Eugenio Arotzenaren antzerki-bildumea emon deutso Oiartzungo Udalak Euskaltzaindiari
2015-12-16 16:32 Euskerea berbagaiHerritarren eta, batez be, ikertzaileen esku itxi nahi dabe Eugenio Arotzenak batutako antzerki-bildumea. Horregaitik, berau dohaintzan emon deutso Oiartzungo Udalak Euskaltzaindiari, erakunde biek sinatu daben akordioan jasoten danez. Bildumeak 2.800 erregistro baino gehiago ditu, tartean kartelak, liburuak, aldizkariak eta argazkiak.
Herritarren eta, batez be, ikertzaileen esku itxi nahi dabe Eugenio Arotzenak batutako antzerki-bildumea. Horregaitik, berau dohaintzan emon deutso Oiartzungo Udalak Euskaltzaindiari, erakunde biek sinatu daben akordioan jasoten danez. Bildumeak 2.800 erregistro baino gehiago ditu, tartean kartelak, liburuak, aldizkariak eta argazkiak.
Dohaintzea adosteko ekitaldian, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Erramun Osa idazkariordeak ordezkatu dabe Akademia. Oiartzungo Udalaren partetik, Jexux Leonet alkatea eta Josune Cousillas Kultura zinegotzia egon dira. Eugenio Arotzena bera be egon da bertan.
Oiartzungo Udalak 2005ean erosi eutsan bildumea Arotzenari. Funts horren tamainua eta balioa ikusita, berau ondo kudeatuko dauen eta probetxua atarako deutsan erakunde bati dohaintzan emotea erabagi dabe orain, Euskaltzaindiari hain zuzen. Akademiak hartu dauen konpromisoaren arabera, funts osoaren erreferentzia bibliografikoa katalogo estandarretan sartuko dau, interesa daukienek bide horretatik eskuratu daien materiala.
Herritar guztien eskura ipini nahi dabe Arotzenak batutako material guztia. Batez be, ikertzaile eta adituek erabiltea nahi dabe. Holan, datozan urte bietan bildumearen katalogazinoa egingo dau Euskaltzaindiak.
Eugenio Arotzena Egimendia Oiartzungo Altzibar auzoan jaio zan 1940an. 1960ko hamarkadan, Lartaunen bidez, antzerkigintzan sartu zan eta herriko bizimodu kulturaleko persona garrantzitsuak ezagutu zituan, esaterako Xabier Lete. 1970ean Intxixu taldea sortu eban Arotzenak, antzerkigintzan esperimentazinoa lantzeko. Ganera, Antzerti Fundazinoko zuzendari izan zan urte askoan.
Gaur egun, behin erretiroa hartuta, ikerketa lan barriari ekin deutso: 1930 eta 60ko hamarkaden arteko euskal antzerkigintzan eleizak izandako eragina aztertzen eta sasoi haretako ikus-entzunezko materiala batzen dabil.
Antzerkigintzeagaz lotutako bilduma personala, Euskaltzaindiak dohaintzan jaso dauena, 1971n hasi eban Arotzenak, zaletasun moduan. Harrezkero, euskerazko zein mundu zabaleko antzerkigintzeagaz lotutako agiri baliotsuak gorde ditu. Guztira, 2.800 erreferentziako bildumea da, tartean liburuak, aldizkariak, kartelak, argazkiak, artikuluak eta abar dagozala.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!