Iñaki Petxarromanek bere lehenengo eleberria argitaratu dau, 'Kearen fiordoa'
2015-12-11 13:48 KultureaBenetako gertakarietatik abiauta idatzi dau Iñaki Petxarroman kazetari eta idazleak Kearen fiordoa (Elkar). 1615ean euskal baleazaleen aurka Islandian egindako sarraskian oinarrituta dago nobelea. Funtsean, baina, fikzinozko lana da, jazoera historikoek zati handia hartzen daben arren.
Benetako gertakarietatik abiauta idatzi dau Iñaki Petxarroman kazetari eta idazleak Kearen fiordoa (Elkar). 1615ean euskal baleazaleen aurka Islandian egindako sarraskian oinarrituta dago nobelea. Funtsean, baina, fikzinozko lana da, jazoera historikoek zati handia hartzen daben arren.
Iñaki Petxarroman autoreak nobelearen aurkezpenean azaldu dauenez, 1615eko hilketea ez da oso ezaguna Euskal Herrian, orduko arrantzaleentzat tragedia handia izan zan arren. Orain arte, nobela bi baino ez dira idatzi gaiari buruz, bata finlandieraz eta bestea gaztelaniaz. Hilketearen 400. urteurrena aurten bete danez, gertakariaren inguruko jakinmina biztu dala uste dau Petxarromanek eta bere aletxua ipini nahi izan dauela azaldu dau.
1615ean, 85 euskal baleazale Islandiara joan ziran, Danimarkako erregeak atzerritarrei baleak harrapetea debekatu eutsen arren. Ekaitzak euskaldunen itsasontziak apurtu zituan eta harrapauta geratu ziran urte haretako udabarrian. Hango agintariek aginduta, euskaldunei eraso egin eutsien islandiarrek. Guztira, 32 arrantzale hil ziran.
Gertakari lazgarri ha Kearen fiordoa nobelearen ardatza da. Halandabe, fikzinora ekarri dau Petxarromanek: Gertakarien haria manteniduteko lizentzia batzuk hartu ditu autoreak eta, holan, pasarte batzuk asmautakoak dira. Nobela historikotzat zein abenturazkotzat hartu leitekela uste dau Petxarromanek.
Nobelako gertakariak azaltzeko, benetako persona biren ikuspegiak erabili ditu: Euskaldunen begiradea Martin Villafranca kapitainak ipinten dau eta, islandiarrena, Ari Magnusson buruzagiak. Liburuak, beraz, fikzinoaren bidez gertakari historiko lazgarri bat ezagutzeko aukerea emongo deutso irakurleari, orain arte gitxi zabaldu dan historiaren zati horretaz gehiago jakiteko. Kontuan hartu behar da, Iñaki Petxarromanen lehenengo eleberria dan arren, bestelako liburu batzuk argitaratu izan dituala, saiakerak eta kazetaritza lanak batez be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!