Joseba Santxo: 'Gaur egun, oro har, askoz hobeto egiten da bertsotan, antxina baino'.

Koldo Isusi Zuazo 2015-11-23 10:03   Barriketan

ALBEren 35. urteurreneko batzordearen koordinatzailea

ALBEk, Algortako Bertso Eskoleak 35 urte bete ditu aurten eta Muxikako Pedro Ajuria eta Balendin Enbeita bertsolariek 1959. urtean sortutako Garrikogaz batera Euskal Herriko lehenengoetarikoak dira. 

Algortako Bertso Eskolearen helburu nagusia bertsozaletasuna bultzatzea da eta zeregin horretan makinatxu bat urte daroaz Joseba Santxok, bertsolaritza arloan, ALBEn emon zituan lehen pausuak, Trino Azkoitiaren eskutik; ikasle hasi zan, gero irakasle eta ostean arduradun. Esan daiteke bertsolaritzan danetariko lanak egin dituala: bat-batean kantetan ibili da herri eta eskualde mailan, bertsopapeletan be nabarmendu zan aldi batean (Besteak beste Euskaltzaindiaren Xenpelar Saria irabazita dago), gai-jartzaile be ibilita dago, antolatzaile, aurkezle... Baina batez be bertso-epaile lanean ibili da azkenaldian, Bizkaikoetan, eskolartekoetan, eta han-hemengo sariketetako epaimahaietan, baita Euskal Herriko Txapelketa Nagusian be.


1.- Eskolako beste ikasle batzuekaz batera, orain 30 bat urte kantau zenduan lehenengoz jentaurrean, Sopelako frontoian. Lehenengo plaza hori zelako esperientzia izan zan?

1988ko bagilaren 8an izan zan nire plazako bategoa. Ondo lagunduta egon nintzan: Trino Azkoitia, Nagore Iriondo, Iñaki Benito del Valle… Gogoan dot sano konzentrauta egon nintzala: neurria, errimak… baina kantuan hasitakoan eta, batez bere, kanta osteko txalo-hotsa entzunkeran, harridura eta zelanbaiteko plazerra sentidu nebazala. Ordutik-eta gogoz nabil jenTaurrean, atsegin dot bat-bateko jarduna.


2.- Urteetan bertsolaritza ikasgaia emoten be ibili zara Uribe Kostan. Zelan aldatu dira gauzak azken urteotan? Zaletasun handiagoa dago?

Uribe Kostako ikastetxeetan lehenengo bertso-irakaslea izateko pribilegioa euki neban, 1989an. San Nikolas ikastolan hasi nintzan. Trinoren eskola zoragarria ondo barruratuta neukan, eta hango irakasle eta eragileek asko lagundu eusteen: Paul Benito del Vallek, Xabier Agirregomezkortak, Josune Barrenetxeak... Ikasleen jarrerea abegitsua izan zan. Lehenengo talde haretatik bertsolari eta bertsozale errimeek urten eben: Fredi Paiak, Josu Arroyok, Peio Unzurrunzagak, Irkus Ansotegik, Xabi Paiak… Hurrengo urtean Sopelako Ander Deunan hasi nintzan. Han 40tik gora ikaslek emon eben uzena. Estu ibili nintzan danakaz konpontzeko. Eskerrak Miren Loizagak lagundu eustana! Goizalde Atxutegi bere hango taldeetako batetik sortu zan. Eta hurrengo urtean, Leioako Gobelan bere hasi nintzan. Hango taldetik Nahikari Ayo azpimarratuko neuke. Hurrengo urteetan Josu Landeta eta Iñaki Benito del Valle batu jatazan irakasle-lanean. Eskualdeko eskolaumeak polito bertsozaletu genduzan! Ordutik hona euri asko egin dau, baina bertsozaletasunak, behera barik, gora egin dau, neurri handi-handi baten ALBEri esker.


3.- Uribe kostako eskola eta ikastola gehienetan dago bertsolaritzEa lantzeko aukerea LHko 5. eta 6. mailetan, baina ez askotan DBHra saltoa egin ostean...

Adin-tarte gatxa da hori, baina sano garrantzitsua, ikasleek bat-batekorako saltoa emongo badabe. Gure eskualdeko hainbat ikastetxetan, zorionez, badago DBHn bertsolaritzea lantzeko aukerarik, baina hortik gora, ALBEtik berariazko deialdia egin dogu, DBHko gazteak erakarteko. Talde polita sortu da hortik. 


4.- Urteak dira baserri girotik kalera, bertsolaritzea kaletartu zanetik eta horrek upealako aldaketak ekarri ditu, gaietan, erritmo, doinu eta kantakeran.  Aldaketok onerako izan dira?

Aldaketen onurak denporagarrenean neurtu behar dira. Gaur egun, oro har, askoz hobeto egiten da bertsotan, antxina baino. Halandaze, aldaketok onerako izan dirala ondorioztatu behar. Halandabere, badira lehenagoko bertsolaritzatik egungora ekarteko moduko alderdi interesgarriak, kasurako, kantekerea eta erritmoa. ALBEn mimo handiz lantzen doguz ezaugarriok. Bai eta bertsokera zaharraren beste hainbat bere. Laster baten, esaterako, Jon Aurre bertsolari beteranoa hasiko jaku ALBEn bertsopaper klasikoak lantzen, Paperetik Ahora deitu deutsagun ekimenaren barruan, alderdi horreek guztiok hobetze alde.


5.- Bertsolaritzea lantzeko baino euskerea lantzeko hurreratzen dira asko bertso eskoletara. Lehengo bertsolarien euskal sena, euskera jatorra galdu eta egun baldarrago ete dabiz bertsolari gazteak?

Egia da, bai, ez dagoala bertsolaritzea langorik euskerea lantzeko. Bertsolariak euskerea dau lanabes, eta, inuiten esalege zahar batek dinoan lez, hizkuntzea da lanabes bakarra, ibiliaren ibiliaz amoztu barik, zorroztu egiten dana!. Ahor egia biribila! Horregaitik ez da txiripa hutsa ALBEren inguruan dabilzan bertsozaleak euskaldun bikainak izatea.


6.- Bertsoen neurria, errimak eta enparauak ikasi egiten dira baina badira beste gauza batzuk be ahaztu ezin daitekezanak, izan be, bertsolariak erantzuten eta arrazoitzen jakin behar dau...

Egia da hori bere, eta hor bertsolari bakotxa mundu bat da. Guk arrazoiketea asko lantzen dogu, landu daitekean neurrian, beti bere, arrazoibako edo arrazoi makaleko bertsoa bertso eskasa dalako. Baina danok ez daukogu arrazoiketarako gaitasun bera. Hori bai, guk bertsolagunaren arrazoiari ez erantzutea -ofizioan batez bere- pekatu handitzat daukogu.


7.- Bertso Eskolen helburu nagusia bertsozaletasuna bultzatzea da baina ba al dira beste batzuk?

Gaur egun ALBEren helburu nagusia -beste hainbat helburu apalagogaz batera- bertsolariak sortzea da. Trinok hasikeratik esaten izan deusku bertsoa baino inportanteagoa bertsolaria dala, bertsolaririk bage ez baitago bertsorik. Eta ideia horixe azpimarratu gura izan dogu aurton, ALBEren 35. urteurrena dala-eta prestatu dogun bertsoan. Horra:

35. urteurreneko bertsoa
Hogeita hamabost urte
bertsogintza bitarte
ibili gara hamaika
plazatan hartzen parte.
Laurogeian sortu ginen,
gero egin Elkarte;
orain ez gara ibiltzen
goi-mailatik aparte
eta jarraitu nahi dogu
indarra dogun arte
bertsolari artistak sortzen
ta hitza bihurtzen arte!


8.- ALBE, Algortako Bertso Eskolan taldeka banatuta eta, zenbat lagun zabize gaur egun bertsotan? Eta maisu lanetan?

Irakasle mordotxua dabil bertsolaritzea lantzen gure eskualdean, bai ikastetxeetan, bai Algortako ALDAI patronatuko lokalean bere: Beñat Vidal, Galder Bilbao, Iñigo Kortazar, Josu Landeta, Nahikari Ayo, Peru Vidal… Eta ikasleak, zorionez, ez dira gitxi. Ehundaka ikasle dabilz ikastetxeetan, eta hamarka batzuk bat-bateko eskolan. Aurrerantzean bere ez da bertsolaririk faltako!


9.- Albekumeak dira, besteak beste, Jone Uria eta Paia anai-arrebak. Fredi eta Xabi Bizkaiko txapeldun izandakoak doguz, Euskal Herriko Txapelketan kantetan ibilitakoak... Ikusiko ete dogu bizkaitarrik Euskal Herriko Txapelketa nagusia irabazten?

Guk bertsolarigaiak edonora heltzeko elikatzen doguz. Goitik ez deutsagu mugarik ezartzen. Alde horretatik, ez litzake ezinezko nozbait ALBErtsolari bat Euskal Herriko txapela buruan ikustea. Baina behetik bere ez deutsegu mugarik iminten gure eskolakoeri: beste barik bertsozalea izan gura dauenak bere gure onespen eta babes osoa dauko. ALBEn guztientzako lekua dago; guztiek dauke ahotsa, eta ahots guztiak onartzen doguz, gure eskolearen filosofia batzen dauen bertsoan ikusi leikeanez:

LAU LETRATXO
Lau letratxo elkarren ondoan…
akronimoa da!, brabo!
eta atzean bertso-eskola bat…
parkatu, askoz gehiago!
A, L, B eta ondoan E,
ALBE lez ezagunago
Bertsozale bik sortu zutena
gaur baino askoz lehenago.
Laurogeian sortu zuten eta
ez ote dugu arraro
hainbeste urtez iraun izana
bertsogintzaren abaro.
Sekretutxo bat badauka baina
irauteak aroz aro:
ALBEN AHOTSAK UGARI DAUDE,
BIHOTZA BAKARRA DAGO!


10.-  ALBEren urteko ekitaldi nagusienen artean, udako Bertso Jaialdi Mundiala eta Balkoitik Balkoira zein Abra Saria nabarmendu daitekez baina badira jente piloa erakarten daben beste batzuk be. Zeintzuk?

Bertso-afari tematikoa, jaietako bertsosaioak, Balendin Enbeita bertsopaper-lehiaketea, aurton estreinau dogun Hitzaren Dantza, Eskolatik Plazara, Zubiko Desafioa, ALBE Galea, bertso-jirak… Ahaztu barik beste alkarte eta eragileakaz alkarlenean egiten doguzanak, honen 28an Bizarra Lepoan, Egizu, Azebarri eta Hirukagaz egingo dogun Opa dizueguna ospatuz kasu. Bertso-agenda iraunkor sendoa daukogu, eta ganera eskualde osoko bertso-beharrizanak -sasoian sasoikoak eta tokian tokikoak- bere kudeatzen doguz; bertso-preminea non, ALBE eta ALBEkideok han!


11.- Eskolatik plazara ekimena eta bertso urtearen erremate moduan, Albe Galea nabarmenduko neukez. Biak datoz urte amaiera honetan...

Eskolatik Plazara, sortzez, Bertsolari Gaztetxuen Eguna izan zan. 2000. urtean egin genduan lehenengoa Algortako San Nikolas plazan, eta helburu nagusia bertsolaritzea lantzan diharduen ikasleeri plazarako bidea erakustea litzateke. Ekitaldi hori jaio zaneko leloak ondo batzen dau filosofia hori: Hasi bertsotan gaztetxutan!.

Eta urtea biribil amaitzeko, ALBE Galea daukogu. Galea urtero egiten dogu, bertso-urtearen erremate moduan, baina aurton ekitaldi berezia egingo dogu abenduaren 12an, Algortako Igeretxe Hotelean, Ereaga hondartzan. Ospakizun dotorea egin gura dogu, aldi berean apala eta goi-mailakoa. Bertsorik ez da faltako. Ezta saritu eta sorpresarik bere. Ilusino handia imini dogu ekitaldi horretan eta gala itzela izatea gura geunke. Egitaraua oso da erakargarria, baina hemen zehatz-mehatz aitatu baino, hoba da ALBEk urteurrenagaitik beren-beregi sortutako webgunean sartu eta bertan irakurtea.


12.- 35. urteurrena behar dan moduan ospatu ostean, ze erronka dozuez hemetik aurrera?

Eskuartean daukogun guztiari eustea bera erronka handia litzake berez, baina erronkoso samarrak garan ezkero, akordako jaku baztarrak harrotzeko moduko zorokeria barririk! Adi egon eta sarri sartu Unai Angulo ALBEkide prestuak atondu deuskun webgune dotorera!

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu