Liburutegi edegi barriztua jarri dau sarean Susa argitaletxeak

Bizkaie! 2016-01-15 11:03   Kulturea

Oraintsu webgunea barriztu egin dau Susak liburutegi edegi izakerea areagotuz. 1983an argitaratu eben Xabier Montoiaren Anfetamiñak poesia liburutik oraingoz barriena daben Harkaitz Canoren Beti oporretan narrazino bildumara, 325 tituluko katalogoa osotu dabe hiru hamarkadotan. Ganera, horreetako gehienak, 300 inguru, osorik irakurri daitekez on-line, doban.

Literatur egitasmo baten inguruan sortu zan Susa argitaletxea 1983 urtean, izan be, 1980tik 1994ra 33 zenbaki kaleratu zituan Susa aldizkariaren inguruan. Bidearen zati bat alkarren ondoan egin eben, 1994ko abenduan Afrikako literaturearen ganeko zenbaki monografiko bategaz aldizkariak agur esan eta argitaletxeak aurrera jarraitu eban arte.

Aurten 33 urte beteko dituan argitaletxearen ezaugarri nagusien artean, adierazgarriak dira teknologia barriakazko hartu-emon estuak; berbarako, 2000. urtean abiarazo eben Armiarma, euskal literatureagaz zerikusia daben era guztietako edukiak sareratzeko atala.

Oraintsu webgunea barriztu egin dau Susak liburutegi edegi izakerea areagotuz. 1983an argitaratu eben Xabier Montoiaren Anfetamiñak poesia liburutik oraingoz barriena daben Harkaitz Canoren Beti oporretan narrazino bildumara, 325 tituluko katalogoa osotu dabe hiru hamarkadotan. Ganera, horreetako gehienak, 300 inguru, osorik irakurri daitekez on-line, doban.

Danetara, 159 idazleren lanak irakurteko aukerea eskaintzen dau: poemak, saiakerak, antzerkiak, ipuinak, nobelak... Danetara, 10.937 testu-orrialde.

Dana dala, literatur zalearentzat pentsautako liburutegi birtualak hori baino gehiago eskaintzen dau, izan be, lan askoren laginak entzun be egin daitekez, idazleek eurek grabautako 267 audioren bitartez. Entzun daitekez, esaterako, Gabriel Arestik 1964 eta 1966 urteetan grabatuako poemak, Harri eta herri eta Euskal Harria liburuetakoak hurranez hurran. Edo Andolin Eguzkitza zanaren ahotsa gogoratu. Joandako beste idazle batzuen berbak be entzun daitekez, Koldo Izagirreren ahotsean. Bideoak be ikusgai dagoz sarean.

Lanak bilatu daitekez generoka edo idazleka. Idazleari buruzko informazinoa ez eze, Susagaz argitara emon dituan liburu guztiak irakurteko eta erosteko aukerea dauka erabiltzaileak, papelean zein formatu digitalean, eta liburuak jaso dituan kritikak be esku-eskura jarri deutsiez.

Era berean, webgunean lekua daben Susaren beste bi proiektu be nabarmendu behar dira, poesiari lotuak biak. Batetik, XX. mendeko poesia kaierak. 2000-2002 urteetan 40 euskal poetaren antologiak atondu zituan Koldo Izagirrek. Webgunean dagoz danak, Izagirrek berak idazleaz idatzitako testu argigarriagaz batera, entrega bakotxa aurkezteko jasotako berbaldiak barne dirala. 2014an abiatua da, Beñat Sarasolaren zuzendaritzapean, Munduko Poesia Kaierak bildumea. Euskaldunak ez diran poeten antologiak argitaratzea da asmoa, idazle euskaldunek itzuliak. Momentu honetan, zortzi irakur eta erosi daitekez.

Beste eduki oso interesgarri bat da G. Aresti atalean topau daitekeena, poeta bilbotarraren literatur obra osoa baitago bertan, 1986an Jose Ramon Bilbaok, Leo Bilbaok, Josu Landak eta Karmelo Landak 10 liburutan jasoa.

Beste alde batetik, liburuak saltzeko be bada Susaren webgunea, nahiz eta helburu horren babespean ez daben edukirik ezkutatzen edo mugatzen. Liburutegi birtual edegiaren ideari men eginez, edozein biblioteka publikotan lez irakurri daitekez, interneten doban. Mundu zabalean bizi diran euskaldun literatur zale horreek be gogoan hartuta, liburuetara sarbidea erraztea da asmoa, ez mugak jartea.

Digitalizauta katalogoko liburu ia danak badagoz be, txikiagoa da ebook formatura eroandakoen kopurua. Halan da be, zabala da katalogo digitala, 189 titulukoa. Erreferentzia bakotxaren inguruko informazino dana batera eta modu ahalik eta integratuenean eskaintzen danez, begi-kolpe bakarrean bistaratzen dira aukera guztiak, aukeratutako liburuaren azala eta fitxea; idazlearena; Susagaz argitaratu dituan ganerako liburuak; aukeratutako liburua osorik irakurteko modua, kasu honetan narrazinoka sailkatua; kritikak; papelezko euskarrian zein ebook formatuan erosteko aukerea...

Papelezko liburuak ganerako argitaletxeen prezioan saltzen ditu Susak, gitxi gorabehera. Ebookak, barriz, modu oso onean jarten ditu salgai, prezio berean danak: 3,63 euroan. Bi euro idazlearentzat, euro bat argitaletxearentzat eta 0,63 BEZ zergea. Ebookak erosteko baldintza bakarra erregistretea da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu