Hiztegi Batu barritua ipini dau interneten Euskaltzaindiak
2016-01-11 12:29 Euskerea berbagaiBersino barriak 44.327 berba dakarz, tartean mila sarrera barri baino gehiago. 2014an sareratutako bersinoa osotu eta barritu dau Euskaltzaindiak. Holan, hizkera baturako arautu dituan gero eta berba gehiago interneteko Hiztegi Batuan dagoz jasota, modu erosoan konsultak egiteko moduan.
Bersino barriak 44.327 berba dakarz, tartean mila sarrera barri baino gehiago. 2014an sareratutako bersinoa osotu eta barritu dau Euskaltzaindiak. Holan, hizkera baturako arautu dituan gero eta berba gehiago interneteko Hiztegi Batuan dagoz jasota, modu erosoan konsultak egiteko moduan.
Hiztegi Batua hornitzeko prozesuan, Euskaltzaindiko lantaldea korpusetan oinarritzen da, erabilerearen arabera berbak arautzeko. Holan, egunerokoan erabilten diran berbak Hiztegi Batura heltzen dira, baina esparru batzuetan hutsuneak sortu leitekez, sistematikotasuna galtzen da eta. Hartara, hutsuneak euki leikezen gaiak aztertzen ibili da Akademia, hiztegia osotuteko.
Familia barruko hartu-emonetako terminoak gehitu ditu Euskaltzaindiak, horreek hutsuneak beteteko helburuaren barruan. Hortaz, lehen aitaso eta lehenseme berbak egon badira, orain amaso eta lehenalaba berbak be badagoz hiztegian. Aro geologikoen izenak be gehitu jakoz Hiztegi Batuari, baita txanponen izenak be (sesterzioak, Kroaziako kunak eta abar).
Jaien atala be osotu dau Euskaltzaindiak eta hori erabilgarria izan leiteke askorentzat, santuen izenean ospatzen diran jaiak zelan izentau jasoten dalako (magdalenak, sanjoanak, santomasak eta abar). Zientzia arloko gai askotan be barrikuntzak dakarz Euskaltzaindiak egin dauen gaurkotze lanak.
Guztira, 18 sail osotu ditu lantaldeak eta Euskaltzaindiaren osoko bilkureak arautu egin ditu. Ganera, Hiztegi Batuko sarrera batzuk osotu, zuzendu eta zabaldu dira. Hori guztia erabiltzaileen eskura dago dagoeneko. Azken barritze honen ondorioz, 44.237 forma arautu dagoz hiztegian. Horreetatik 1.353 sarrera eta azpisarrera barriak dira. Euskaltzaindiaren esanetan, barrikuntzei esker orekatuagoa da orain Hiztegi Batua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!