Ortzadar-KMK euskerazko komiki lehiaketako lanak Rekalde aretoan ikusi leitekez

Bizkaie! 2015-11-10 09:24   Euskerea berbagai

Alai Zubimendi hernaniarrak irabazi dau Ortzadar-KMK lehiaketako 5. edizinoa, Superheroi izenburuko komikiari esker. Zubimendiren lanagaz batera, lehiaketan parte hartu daben beste lau egileren komikiak ipini ditue Bilboko Rekalde aretoan, epaimahaiak horretarako maila nahikoa daukiela dino eta. Bestetik, Juanba Berasategi irudigileari omenaldia egin deutse lehiaketako antolatzaileek eta bere ibilbide oparoa erakusten daben marrazkien bildumea eroan dabe Rekalde aretora.

Alai Zubimendi hernaniarrak irabazi dau Ortzadar-KMK lehiaketako 5. edizinoa, Superheroi izenburuko komikiari esker. Zubimendiren lanagaz batera, lehiaketan parte hartu daben beste lau egileren komikiak ipini ditue Bilboko Rekalde aretoan, epaimahaiak horretarako maila nahikoa daukiela dino eta. Bestetik, Juanba Berasategi irudigileari omenaldia egin deutse lehiaketako antolatzaileek eta bere ibilbide oparoa erakusten daben marrazkien bildumea eroan dabe Rekalde aretora.

Ortzadar-KMK komiki lehiaketea Deia egunkariaren Ortzadar euskerazko gehigarriak eta Bilboko Rekalde aretoak antolatzen dabe. Aurten, 5. edizinoan, epaimahaiak adierazo dau maila oneko komikiek parte hartu dabela. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako komikiak jaso ditue oraingoan. Azkanean, Alai Zubimendi hernaniarraren Superheroi komikiari emon deutsie lehenengo saria, 1.500 eurokoa. 2011ko edizinoan be, Zubimendi izan zan irabazle.

Bere seme txikiaren inguruko pasadizoetan oinarritu da Zubimendi Superheroi komikia idatzi eta marrazteko (berak egin ditu biak, gidoia eta irudiak). Ortzadar-KMK saria hartzeko orduan, baina, aita izan dau gogoan hernaniarrak. Izan be, sariketea irabazi eban aurreko aldian, kopa bana txakolin edanda ospatu nahi izan eben aita-semeek lorpena, baina konpromiso batzuk tarteko, ezin izan eben.

Alai Zubimendik aitari agindu eutsan hurrengoan irabazten ebanean edango ebela txakolina, baina aita oraintsu hil da eta agindua ezin beteta geratu arren, gogoan hartu nahi izan dau marrazkigileak gertakari hori.

Juanba Berasategi irudigilea omentzeko be erabili dabe Ortzadar-KMK lehiaketako aurtengo edizinoa. Berasategi (Pasaia, 1951) ez da komikigilea, baina ilustrazinoan, kartelgintzan eta animazino-zineman lan handia egindakoa da. 1970eko hamarkadan egindako aintzindari lanagaitik gorazarre egin nahi izan deutsie eta beti euskeraz lan egiteko prest agertu dalako.

Euskerazko animazinozko zinemearen arloan, gogoan hartzekoa da Juanba Berasategik eta bere lantaldeak egindako Kalabaza tripontzia. Bide barria zabaldu eutsan euskal zinemagintzari film harek. Baliabide gitxigaz, kolaboratzaile boluntario askogaz eta ilusino handiagaz egin eben filma, Berasategik berak azaldu dauenez.

Ortzadar-KMK lehiaketearen zeregin garrantzitsua azpimarratu dau Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera zuzendariak: Euskera bizia bultzatzeko ezinbestekoak dira honelako ekimenak, kaleko hizkerea sortzen laguntzen dabe. Abenduaren 5era arte ikusi leitekez Rekalde aretoan lehiaketako lan irabazlea, beste lau komiki aukeratu eta Juanba Berasategiren ibilbidea laburtzen daben irudi ugari.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu