Aitor Oñederra: 'Film luzeak egiteko be prest nago'

Koldo Isusi Zuazo 2015-12-06 14:58   Barriketan

Zinema zuzendaria

Deban jaio eta Madrilen bizi dan Aitor Oñederraren I said I would never talk about politics animazinoko filmak eroan ditu Lekeitioko Euskal Zine Bilerako sari nagusia: profesional mailako Film Onenaren Saria (1.900 euro eta urrezko antzarra) eta profesionalen mailako Gidoia saria (1.600 euro eta zilarrezko antzarra. Edozelan be, ez dira azken aldion Aitorrek irabazi dituan sari bakarrak, izan be, Soriako Nazinoarteko Zinema Jaialdian zein Zinebin be saritua izan da aitatu lana eta Kimuak 2015 katalogorako be hautatua izan da.


1.- Ezer baino lehen, zorionak Aitor Lekeition eta hor zehar I said I would never talk about politics filmagaz irabazi dozuzan sariakaitik. Filmak 10 minitu eta 31 segunduko iraupena dauen arren, zelako produkzinoa izan da? Zelako lantaldea izan zarie?

2013. urteko abenduan neu bakarrik hasi nintzan eta hasieran interneterak 30 segunduko bideo biral bat egitea zan asmoa. Sketx moduko bat sortu neban, Angela Merkel eta Rajoi azaltzen ziran hor eta horrek ondo funtzionau ebala ikusita, aurrera egitea pentsau neban eta luzatzea. Baina bakarrik ibilikeran etenak eta izan dira, nire lana eta animazinoko lana buztartzeko. Prozesu horretan, 2014an Leidy González ezagutu neban, produkzinoan eta ibilten dana eta berak esan eustan prest egoala filmaren produkzinoa egiteko. Baietz esan neutson eta bera arduratu zan niri plano bakotxa amaitzeko epeak jarten eta geldiro-geldiro baina azkenean aurrera egin genduan. Aurrerago, Zinema eta Telebistako master bat egiten hasi nintzan Carlos III. Unibersidadean eta bertan ezagutu neban Josetxo Cerdan irakaslea; bera izan zan proiektuan tutore eta aholkulari, gidoian eta bestelako arlo batzuetan. Bien bitartean nik neuk animazinoakaz segidu neban eta holan gengozala, Kimuak katalogorako proposamena egitea otu jakun. Aukeratua izan zan eta soinu bandea egiten hasi ginan. Hori egiteko neugaz ikaskide izandako Berriatuko Xabat Lertxundigaz hartu-emonetan jarri, baietza emon eta Josu Gonzalez Etxabe zarauztarra proponidu eustan soinu diegetikoa egiteko, soinu naturala. Madril eta Zarautz bitartean klip eta soinu mezu truke potoloa izan genduan eta sekulako lana egin eban Josuk. Ez neban ezagutzen baina oso gustora ibili gara beharrean. Aurrerago etorri zan laborategiko lana eta azkenean plazaratzea eta zabaltzea tokau jaku.


2.- Lekeitioko sari nagusia: profesionalen mailako Film Onenaren Saria (1.900 euro eta urrezko antzarra) eta Gidoia saria (1.600 euro eta zilarrezko antzarra) jaso ditu filmak. 3.500 euro horreek non inbertiduko dozuzan badakizu?

Ez, ez. Sekulako ezustea izan da niretzako Lekeitioko saria, film onenarena eta gidoi onenarena ez nituan espero inondik inora. Berez, nahikoa ezkorra naz fikzinoagaz lehian animazinoak irabazteko izan leikezan aukerearen aurrean. Hor zehar ikusitakoak ikusita eta, esango neuke fikzinoa gehiago baloretan dala eta, beraz, animazinoko lan batek sari horreek hartzea oso pozagarria izan da. Beraz, sariak dakarren diru hori segurutik hurrengo proiektuan edo gastauko dot; bakarrik lan egiten dozunean, denporea inbertiduten dozu eta denporea dirua da.


3.- Sinopsiari eta trailerrari erreparauta, zinema baltza ete dan pentsau daiteke baina esango neuke munduko agintari nagusienen jarreren kontrako kritikea be badagoala filman... Ze mezu zabaldu gura izan dozu filmagaz, zein izan da intentzinoa?

Kritikarik ez dot egin gura izan, egoera bat islatu dot, mundu mailako kolore guztietako politikariak erabili dodaz eta bakotxa rol baten jarri dot baina nik ez dot inoren aldeko ez kontrako jarrerarik hartzen, eretxirik be ez dot emoten kontrakoa emon leiken arren. Izenburuak berak adierazoten dauen legez, esan neban ez dot sekula politikaz berba egingo. Orduan, mezua zein ete dan, interpretazino asko egon daitekez eta gurago dot ikus-entzuleek eurek esatea ze mezu topetan daben filman.

Ganerakoan, intentzinoaren harian, filma egin neban momentuan komunikabideetan eta ikusten ziran astokeriak, berbarako ustelkeria, Greziako kasua, etxe desjaubetzeak... Gai horreen guztien aurrean badago zeozelan nire hasarrea, nahiz eta ni ez nazen sekula politikan sartzekoa izan. Niri thrillerrak egitea gustetan jat eta bide horretatik jarraitu gura dot.


4.- Esanda neukan ez nebala inoiz Politikaz berba egingo filma eta beste 9 film profesional lehiatu zarie Lekeition. Zeintzuk dira zure film sarituaren ezaugarri teknikoak?

Kredituak oso luzeak izaten dira, filma bera baino luzeagoak [Barreka]... Animazinoko film labur tradizionala da, hamar minutu eta erdi ingurukoa eta zuri-baltza eta gorria koloreak erabili dodaz, bizitasuna eta gordintasuna erakusten daben koloreak diralako. Tradizionala izan arren, hiru animazino mueta erabili dodaz, tradizionala, eskuz eta papelean egindakoa eta rotoskopia digitala (mobimentu erreala erreferentzia hartuta marraztea) eta konposisinorako, barriz, software berezi bat erabili dot.


5.- Filmaren musikea Xabat Lertxundi, Gari eta Belako taldearen ardurea izan da. Ze hartu-emon dozu aitatu musikariakaz?

Xabat Lertxundirena lehen be esan deutsut, alkarregaz egin genduzan arte eder ikasketak eta oso ondo konpondu gara beti, soinu bandak egiten aparteko indarra eta sentimendua dauka eta gustora egiten da lan beragaz.

Bestetik, film laburra egiten nengoala, musika zehatza neukan gogoan eta zezeilean Belako talde bizkaitarrak Bele beltzak baino ez lana argitaratu eban; itunesen entzun, erosi eta argi izan neban hasieratik abesti hori sartu behar nebala. Belako taldeagaz harremanetan jarri eta oso ondo hartu eben, film laburra ikusi eta asko gustau jaken eta, beraz, nahikoa hartu-emon positiboa izan zan.

Gari, barriz, nire bigarren aitatzat daukat, bideoklipak eta zuzeneko proiekzinoak egin izan dodaz beragaz eta, horrezaz aparte, ate asko edegi deustaz, jente askogaz jarri nau hartu-emonetan eta alkarreri laguntzeko zeregin horretan eten barik gabiz aspaldi.


6.- Gari, Doctor Deseo, Ken Zazpi, Gose, Lain zein Split77 taldeen bideoklipak be egin izan dozuz. Gustora zabiz zeregin horretan? 

Bai. Asko egin dodaz eta aspaldian geldi nago baina oraintxe, hain zuzen, EH Sukarraren bideo barria egiten nago eta laster jentaurrean agertuko da, animazinokoa da. Bideo musikalen arloa asko gustetan jatana da eta egin izan dodaz batzuk, bai. Edozelan be, orain uste dot garaia heldu jatala neureari heltzeko, beti gura izan dot zinemea egin eta hauxe dala momentua sentiduten dot.


7.- 2005ean, Jostuna (animazinoa) eta 2008an, Amaigabea (animazinoa) laburrak zuzendu zenduzan. Zergaitik animazinoa eta zergaitik laburra?

Arte Ederra ikasi ostean, komikigintzatik, ilustrazinotik nator eta beti gustau izan jat animazinoaren mundua. Giro horretan ezagutu neban Bego Vicario irakaslea eta berak atara eustan barrutik animazinorako pasino hori. Beragaz hasi nintzan Jostuna egiten, gero sari batzuk jaso zituana.

Laburra zergaitik? Animazinoa egitea asko kostetan da, denpora asko behar da eta horregaitik metraje laburrekoak atera jataz; baina film luzeak egiteko be prest nago eta buruan daukadaz dagoeneko idea batzuk. Zein aterako dan ez dakit baina hori izango da urratuko dodan bidea. 


8.- 2008an AnimaDeba, Animazinoko Zinemearen Jaialdia sortu zenduan. Zelako ibilbidea egin dau Jaialdiak?

Aurten 8. edizinoa egingo dogu baina ez da erraza holako jaialdi bat aurrera eroatea. Berez, udaletxeko kultura teknikariak egin eustan proposamena dago oinarrian, izan be, saio baten edo bitan neure lanen erakuslehio bat egiteko aukerea planteau eustan. 2008an nik ez neukan horrenbeste lan erakusteko eta horixe esan neutson, ordubete edo beteko gendula baina asko gehiago ez. Orduan, helduentzako animazinoa bultzatzeko asmoz neuk proponidu neutsen jaialdi bat sortzea, bi eguneko jaialdia, Euskal Herriko film laburrakaz eta hurrengo egunean, luze bat, Pedro Riveroren Crisis carnivora, hain zuzen. Bego Vicario be konbidau genduan hasiera-ekitaldira eta gustora ibili ginan. Hurrengo urteetan umeentzako animazinoa be jorratu dogu ze eurak dira etorkizuna, lehiaketak be abiarazo doguz, Rebordinos jn.ak zabaldu eban jaialdia orain pare bat urte, Doctor Deseo eta Gari lako musikariak izan dira geugaz eta apurka-apurka jentea AnimaDeba ezagutzen joan da.


9.- Oso oker ez bagagoz, 2009tik ikus-entzunezkoen sormen eta ilustrazino lanetan zabiz. Sektorea zelan dago? Zeintzuk dira zure bezeroak? 

Bai. Proiekzinoak, bideo laburrak, promozinoak, bideoklipak eta egiten jarraitzen dot. Hoy no me puedo levantar Mecanoren musikalean be proiekzinoak eta egin nituan.

Bezeroak, barriz, danetarikoak, pribatuak zein partikularrak eta gustora nabil danakaz.

 

10.- Bihar-Etzirako zeintzuk dira zure erronkak?

Oraintxe film labur bategaz nabil eta horixe izango da argitaratzen lehenengoa baina film luzea egin gura dot; idea eta gidoi batzuk badaukadaz baina oraindino esperimentazino fasean nago eta goizegi da ezer aurreratzeko. Animazinoaren eta fikzinoaren arteko buztarketea egin gura neuke baina oraingoz ezin deutsut askoz gehiago esan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu