Miguel Marina margolariaren erakusketa bat zabalduko dabe Bilbon
2015-10-21 11:07 KultureaMiguel Marina margolari bilbotarra zanaren Oroimeneko ikonoak: Miguel Marina erakusketearen inaugurazinoa gaur, eguaztena, urriaren 21ean, izango da Bilbon, Bizkaiko Abokatuen Alkargoaren egoitzan, 19:30ean hasita.
Miguel Marina margolari bilbotarra zanaren Oroimeneko ikonoak: Miguel Marina erakusketearen inaugurazinoa gaur, eguaztena, urriaren 21ean, izango da Bilbon, Bizkaiko Abokatuen Alkargoaren egoitzan, 19:30ean hasita. Aurretik, 17:30ean, mahai-inguru bat egingo da; Asier Vallejo Eusko Jaurlaritzako Kanpoan dan Euskal Komunidadearentzako zuzendaria izango da moderatzailea, eta Noemí de Haro García (Madrilgo Unibersidade Autonomoa), Constance Marina (Miguel Marinaren alabea) eta Anthony L. Geist (Washingtongo University) parte-hartzaileak.
Miguel Marina Barredo (1915-1989) Bilbon jaio eta hazi zan, eta, Espainiako Gerra Zibila hasi zanean, kapitain izentau eben Errepublikako armadearen infanterian. Iparraldeko frontean egin eban gerra osoa, eta, Errepublikea menperatu ebenean, Frantziara iges egin eban. Itsasontzi txiki batean Atlantikoa kurutzatu eban, beste sei euskal errefuxiatugaz batera, eta, azkenean, Venezuelara heldu ziran. Hantxe bizi izan zan urtebetez, eta liga profesionaleko futbol jokalari izatetik bizimodua atara eban.
Subersibo edo iraultzailea izateagatik, Venezuelako Gobernuak zaintzapean izan eban, eta, horregaitik, itsasontzi txiki baten alde egin eban Miamira (AEB) bidean, lagun bategaz. dana dala, urakan batek Dominikar Errepublikako kostaldera bialdu zituan, eta hantxe bizi izan zan hiru urtez, Trujilloren diktadurapean. Ugarte haretatik iges egin ahal izateko, sugin sartu zan Bigarren Mundu Gerran zehar Britainia Handira elikagaiak eroango zituan Jugoslaviako merkantzia ontzi batean. Bidaietako batean, itsasontzitik alde egin eban New Yorken. Hantxe ezagutu eban aurrerago emazte izango ebana, Madeline, eta hantxe jaio zan Constance alabea, bi urte geroago.
New Yorken hasi zan Marina serio margotzen; lehenengo, ikasle egon zan Julio de Diego espainiarragaz, eta, gero, José Vela Zanettiren laguntzaile ibili zan; ha be erbesteratua zan, eta NBErentzat horma irudi erraldoi bat egiten ebilen, Gizakiaren burrukea bakearen alde izenekoa. Ez eukan dokumentazinorik, eta, beraz, ezin eban New Yorken bizimodurik atara. Horregaitik, Guayaquilen -Ekuador- banana plantazino bat kudeatzeko eskaintzea onartu eban. Baina, heldu eta denpora gitxira, iruzur egin eutsiela jaubetu zan.
Madeline eta Constancek AEBetara itzultzea lortu eben, baina Miguelek ez eukan dokumentazinorik, eta azkenean Mexikora joan zan, handik AEBetara sartu ahal izango zalakoan. Aurrerago, kontau eban Guatemalatik Mexikora oinez joiala, oihanaren erdian kantina bat topau ebala, Aquí mueren los valientes izenekoa. Jainko maitea, pentsau ei eban, hain urrun etorri, eta holan hil behar al dot?
Mexiko oinez kurutzatu ondoren, Tijuanako kartzelan egon zan hiru hilebetez, Kaliforniagaz mugan, dokumentazinorik ez eukiteagaitik. Kartzelatik urten eta argi ikusi eban emazteagaz eta alabeagaz egoteko modu bakarra Espainiara itzultzea izango zala, baina 1956an Bilbo ez zan 20 urte lehenago itxi eban uria, eta konturatu zan alde egin beharko ebela.
Barriro be, Madeline eta Constance New Yorkera bueltau ziran, baina Miguelek bi urte behar izan zituan bisadua lortzeko. 1958an, Kaliforniara aldatu ziran, eta Madelinek lana lortu eban Monteciton, Center for the Study of Democratic Institutions izeneko erakundean. Holan, Miguelek margolaritzan jardun ahal izan eban buru-belarri.
Marina margolari autodidaktea izan zan, oso estilo personalekoa. gehienbat, egurrezko oholen gainean margotu eban. Bere ibilbide plastikoan hiru etapa bereiztu daitekez. Oinarrizko kolore sendoak erabili zituan, beirate gotikoak gogorarazoz, eta giza irudi luzexkak margotzen zituan, batez be eskuak eta arpegiak eta zuzenean ikuslearen parean dagozanez, irudi bizantziar eta erromanikoak gogora ekarten ditue.
Era berean, gai erlijiosoak landu zituan, batez be Kurutziltzatzea, Deikundea eta Azken Afaria; Euskadiko paisajeak be margotu zituan, batez be obra berantiarretan; eta, azkenik, obra osoak lirismo eta emozino sakon nabarmenak ditu.
Marinak hainbat erakusketa egin zituan Santa Barbarako (Kalifornia) Esther Bear Gallery arte galerian, baina, 1977an galerista hori erretirau zanetik, ez eban gehiago egin. Halan da be, ordutik aurrera produzidu eban, 1989an hil zan arte, bere obrarik personal, barruko eta sakonena, eta inoiz baino gehiago gogoratu zituan Euskal Herriko paisajeak, gomutamenean gordeta zituanak.
Azken etapa horretan agertu ziran gomutameneko ikonoak: arrantza ontziak, makailao lapikoak, txapeldun gizonak, ardao porroiak, zubiak eta teilazko teilatuak. Egunerokoan idatzi eban azken gauzetako bat hauxe izan zan: Geroz eta gehiago gogoratzen naz Espainiaz, eta, aldi berean, ahaztu egin nahi dot. 40 urte baino gehiago emon ditut oin bakotxa ozeano batean jarrita, baina gomutamena Euskal Herriko mendi berde eta goxoetara joaten jat beti; Bilboko Otxoteen abestietara, Santa Agedako jaietara. Jaiotan, baritono ahotsez kantetan neban Bilboko kaleetan, bakarlari. Hemendik gitxira 74 urte beteko ditut, eta ez dot nire bihotzeko Euskal Herria barriro ikusiko. Horregaitik, nire margolanak, lilura erraldoi baten modura, nire aberri kutunaren gomutak dira.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!