egin eta lurrera joan nintzan, abiadearen inertziagaz eta buelta batzuk emon ostean, geldi geratu nintzanean berehala konturatu nintzan golpeak eta bai baina ondo nengoala. Motorrak, barriz, nabegazinorako GPS eta bestelako tresna batzuk eta aurreko erruberea zatituta zituan eta holan ez egoan etapan segiduterik. Zorionez, medikuek ez neukala ezer larririk ikusi eta pare bat ordu egin nituan han etapea amaitu arte. Jarraian Bivouac gunera eroan ninduen, ospitalera be ez nintzan joan baina txarrena izan da aurrera egiteko modurik ez dodala izan.


2.- Kontaiguzu zelan izan zan ezbeharra? Golpearen ondorioz motorra zatitu ez bazan, jarraitzeko moduan izango zinan?

Arin joateko lekuan izan zan ezbeharra, erreka zabal eta siku baten zehar, leku hareatsua baina trinkotua eta hor ninoiala harri bat jarri jatan parean, ezin izan neban ebitau eta lurrera joan nintzan. Aurreko erruberea hondatuta geratu zan eta hortxe amaitu zan lasterketea niretzako. Pena handia izan da norbera ondo egonda bere, motorrak izan zituan kalteakaitik ezin izan dodalako aurrera egin.


3.- Igaz 16. postuan sailkatu zinan eta aurtengo rallyaren azken txanpan, orain arteko zure edizinorik onenean, 11. postuan zengozan eta lehenengo hamarren artean sartzeko aukereagaz. Piloto pribatua izateko nahikoa meritu... Zer behar da etxe edo marka ofizial baten babesa izateko?

Nork jakin... Kontaktuak be behar izaten dira baina etxe ofizialek palmaresari begiratzen deutsie. Aurten eta urtero ze piloto ofizial dabilen Dakarren errepasau ezkero, txapeldunak edota eskarmentu handikoak dirala ikusiko dozu. Edozelan be, aurten amateur mailan, piloto pribatu bakarra izan naz ofizialakaz lehian, jentea hurreratu jat, zeozelako interesa eragin dot eta hori be kontuan hartzea espero dot.


4.- Izan dozu hartu-emonik etxe ofizialakaz, hurreratu jatzu inor?

Ez, ez. Dakar Rallya amaitu arte hemen inguruan ibiliko gara eta ia zeozerk urteten dauen. Amaitzerik izan ez dodan arren, aurtengo parte-hartzearen balantzea positiboa da eta gogotsu nago hurrengo edizinoan be parte hartzeko.


5.- Aurten bigarrenez, crowdfunding kanpainea egin dozu gastuei aurre egin ahal izateko. Erantzuna zelakoa izan da?

Nahiko ona, laguntzeko beste modu bat izan da, sano lagungarria eta bihotzez eskertzekoa da lagun eta jarraitzaileek, norbanako zein alkarte edo enpresek egin dituen ekarpen handi, txiki zein erdi mailakoak. 


6.-Husqvarna motorra be zeuk erosi behar izan dozu eta Dakar Rallyan parte hartzeko behar dan dirutzea be zeuk pagau dozu. Jordi Arcarons eta Pedregáren babesa, zure taldearena eta kontuan hartuta, zelako aurrekontua behar izan dozu aurten?

Danetara, 150.000 euro izan dira eta dirutzea da bai. Atara kontuak, motorra bera, tresneria guztia, errubera eta apareju guztiak, izen-emotea, asistentzia, tresneria, talde guztiaren bidaia... Dirutzea da bai.


7.- Behin lasterketan sartuta, zeintzuk dira arazorik handienak, nabegazinoa, paraje amaiera jakinik bakoak, erreferentziarik eza, harea, basea...

Hemen danetarik dago, esan dozuzan horreek danak gogoan hartzekoak dira. Rallyaren lehenengo zatian ez zan egon zailtasun handirik baina Bolivian sartu ginanean, altuerea, muturreko hotza eta beroa, 4.600 metro inguruan be ibili gara, 3 egun izan ziran 3.700 metrotik gora eta hori asko igarten dabe gorputzak eta mekanikeak be. Tenperatura beroak, beroegiak, 46 gradu ingurukoak eta hotz handia be izan dogu altueran eta. Tarte laburrean holako gorabeherak ez dira bape osasungarriak.

Dana dala, hasierako etapa 'lasai' horreen ostean, nabegazinoko etapa gogorrak etorri ziran, uste baino gogorragoak. Aitatutako kontu horreek danak kontuan hartuta, Dakar lasterketa sano gogorra dala esatea ez da astokeria.


8.- Aurten ze asmo dozu, ze lasterketa egingo dozu?

Oraindino ez dakit zehatz. Promozinoagaz jarraitu ala rallyen munduan bete-betean sartu, horrexek dira aukerak. Baina gauza asko aztertu behar dira, buruari buelta batzuk emon eta laster hasiko gara martxan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu