Gorka Urbizu: 'Gauzak mimo handiz egin eta sen musikalari jarraitzen saiatzen gara'
2015-11-02 09:53 BarriketanBerri Txarrak eta Peiremans + taldeetako kidea
10 urte geroago, hemen da Peiremans taldea, hiru kantu barri eta kontzertu partideagaz. Gorka Urbizu (Berri Txarrak), Txiki (Kashbad, 4itzal…) eta Imanol Ubedaren (Bide Ertzean, Deabruak Teilatuetan) eskutik etorri zan taldea eta 2005ean bost kantuz osotutako diskoa plazaratu ostean bakotxa bere zereginetara bueltau zan. Orain, barriz, bueltan dira eta upealako zaparradea eragin dabe. Itzuleraz eta bestelakoez berba egiteko sano lanpetuta dabilen Gorka Urbizugaz bat egin dogu.
1.- Berri Txarrak taldeagaz nahaste gitxi ez eta Peiremansen itzulereagaz bazterrak harrotu dozuez. Zelan otu jatzue orain kantu barriakaz eta kontzertuakaz hastea?
Peiremansen diskoak 10 urte beteten zituala eta, afari bat antolatu genduan. Ez dakit sagardaoak zer ikusirik izan ete eban, baina berotzen joan ginan eta mahaitik altzau ginanerako lotuta geunkan kontzertu sorta bat eta kantu barri batzuk grabetako asmoa.
2.- Zazpi kontzertu emongo dozuez, Bilbon lehenengoa, zemendiaren 5ean eta gero, Gasteiz, Iruñea, Donostia, Baiona, Gernika eta Tolosan. Hitzordu batzuetarako sarrerak agortu egin dira. Ze gogoeta eragiten deutsu horrek? Ba al dago kontzertu gehiago egiteko aukerarik?
Egia esan harridura pittin bat eragin deusku sortu dan jakinminak. Peiremans+ berez bada galtzaileari egindako keinua eta orain hamarkada bat joten ibili ginanean ez zan holako jentetzarik. Horrek esan nahi dau taldea isilik egon dan urteotan kantuek euren bide propioa egin dabela, eta jente askok esan deusku berandu deskubridu ebela taldea, dagoeneko desagertuta egoanean. Jente horrek orain aukerea izango dau kantu horreek zuzenean ikusteko eta gu pozik.
3.- Egun Marino Goñi (Balerdi Balerdi) be batu jatzue taldera. Erraza izan al da saltsa honetara erakartea? Zazpi kontzertuotan nortzuk agertuko zarie eszenatokian?
Diskoan neronek grabau neban baxua, baina 2005eko bira haretan Marino be egon zan geugaz zuzenekoan. Aspaldi oholtzara igon barik dago eta sekulako gogo eta ilusinoagaz. Formazino originala agertuko gara eszenatokian, hau da, Imanol Ubeda gitarra eta ahotsetan, Haritz Txiki baterian, Marino eta laurok.
4.- Sortu dozuezan kantuak sarean ez eze, salgai jarteko asmorik badozue?
Peiremansen itzulerea irailaren amaieran erabagi genduan eta joteko aukera bakarra zemendiko bi astegoien horreek ziran, agenda kontuakaitik. Esan daiteke denporea kontra izan dogula eta tarte horretan nahikoa lortu dogu: kantu zaharrak berrikasi, bersino batzuk landu, kantu pare bat sortu eta grabau... Momentuz kantuak digitalean emongo doguz eta gero gerokoak.
5.- Kantu barriak entzunda, zure ahotsaren indarragaz eta, Berri Txarrak jatorku burura. Zein da taldearen estiloa, jokerea?
Azkenean ahotsak asko marketan dau eta neurri batean normala da. Dana dala nik desbardin ikusten dodaz. Peiremansen traszendentzia pixka bat kendu nahi deutsegu gauzei, geure buruari barre egin eta handigurako asmo barik pop kantu gitarreroakaz gozau eta ahal dala gozarazo.
6.- Talde desbardinetatik etorrita, zelan buztartzen dozue erritmo, jokera, estilo horreek guztiak?
Jente desbardinagaz joteak irakaspen asko dakar, musikari hobea egiten zaitu. Norberak bere ekarpena egiten dau, bakotxak musikea ulertzeko bere modua dauka eta horixe da azkenean erakargarriena. Ez dogu ezelako estilo zehatzik bilatzen, baina aldi berean laurok laster identifiketan dogu kantuak Peiremans+ espiritu hori daukan ala ez.
7.- Zazpi kontzertuon ostean, bertan behera itxiko dozue barriro taldea ala badago aurrera egiteko asmorik?
Imanolek esaten dauen legez, partidaz partida joan nahi dogu. Orain aukerea sortu da zemendian 7 kontzertu egiteko eta horreetan duin ibili eta disfrutetea besterik ez daukagu kaskoan.
8.- Futbola eta musikea buztartzea ez da erraza baina taldeak badauka loturatxua futbolagaz, izena bera, Realak aspaldi fitxautako Belgikako jokalaria bat baita: Peiremans...
Bai, berez Imanolek eta biok jarraitzen dogu kirol hau, nahiz haren inguruko zirkoa umorez hartzen saiatzen garen. Imanolek hasiera-hasieratik argi eukan proiektuaren izena eta niri mundiala begitantzen jat.
9.- Berri Txarrak taldearen ibilbidea sekulakoa da, oraintsu 2015eko estatuko zuzeneko onenaren saria jaso dozue, euskal panoramako zein mundo zabaleko talderik indartsuenetakoa zarie eta hori guztia denpora tarte laburrean lortu dozue. Non dago Berri Txarrak taldearen jomugea edo langa?
Bueno, denpora tarte laburra ez neuke esango, ia 22 urte daroaguz gogor lanean. Langa edo mugea non dagoan ez dakigu baina ez da hori geure buruari planteetan deutsagun ezer, besterik barik gauzak mimo handiz egin eta sen musikalari jarraitzen saiatzen gara.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!