200 informatikarik parte hartuko dabe Informatikari Euskaldunen X. Bilkuran
2015-11-11 13:12 Euskerea berbagaiUEUk eta Enpresa Digitalak antolatu eta euskerazko informatikearen munduan lanean, ikertzen zein ikasten dabilzanentzat erreferentziala dan Informatikari Euskaldunen X. Bilkurea egingo da gaur, hilak 12, Donostiako Teknologia Alkartegiko areto nagusian.
UEUk eta Enpresa Digitalak antolatu eta euskerazko informatikearen munduan lanean, ikertzen zein ikasten dabilzanentzat erreferentziala dan Informatikari Euskaldunen X. Bilkurea egingo da gaur, hilak 12, Donostiako Teknologia Alkartegiko areto nagusian. X. edizinoa izanik, izenburu berezia bilatu nahi izan dabe antolatzaileek eta Philip K. Dicken Do Androids Dream of Electric Sheep? eleberri laburraren izenburua berrasmau dabe, Amesten al dute androideek ardi latx elektrikoekin? esaldia bilakatuz jardunaldiaren lema. Aurten, beraz, robotikearen gaia jorratuko dabe.
Robotek, mekanikaz eta elektronikaz gan, softwarea behar dabe. Gaur egun Internet bidez eta gizarte-sareak erabilita robotakaz komuniketako aukerea dago. Teknologia barriak, gaurkoak, atzokoak eta biharkoak, aurreratuenak, barruratzen ditue. Gizartean onartuta dagoz, etxeko tresna legez, irakaskuntzan eta medikuntzan be erabilten dira. Aurreko edizinoetako izenburuak ikusita orain arteko gai guztiak batu ditue robotikearen inguruan.
Informatikari euskaldunen bilkurea dala kontuan hartuta, robotikearen munduaz ez eze, informatikan euskeraz jarduteak berezko dituan bestelako gorabeherek be izango dabe lekua bilkurako gaien artean. Beraz, izandako esperientzien eta garatutako softwarearen barri emotea da asmoa.
Etenbako garapenean bizi dan gizarte honetan, aurrerakuntza eta aldaketak gero eta arinago emoten dira, euskerea eta euskaldunok be egoerara moldatu eta konponbideak emoten saiatzen gara. Esangura horretan, robotikearen informatikan eta informatikearen robotikan euskereak dauen erabilerea alde batera itxi barik, honen guztiaren azpian dagoan teknologia eta teknologia horri esker sor daitekezan aukera edo aplikazino barriak be lantzea da helburua.
Informatikearen inguruan gabilzanok, softwaregile eta erabiltzaile, ikasle eta irakasle, teknikari eta beste, batu, alkarregaz eguna emon, eta danon arazoei erantzun eguneratu bat bilatzen saiatzea izango da, bada, bigarren helburua.
1996an izan zan bilkura hauen lehen edizinoa, eta handik hona beste bederatzi ekitaldi antolatu dira. Emoitzak arrakastatsuak izan dira, batez beste 125 persona baino gehiago batu izan dira jardunaldi bakotxean, informatikeagaz loturea daben hainbat arlotatik etorriak: irakaskuntza, industria, administrazinoa eta komunikabideak gehienbat. Azken ekitaldian 200 lagunetik gora izan ziran jardunaldian parte hartu ebenak, ekimen honen erreferentzialtasuna azpimarratuz.
Informatikari Euskaldunen X. Bilkurearen egitaraua ikusteko klik egin hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!