EAEn lan egiten daben 9 finantza erakundek bezeroen hizkuntza eskubideak bermatzeko konpromisoa hartu dabe

Bizkaie! 2015-10-14 17:52   Euskerea berbagai

BBVA, Laboral Kutxa, Santander, Kutxabank, Bankoa Crédit Agricole, Caixabank, Rural Kutxa, Banco Popular eta Banco Sabadell Guipuzcoano dira hitzarmena sinatu dabenak.

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) lan egiten daben bederatzi finantza erakundek (BBVA, Laboral Kutxa, Santander, Kutxabank, Bankoa Crédit Agricole, Caixabank, Rural Kutxa, Banco Popular eta Banco Sabadell Guipuzcoanok) lankidetza hitzarmena sinatu dabe Eusko Jaurlaritzeagaz, eta, horren arabera, bezeroen hizkuntza eskubideak bermatzen ahalegintzeko konpromisoa hartu dabe. Jaurlaritzeak, bere aldetik, informazinoa eta ezagutzea, aholkularitzea eta eskura dituan hizkuntza baliabideak eskainiko deutseez.

Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak eta Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak ordezkatu dabe Eusko Jaurlaritzea lankidetza hitzarmena sinatzeko Bilbon egindako ekitaldian. Era berean, bederatzi finantza erakundeetako ordezkari bana be izan da bertan.

Kontuak kontu, Uriartek azaldu dauenez, hitzarmena sinatu daben finantza erakundeak euren bezeroen hizkuntza eskubideak bermatzen ahalegintzeko konpromisoa hartu dabe, indarrean dagoan legeriagaz bat eginik, hainbat jarraibide gauzatuz. Idatzizko harremanetan, txekeak, kreditu txartelak eta bezeroei eskaintzen deutsiezan ganerako dokumentuak euskeraz eta gaztelaniaz izango dira, baita seinale guztiak eta toponimia be. Ganera, jentaurrean jarteko kartel edo errotuluetan agiri dan informazino finko edo aldakorra, jentearen eskura dagozan inprimaki eta katalogoak, eta bezeroek bete behar dituen inprimakiak bi hizkuntzatan izateko konpromisoa hartu dabe bederatzi finantza erakundeek.

Ahozko harremanei jagokenez, Uriartek gogorarazo dau bezeroei arreta emoteko zerbitzu eta departamentuek bezeroak artatzeko prest egon behar dabela, EAEko bi hizkuntza ofizialetatik edozeinetan eta, ondorioz, langile barriak hartzerakoan, betebehar hau bermatzeko neurriak hartuko ditue. Ganera, telefono bidez (era personalean zein automatikoan) edo online eskaintzen dan zerbitzuan be euskerearen erabilerea bermatuko da.

Bere aldetik, hitzarmenaren barruan, Eusko Jaurlaritzeak hiru lankidetza arlo nagusi izango ditu: informazinoa eta ezagutzea trukatzea; aholkularitzea emotea; eta eskura dituan hizkuntza baliabideak eskaintzea. Era berean, Jaurlaritzeak liburuxka bat argitaratu dau, konsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideen ganeko oinarrizko informazinoa eskaintzeko, eta hitzarmena sinatu daben finanzta erakunde gehienetan jarriko da bezeroen esku. Erakunde sinatzaile guztien artean jarraipen batzorde bat eratuko da, hitzarmenean jasotakoaren ebaluazinorako.

Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordea oso pozik agertu da sinaturiko lankidetza hitzarmenagaz, euskerearen erabilerearen, finantza erakundeetako bezeroen hizkuntza eskubideen eta finantza erakundeek emoten daben zerbitzuaren kalidadearen mesederako aurrerapausu garrantzitsua emon dalako.

Sinatutako hitzarmen honegaz ez dago galtzailerik. Danok gara irabazle. Irabazle da euskerea, irabazle dira herritarrak, irabazle dira finantza erakundeak, irabazle dira zuek ordezkatzen dozuezan finantza erakundeetako bezeroak, ziurtatu dau.

Bederatzi finantza erakunde desbardin euskerearen erabilerea sustatzeko bat eginda azaldu izana be nabarmendu nahi izan dau Baztarrikak.

Azkenik, Cristina Uriartek azpimarratu dau ekitaldia ez dala ohikoa eta pozgarria dala, sinatutako hitzarmena 2007an LanHitz programea eta Bikain ziurtagiria abiarazoteko BBK, Kutxa eta Vitalegaz sinatutakoa baino askoz irismen handiagokoa dala, Euskadiko finantzen sektorea ia osorik dogulako hemen jesarrita, bai kopuruari eta bai merkatu kuoteari erreparauta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu