Topikoaren atzeko Azkue argitara ekarri dau Jurgi Kintanak
2015-11-05 13:50 Euskerea berbagaiResurreccion Maria Azkue (Lekeitio, 1864- Bilbo,1951) euskaltzale, ikerlari eta idazlearen inguruko liburua argitaratu dau Jurgi Kintanak, Azkue, bilbotar ezezaguna (Erein). Bilboko Udalaren Unamuno Saiakera Saria irabazi dau. Azkueren lana ezezaguna da, bere sasoiko beste autore batzuenaren aldean eta, ganera, topikoz betetako irudia baino ez jaku heldu. Horri bueltea emotera dator liburua.
Resurreccion Maria Azkue (Lekeitio, 1864- Bilbo, 1951) euskaltzale, ikerlari eta idazlearen inguruko liburua argitaratu dau Jurgi Kintanak, Azkue, bilbotar ezezaguna (Erein). Bilboko Udalaren Unamuno Saiakera Saria irabazi dau. Azkueren lana ezezaguna da, bere sasoiko beste autore batzuenaren aldean eta, ganera, topikoz betetako irudia baino ez jaku heldu. Horri bueltea emotera dator liburua.
Jurgi Kintana (Bilbo, 1975) Historian doktorea eta EHUko irakaslea da. Ikerlaria eta UEUko kidea be bada. Azkueri buruz idatzi eban tesian oinarrituta dakar oraingoan Azkue, bilbotar ezezaguna, datu zabalago eta osotuagoakaz. Azkuek Bilbogaz euki eban hartu-emon estua aldarrikatu eta haren figurea berreskuratu nahi dau.
Izan be, Kintanaren eretxian, Azkueren lana jente gitxik ezagutzen dau, bere sasoiko autorerik garrantzitsuenen eta oparoenen artean badago be. Bilbon kaleko jenteari galdetu ezkero nor izan zan Azkue, gehienek ez dabe jakingo eta Unamuno nor izan zan, ostera, bilbotar ia guztiek dakie, adierazo dau Kintanak.
Azkue eta Unamunoren arteko alderaketak sarri sartu ditu autoreak liburuan. Izan be, bien artean antzekotasun eta desbardintasun asko ikusten ditu. Alde batetik, biak jaio ziran urte berean eta aldaketa uneak bizi izan zituen Bilbon eta euskal munduan. Atzera bueltarik bako modernizazinoan sartutako herria ezagutu eben. Bestetik, Unamunok uste eban, modernizazino horretara egokitzeko, euskerea baztartu egin behar zala. Azkuek euskerea mundu modernoan sartu nahi izan eban.
Euskerea mundu modernora erakarteko, herrietatik urietara eroatea erabagi eban. Holan, Bilbo oinarri zala, ekimen ugari ipini zituan martxan Azkuek, sasoiko gustu kulturalean eta uriko intelektualen mobimentuan euskerea sartzeko. Azkuek euskaldunen duintasuna bilatu eban, dino Kintanak.
Bilbogaz lotuago dago Azkueren lana Unamonorena baino, adierazo dau Kintanak. Halandabe, Unamunoren figurea askoz be ezagunagoa da gaur egun. Kintanak uste dau, Unamunoren memoria gordeteko politikea egiten dauela Bilboko Udalak eta Azkuegaz ez dagoala holakorik. Unamunoren izenean plaza handi bat dago Bilboren bihotzean eta Azkuek kale ilun bat dauka Santutxuko periferian, arrazoitu dau Kintanak. Unamunoren eguna ospatzen da urtero urian eta aurreko alkateak haren irudia eukan bulegoan, Azkuek ez dauka holako ezer.
Azkueren ekarpena ahaztuta, topikoz betetako irudia baino ez jaku heldu. Liburuan, topiko horreek okerrak dirala erakusteko materiala batu dau Kintanak. Azkue baserri munduko folklore-biltzaile iluna zala dino topikoak, eta kontrakoa izan zan. Kintanak dino, Bilbo izan ebala bizileku eta beharrerako leku Azkuek ia bizi osoan eta hara begira lan egin ebala. Azkuek Bilbon egiten eban bere lan guztia, baserrietara ondarea batzen oporretan joaten zan, beraz bere oporretako irudia heldu jaku.
Izatez, Azkue zinezko intelektuala izan zan, Kintanak dinoanez. Euskerea urira hurreratzeko helburuagaz, era guztietako proiektuak martxan ipini zituan: Euskera klaseak helduentzat, umeentzako eskolea, argitalpenak, opera bi, antzezlanak eta abar, danak Bilbon eta Bilborako eginak. Euskaltzainburu izan zanean, euskera batua sortzeko ahalegina egin eban. Tea eta pianoa egozan lekuetara eroan behar zala euskerea, horixe esaten eban.
Azkueren bizitzea uriagaz eta eskerearen erabarritzeagaz lotuta dago, azpimarratu dau Kintanak. Liburuan, hain zuzen be, hori erakusten daben datuak batu ditu. Azkueren gaztetako ibilerak, lan eta ikerketak, gutunak eta idazkiak, familiagaz euki eban hartu-emona, oporretako zereginak, bidaiak, beste intelektual batzukaz euki eban kontaktua eta abar azaltzen dira.
Azkueri buruz zeozer idatzi nahi dauen edonork, aurrerantzean, liburu hau irakurri beharko dau, dino Iñaki Aldekoa Erein argitaletxeko kideak. Azkueri buruz datu edo gertaera jakin batzuk baino ez dira ezagutu orain arte, baina hori baino askoz gehiago egin eban. Topikoak hankaz gora ipini eta sasoiko giro uritarragaz lotu dau Azkue Jurgi Kintanak eta, batez be, bilbotar petoa izan zala aldarrikatu dau, Lekeitio jaioterria be sekula ahaztu ez eban arren.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!