Erromako Associazione Culturale Euskarak jasoko dau ENE Saria
2015-12-04 11:24 Euskerea berbagaiEusko Ikaskuntzak urtero emoten dau saria, euskerearen eta euskal kulturearen alde Euskal Herritik kanpo egiten dan lana goratzeko. Aurten, Erromako talde bati, Associazione Culturale Euskarari emongo deutsie saria. Italiako uriburuko kultur eskaintzea aberasten dau alkarte horrek eta euskerea eta euskal kulturea Erroman ezagutarazoteko ekimen ugaritan parte hartzen dau.
Eusko Ikaskuntzak urtero emoten dau saria, euskerearen eta euskal kulturearen alde Euskal Herritik kanpo egiten dan lana goratzeko. Aurten, Erromako talde bati, Associazione Culturale Euskarari emongo deutsie saria. Italiako uriburuko kultur eskaintzea aberasten dau alkarte horrek eta euskerea eta euskal kulturea Erroman ezagutarazoteko ekimen ugaritan parte hartzen dau.
ENE Sariaren hamargarren ekitaldia izan da aurtengoa eta aurreko edizinoetan baino proposamen gehiago jaso ditu Eusko Ikaskuntzak. Azkanean, Associazione Culturale Euskararen alde egin dau epaimahaiak, honako arrazoiak emonda: Molde desbardinak aukeratu ditu, bere eskaintzea gizarte italiar guztira zuzenduta dago eta euskerea eta euskal kulturea 21. mendera egokitzeko bideak erakutsi ditu.
Nestor Basterretxeak egindako oroigarri bat da ENE Sariko garaikurra baina Eusko Ikaskuntzak oraindik ez dau zehaztu noiz egingo dan berau emoteko ekitaldia.
Associazione Culturale Euskara alkartea 2002an sortu zan, euskerea eta euskal kulturea bultzatzeko helburuagaz, Italiako beste erakunde kultural batzukaz alkarlanean. Euskera ikasteko kursoak antolatu ditue hasieratik eta Erromako unibersidadean euskal gaiek lekua egitea lortu dabe. 2013an Erromako Euskal Astea egin eben.
Era askotako ekitaldiak antolatzen ditu Associazione Culturale Euskarak. Esate baterako, Euskanta proiektuan parte hartzen dau: Erromako umeek poesiak sortzen ditue eta, ondoren, euskerazko kantu bihurtzen dira. Beste alde batetik, bilera aperitiboak be eratzen ditue hilean behin, kontzertu, erakusketa, ikastaro eta abarrak ahaztu barik.
Argitalpenen aldetik be sendoa da alkartearen apustua. Euren argitaletxeari esker, euskerazko liburu ugari italieraz plazaratu ditue. Internet bidezko hiztegia be badaukie. Hori guztia, egoitza zehatz bat euki barik. Izan be, egoitza bako euskal etxearen kontzeptua asmau dau Erromako Associazione Culturale Euskarak. Gero, beste Euskal Etxe batzuek eredu horri segidu deutsie.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!