Sormen industriei bultzadea emoteko, DWeek 2015 egingo dabe Bilbon
2015-11-16 10:07 KultureaGaur hasi eta abenduaren 1era bitartean egingo dabe DWeek 2015, diseinuari eta Bizkaiko sormen industriei eskainitako ekimena. Erakunde publikoen eta pribaduen arteko lankidetzeari esker antolatu dabe egitaraua, 45 jarduera baino gehiagogaz. 24 agertokitan egingo ditue jarduerok.
Gaur hasi eta abenduaren 1era bitartean egingo dabe DWeek 2015, diseinuari eta Bizkaiko sormen industriei eskainitako ekimena. Erakunde publikoen eta pribaduen arteko lankidetzeari esker antolatu dabe egitaraua, 45 jarduera baino gehiagogaz. 24 agertokitan egingo ditue jarduerok.
Abenduaren 1ean urtebete izango da UNESCOk diseinuaren uri izentau ebala Bilbo. Erakunde publikoek erreferente bihurtu nahi ditue Bilbo eta Bizkaia sormenaren eta diseinuaren sektoreetan. Hazten doan alorra dala ziurtau dabe: Gaur egun, 5.600 enpresa eta 16.000 behargin dagoz sektorean. Sormen industriek nazinoartean daukien proiekzinoa aintzat hartuta antolatu dabe DWeek 2015, Bilboko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia bultzatzaile dirala, beste eragile askoren laguntzinoagaz.
Diseinua, arkitekturea, modea, ikus-entzunezkoak, sormen-teknologiak eta abar, arlo ugari hartuko ditu egitarauak. Nazinoarteko jardunaldiak, foroak, tailerrak eta erakusketak egongo dira tartean. Sektoreko profesionalei eta enpresei zuzendutako ekintzak izango dira gehienak, baina kasu batzuetan herritar guztiei zabalik egongo dira.
DWeeken erdigunea Bilbo izango da, batez be Azkuna Zentroa, ekitaldi gehienak bertan egingo dira eta. Halandabe, uriko beste leku ezagun askok be parte hartuko dabe egitarauan, Guggenheim Museoak eta Bilbao Berrikuntza Faktoriak adibidez. Bilbotik kanpora, Barakaldoko BEC eta Durangoko Landako gunea be egoitzen artean dagoz.
Bideo-jokuen arloak pisu handia eukiko dau DWeek 2015eko egitarauan. Fun&Serious jaialdia, AzPlay lehiaketea eta Gamegune dagoz iragarrita, besteak beste. Diseinuagaz lotutako hiru topaketa be egongo dira.
Arkitekturea, interiorismoa, modea eta artisautzea lantzeko be hitzordu ugari egongo dira. Creamoda jaialdi ezagunetik hasi eta tresna digitalen bidez artisautza bide barriak topetako Basquecrafts 2.0 topaketaraino. Bestetik, merkataritza digitalaren esparruko topaketea egingo dabe Euskalduna Jauregian eta Clara Shih adituak parte hartuko dau.
Cities&Design nazinoarteko foroan, diseinuaren sektoreko profesionalek esperientziak alkarbanatzeko espazioa eukiko dabe. Helsinki izango da topaketako uri konbidadua eta Finlandiako aditu ugari etorriko dira Bilbora. Izan be, Helsinki eta Bilbo Unescoren Diseinuaren Urien Sareko kide dira, Turin, Dundee eta Saint-Etiennegaz batera.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!