Euskereak ekonomiari ekarpen adierazgarria egiten deutsala dino Eusko Jaurlaritzeak

Bizkaie! 2015-10-15 15:18   Euskerea berbagai

Euskereak Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomian daukan pisua eta eragina neurtu ditu Jaurlaritzeak eta emoitzak batzen dituan txostena jentaurrean aurkeztu dau Patxi Baztarrika sailburuordeak. Askoren aurreretxiek dinoenaren kontra, euskereak badauka pisu nabarmena erkidegoko ekonomian, datuetan jaso danez. Barne Produktu Gordinaren % 4,2 hartzen dau euskereagaz lotutako jarduereak eta 56.000 lanpostu dagoz sektorean.

Euskereak Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomian daukan pisua eta eragina neurtu ditu Jaurlaritzeak eta emoitzak batzen dituan txostena jentaurrean aurkeztu dau Patxi Baztarrika sailburuordeak Donostian. Askoren aurreretxiek dinoenaren kontra, euskereak badauka pisu nabarmena erkidegoko ekonomian, datuetan jaso danez. Barne Produktu Gordinaren % 4,2 hartzen dau euskereagaz lotutako jarduereak eta 56.000 lanpostu dagoz sektorean.

Ikuspegi ekonomiko batetik egindako ikerketea dala azaldu dau Patxi Baztarrikak, aurreretxiak apurtzeko asmoz. Euskeran inbertidutea dirua galtzea dala edo krisi sasoian hizkuntza politikan ez litzatekeela horrenbeste diru gastau behar entzuten da lantzean behin, eta horri aurre egiteko moduko datuak aurkeztu ditu Jaurlaritzeak.

Hizkuntza handi ez diranek be ekonomian pisua daukiela adierazo dau Baztarrikak. Horren adierazgarri, txostenean batutako datu batzuk: Euskal Autonomia Erkidegoari 2.800 miloe euroko ekarpena egiten deutso euskereak, BPGaren % 4,2. Hizkuntzearen industria (itzulpenak, euskaltegiak); kulturea eta hedabideak; hezkuntzea; eta administrazino publikoko baliabideak hartu ditue kontuan neurketarako.

Horreek alor guztiek 56.000 behargin ditue Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Erkidegoko lanpostu guztien % 6,3 euskerearen sektoreagaz lotuta dagoz. Lau atal nagusien artean, hezkuntzeak dauka pisurik handiena, bai lanpostuen arloan, bai BPGari egiten deutson ekarpenean be.

Siadeco enpresea arduratu da azterlana egiteaz. Halandabe, Patxi Baztarrika sailburuordeak azpimarratu dau, hizkuntzen balioa justifiketako ez dagoala datu ekonomikoetara jo beharrik, bestelako balio batzuk be badituela hizkuntza guztiek. Edozelan be, aurkeztutako datuek aurreretxi batzuei aurre egiteko balioko dabelakoan dago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu