Patxo Telleria eta Mikel Martinez omendu ditu Bilbok

Bizkaie! 2015-12-02 09:49   Euskerea berbagai

Bilboko Udalak eskerrik beroenak emon nahi deutsez euskaldun barri guztiei, euskereari ez bakarrik Bilboko kaleetan, Euskadiko herri zein uriburu guztietan entzun eta bizirik eusteko hartutako konpromisoagaitik baino. Ekitaldian gogorarazo ebenez, Patxo Telleriak eta Mikel Martinezek hainbat lan sortu, produzidu eta gauzatu ditue, guztiak euskerea oinarri izanda eta protagonistak euskaldun barriak izanik.

Bilboko Udalak Patxo Telleria eta Mikel Martinez artistak omendu ditu, Euskerearen Nazinoarteko Egunaren harira antolaturiko ekitaldien artean; Juan Mari Aburto alkatea izan zan buru udaletxean egindako ekitaldian.

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) herri erakundeek euskaldun barriak omendu nahi ditue aurtengo Euskerearen Egunean, eta, esangura horretan, Patxo Telleria aktore eta zuzendariari eta Mikel Martinez aktoreari aitamen berezia egin nahi izan deutso Bilboko Udalak, antzerki bikote honek urte asko daroazalako eszenatokietan euskerea sustatzen.

Kontuak kontu, Bilboko Udalak bat egin dau Euskerearen Nazinoarteko Eguneko ospakizunakaz, eta eskerrik beroenak emon nahi deutsez euskaldun barri guztiei, euskereari ez bakarrik Bilboko kaleetan, Euskadiko herri zein uriburu guztietan entzun eta bizirik eusteko hartutako konpromisoagaitik baino. Ekitaldian gogorarazo ebenez, Ez dok Hiru antzerki konpainiaren bitartez, Patxo Telleriak eta Mikel Martinezek hainbat lan sortu, produzidu eta gauzatu ditue, besteak beste, Kontenedore baten Istorioak, Poema múltiple con avestruz, Euskara Sencilloaren Manifiestoa, Larru Haizetara, Euskarazetamol edo Lingua Nabajorum, guztiak euskerea oinarri izanda eta protagonistak euskaldun barriak izanik.

Eskerrak Udalari geugaz akordateagaitik, esan eban Patxo Telleriak Udaletxeko Arabiar Aretoan jarritako pantaila batetik, izan be, Telleriak ezin izan eban ekitaldian parte hartu Donostian Igelak pelikulea filmetan dagoalako egunotan.

Euskerea ikasi ez eze euskerea zabaltzen dabe euskaldunbarriek, eta hori egin eben orain urte asko Mikel eta Patxok. Ikasle eta militante izan ginan eta bidea egiten jarraitu genduan, adierazo eban Mikelek. Bide horretan antzerkian hasi ziran, eta gustau egin jakun istorioak kontetea, gauza politak kontetea, euskaldunak harro sentiduteko euskaldun izateaz.

Ikasi, erabili eta garrantzitsuena, euskerea maitatzea dala autortu dau Juan Maria Aburto Bilboko alkateak. Euskaldunbarria naz eta ez naz lotsatzen, esan dau Arabiar Aretoan.

Euskerearen ezagutzan aurrerapausu handiak emon dira Aburtoren eretxiz, eta gaztaroan edota helduaroan euskerea ikasi daben herritarren ekarpena txalotu dau: Aparteko ekarpena egin deutsie euskereari eta euskal kultureari. Euskerearen unibersoa zabaldu dozuen guztioi eskerrik asko, zuek guztiok merezidu dozue omenaldia.
 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu