Euskaltzaindiak eta Eusko Legebiltzarrak batera ospatuko dabe Euskerearen Eguna

Bizkaie! 2015-12-01 13:07   Euskerea berbagai

Euskara... Plazan! izenburuko ekitaldia abenduaren 3an egingo dabe Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren egoitzan. Parlamentuak eta Euskaltzaindiak alkarregaz antolatu dabe saio berezi hori. Linguae Vasconum Primitiae euskerazko lehenengo liburuaren itzulpenak aurkeztu eta Koldo Mitxelena hizkuntzalaria omenduko dabe bertan.

Euskara... Plazan! izenburuko ekitaldia abenduaren 3an egingo dabe Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren egoitzan. Parlamentuak eta Euskaltzaindiak alkarregaz antolatu dabe saio berezi hori. Linguae Vasconum Primitiae euskerazko lehenengo liburuaren itzulpenak aurkeztu eta Koldo Mitxelena hizkuntzalaria omenduko dabe bertan.

Euskerea plazan dagola, auzoko eta munduko plazan, hori aldarrikatuko dabe ekitaldian, Euskaltzaindiak eta Legebiltzarrak aurreratu dabenez. Mezua be preparauko dabe egun horretarako, ardatz beraren inguruan.

Ganera, Legebiltzarreko ekitaldian Linguae Vasconum Primitiae lanaren sei itzulpen aurkeztuko dira. Bernart Etxeparek 1545ean argitaratutako liburua ezagutzen dan euskerazko zaharrena da. Polonierara, hebreerara, finlandierara, georgierara, errusierara eta neerlanderara itzuli dabe orain liburua eta horreek sei bersinoak aurkeztuko ditue Gasteizen.

Xabier Kintana izan da edizinoaren arduraduna. Era berean, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak idatzitako hitzaurre bana dakarz liburu bakotxak. Euskara, jalgi hadi plazara aldarria egin eban Etxeparek liburu haretan eta esaldi horretan oinarrituta aukeratu dabe ekitaldiaren leloa: Euskara... Plazan!.

Bide batez, Koldo Mitxelena euskaltzain eta hizkuntzalaria gogoan hartuko dabe, jaio zanetik ehun urte bete dirala eta. Iraganera begira, euskerearen garapen historikoa ikertzen lan handia egin eban Mitxelenak eta, etorkizunera begira, euskera batu eta modernoa sortzeko bultzadea emon eban. Haren lan oparoari omenaldia eta autortzea egingo jako.

Legebiltzarrak eta Euskaltzaindiak Mitxelenaren esaldi bat gogora ekarri dabe, ekitaldiaren asmoagaz bat datorrelakoan: Eragozpenak eragozpen, plazara ginan Etxeparez gero, eta plazan iraungo dogu, gerta ahala gerta, baldin asmoz eta jakitez -ausart baina halandabe neurriz- jokatzen badakigu.

Abenduaren 3ko ekitaldi berezi hori goizeko 9etan hasiko da. Euskal Telebistak zuzenean emongo dau.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu