Nafarroako Euskerearen legea aldatzeko prozesua alkarlanean egitea proponidu dau euskalgintzeak

Bizkaie! 2015-12-16 09:32   Euskerea berbagai

Abenduaren 15ean Nafarroako Euskerearen Legeak 29 urte bete dituala oinarri hartuta, Kontseiluak, bere bazkideen Nafarroako ordezkariek lagunduta agerraldia egin dau Nafarroako Parlamentuan. Bertan, Legea aldatzea, euskalgintzeagaz alkarlanean jardutea eta behar diran baliabideak eskaintzea eskatu deutsoz Gobernuari eta legearen aldaketa prozesuan laguntza eta lan egiteko gogoa eskaini deutsoz.

Abenduaren 15ean Nafarroako Euskerearen Legeak 29 urte bete dituala oinarri hartuta, Kontseiluak, bere bazkideen Nafarroako ordezkariek lagunduta agerraldia egin dau Nafarroako Parlamentuan. Bertan, legeari buruzko gogoetak planteau deutsoz Nafarroako Gobernuari, Paul Bilbaok, idazkari nagusiak. Legea aldatzea, euskalgintzeagaz alkarlanean jardutea eta behar diran baliabideak eskaintzea eskatu deutsoz Gobernuari eta legearen aldaketa prozesuan laguntza eta lan egiteko gogoa eskaini deutsoz.

Hainbat jazoeren errepaso laburra eginez hasi dau agerraldia Bilbaok. Nafarroako Euskerearen Legearen aurrean euskalgintzeak izan dauen jarrera sendoa nabarmendu eta hori 29 urte luze honeetan hainbat ekimenen bitartez erakutsi dauela gaineratu dau, 'manifestazinoak antolatuz, 50.000 sinadura batuz lege barri baten alde edo Anaitasuna euskeraz biziteko aldarriagaz betez, besteak beste'.

Horren aurrean, barriz, 'milaka eta milaka lagun mobilizau arren urte honeetan guztietan Nafarroako Gobernua ezin gaindituzko hormea izan da, eta, are gehiago, legeak izan leiken garapenik urriena gauzatu da azken urteotan'.

2015eko udabarrian, ostera, Nafarroako aldaketa politikorako zein sozialerako inoiz ez bezelako aukerea mamitzen egoan Nafarroan eta hori gorpuzteko Nafarroako euskalgintzeak sendo lan egin eban nafar guztion hizkuntza-eskubideak legean jasoko leukezan gobernu bat osotzeko. Horretarako, Kontseiluak 4 zutabetan oinarritutako 13 proposamen aurkeztu eutsezan Nafarroako alderdi politikoei, proposamenok bere egin eta hauteskunde programetara eroateko eskatuz.
2015eko apirilaren 25ean, milaka euskaltzalek bete egin eben Anaitasuna, 13 proposamenokaz bat eginez, eta Nafarroako Euskerearen Legeak eregitako nafarren arteko hormea behin betikoz ezerezteko aukerea arnasteko.

Han batutakoen botoak erabagigarriak izan ziran maiatzaren 24ko hauteskundeetan. Horreei eta beste askori esker gauzatu ahal izan zan gaur agintean dogun gobernu barri hau: azkenik, Euskerearen Legea aldatu leiken gobernua. 'Atzean itxi doguz dagoeneko Nafarroako Gobernuaren lehenengo 100 egunak, eta tarte honetan euskalgintzeak ez dau berezko adierazpenik egin, jakitun baikara gobernu barri bat sustraitzeak eta lantalde barriak osotzeak dituan zailtasunak zeintzuk diran', esan dau Kontseiluko eledunak.

Gainera, eginkizun konplikatu horretan laguntzearren Nafarroako euskalgintzea Nafarroako Gobernuagaz batu zan irailaren 28an eta 13 proposamenetan aurrera egiteko erabateko laguntza eskaini jakon Gobernuko eleduna eta Herritarrakazko eta Erakundeakazko harremanetarako Kontseilari dan Ana Ollori eta Euskarabideko arduraduna dan Mikel Arregiri. 'Ordutik ez gara egonean egon, eta lanean ibili gara. Erne jarraitu eta aztertu doguz bai adostutako Programa Akordioa eta baita lehen erabagi zuzenak be. Horreetako batzuk itxaropen handiz hartu doguz eta beste batzuk zeozelako kezkaz: Euskarabidearen osoketea, D ereduko lerro barri batzuen edegierea, Euskerearen Nafar Kontseilua indartzearen proposamena, LEP barria irakaskuntzan, Euskerearen Legearen inguruko adostasunik eza gobernuko lau alderdien artean...'

Ondoren, hiru puntuz osotutako adierazpena irakurri dau Bilbaok. Labur-zurrean: Lehenengo, Euskerearen Legearen aldaketarako konpromisoa berrestea legealdi honetan, pausuz pausu, baina etenik barik helburu garbi batez. Bigarren, pausu horreetan guztietan euskalgintzearen alkarlana eta laguntzinoa eskaintzea Nafarroako Euskerearen Kontseilu barri eta eraginkor baten barruan. Azkenik, aurrekontu eta baliabide duinak taxuzko hizkuntza politika bat aurrera eroateko, bai diruz, bai ekintzez be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu