Alfredo Lopez de Gereñuk eta Josu Esnaola getxotartuek jasoko dabe 2015eko Euskera Saria

Bizkaie! 2015-11-25 14:05   Euskerea berbagai

Bizitza paraleloak ditue bi lagunek, Gipuzkoan jaio ziralako, lan arrazoiakaitik etorri ziralako Getxora biziten orain 30 bat urte eta euskaltegiko irakasleak diralako (Alfredo Getxoko udal euskaltegian eta Josu Leioako udal euskaltegian). Ibilbide profesionalean zein personalean, euskerearen erabilerea sustatzeari eta zabaltzeari ekin deutsie Getxon.

Alfredo Lopez de Gereñuk eta Josu Esnaolak jasoko dabe 2015eko Argia Ereiten Euskera Saria, orain 19 urte Berbalaguna ekimena Getxon martxan jarri izana autortzeko. Donostian, beste hizkuntza batzuekaz egiten egoan esperientzia udalerrira ekartea erabaki eben, eta ordutik hona, jente ugarik hartu dau parte ekimenean, Getxon ez eze baita Euskal Herriko beste leku askotan be. Biak Gipuzkoan jaioak, Getxora etorri ziran lan kontuakaitik, eta berton emon dabe bizitza osoa. Euskaltegiko irakasleak dira, eta ibilbide profesionala zein personala euskereari euki dabe beti lotuta. Orain oso pozik dagoz biak, udalerriko euskalgintzeak proponiduta, euskerearen erabilerea babestu eta sustatzeagaitik jasoko dabelako aurtengo Euskara Saria abenduaren 1ean, martitzena, 20:00etan  Fadura Kiroldegiko aretoan ospatuko dan ekitaldian.

Alfredo Lopez de Gereñu Bertxo eta Josu Esnaola oso pozik eta hunkituta dagoz aurten Argia Ereiten Euskara Saria jasoko dabelako, holan proponidu dauelako herriko euskalgintzeak; eta horrek ilusino berezia egiten deutse biei; Euskerea nire bizitearen ardatz bat da eta arlo horretan egindakoagaitik saria jasotea oso pozgarria izan da, autortu dau Alfredok. Josuk ez eban espero, ezusteko handia izan da berarentzat, holako gauzak egiten dozuzanean euskereak aurrera egiteko beharrezkoa dala pentsetan dozulako da, eta bat-batean holako saria jasotea sano pozgarria da. Honek indarra emongo deusku aurrera jarraitzeko eta beste proiektu batzuetan sartzeko gehitu dau Josuk.

Bizitza paraleloak ditue bi lagunek, Gipuzkoan jaio ziralako, lan arrazoiakaitik etorri ziralako Getxora biziten orain 30 bat urte eta euskaltegiko irakasleak diralako (Alfredo Getxoko udal euskaltegian eta Josu Leioako udal euskaltegian). Ibilbide profesionalean zein personalean, euskerearen erabilerea sustatzeari eta zabaltzeari ekin deutsie Getxon bi lagunek eta horregaitik beti ibili dira euskereari lotutako alkarte eta egitasmotan beharrean (Bizarra Lepoan, Egizu, ALBE, Azebarri...).

Orain 19 urte Berbalaguna jarri eben martxan, euskerea ikasten dabilzan lagunak eta euskerea dakitenak gauzak egiteko eta berba egiteko antolatutako egitasmoa; garai horretan euskerea bultzatzeko hainbat lagun hasi ginan lanean. Bizkarra Lepoan aldizkaria atera ondoren, izen bereko alkarteak euskerea sustatzeko bestelako lanak egiteari ekin eutson. Hasieran, jenteari euskeraz egiteko jarduerak eskaintzea izan zan asmoa, beharra egoalako, aisialdia erdaraz zalako udalerrian, gogoratu dau Josuk.


Berbalagunaren sorrerea

Aldi berean, Alfredo, Hizkuntza Plangintza masterra egiten ebilen unibersidadean eta amaierako lana egin behar ebala-eta Donostian martxan zan mintzalaguna proiektuaren barri izan eban, baita Aretxabaleta eta Gasteizen zeozer antolatzeko egoan asmoaren barri be. Horreen jatorria, Tandem akademiak gazteleraz eta alemaneraz egiteko batzen zituan bikote linguistikoak izan ziran. Esperientzia horreek aztertu ondoren, Getxon egoki baino egokiagoa zala ikusi genduan, ikasle asko geunkazalako, gero kalean berba egiteko aukerarik ez ebenak. Horregaitik lehenengoz Bizarra Lepoan alkartean eta aurrerago euskaltegietan planteau genduan eta aurrera eroaten hasi ginan, arlo biak buztartuz, hau da, aisialdiko jarduerak euskeraz egin ahal izatea eta aldi berean euskeraz berba egin ahal izatea, azaldu dau Alfredok. 


Berbalagunaren arrakastea

Hasi ziranean 100 bat lagun batu ziran, espero zituenak baino gehiago. Bizkaian lehenak izan ginan, eta ez genduan pentsetan gaur egun bilakatu dana posiblea zanik be, jarraitu dabe biek. Izan be, gaur egun Berbalaguna esparru askotara zabaldu da, ohiko ikasleen taldeez gan (ia 300 bat lagunen partaidetzeagaz, 28 taldetan banatuta), familien, ume txikien eta gazteen taldeak be batzen diralako euskeraz eta gustuko ekimenak egiteko (kultura, kirol eta aisialdiko eskaintza ikaragarriagaz). Udalerritik kanpo be asko zabaldu da, Euskal Herriko leku askotan be martxan dagoalako. Gauzak txukun prestau eta beharra izan daitekez erantzun onaren gakoak, ikasle askok oraindino berba egiteko inguruan jente gitxi dabelako eta hizkuntzearen ikaste prozesuan aurrera egiteko ezinbestekoa dalako praktiketea adierazo dau Alfredok. 


Oraina eta geroa

Bai Alfredok bai Josuk uste dabe asko egin dala aurrera, oro har, herrian euskerearen arloan baina badago oraindino bide luzea egiteko, eta horregaitik oraindino be beharrezkoak dira Berbalaguna lako proiektuak. Orain, Josu buru-belarri dabil egitasmoa Berbaldun izenagaz martxan jarteko Leioan, garrantzitsua dalako ikasten dabilzanakana euskaldunok hurreratzea eta euskal munduan sartzen laguntzea. Alfredo, barriz,  Sortuak proiektua lantzen dabil, nekazaritzea, elikaduera, hartu-emonak eta euskerea buztartzen dituan ortu ekologikoen proiektua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu