Hizkuntza eskubideak, Poziktibityko bideo barriko protagonista
2015-10-09 02:00 Euskerea berbagaiNahi izatea Poziktibity da lelopean, hirugarren bideo honetan hizkuntza eskubideen gaia da jorratu dana. Administrazinoaren aurrean, herritarrak eskubidea dauka berak nahi dauen hizkuntza ofizialean artatua izateko.
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak abian jarritako Poziktibity proiektuaren bideo barriak (2015eko hirugarrena) hizkuntza eskubideak ditu protagonista. Holan jakinarazo dabe Donostiako Tabakaleran egindako agerraldian Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Garbiñe Biurrun EAEko Auzitegi Nagusiko Lan arloko Salaren presidenteak eta Juan Jose Alvarez EHUko Zuzenbide Fakultadeko katedradunak.
Poziktibity euskerearen erabilerea sustatzea helburu dauen proiektua dala gogorarazo dabe eta, dagoeneko, urtebete igaro dala kontzeptua lehen aldiz zabaldu zanetik. Kontzeptu edo idea soil bat baino, bizitea ulertzeko eta gozetako modu bat da Poziktibity. Urtebete honetan sarri errepetidu da Poziktibity kontzeptu bizia dala. Eta bizirik dagoana moldatu, aldatu, garatu egiten da, esan dau Baztarrikak.
Igaz persona ospetsuen laguntzinoa izan eban proiektuak Poziktibityren energia hori transmitiduteko, bideoetan persona ezagunak agertzen baitziran. Aurten be proiektu honek bere ondoan izango ditu Poziktibityren balioak islatzen dituen persona garrantzitsuak (prentsaurrekoan, Garbiñe Biurrun eta Juan Jose Alvarez), baina egunerokotasuneko momentu arruntetan oinarrituko da, bideoetako protagonistak persona anonimoak izango baitira. Aurten, Poziktibityk ohikotasunagaz zerikusia daben kontzeptuak landuko ditu.
Nahi izatea Poziktibity da lelopean, hirugarren bideo honetan hizkuntza eskubideen gaia da jorratu dana. Administrazinoaren aurrean, herritarrak eskubidea dauka berak nahi dauen hizkuntza ofizialean artatua izateko. Arlo pribatuan, Konsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideei buruzko dekretua betetea jagoken establezimendu pribatuetan, herritarrak eskubidea dauka, erabilten dauen hizkuntzea erabilten dauela, artatua izateko bera (bezeroa) hizkuntzaz aldatzera behartu barik.
Elebide
Hizkuntza eskubideak urratzen diranean, Elebide zerbitzura joteko gomendatu dabe. Elebideren ezaugarri nagusia da hizkuntza eskubide urraketen ganeko kexak aintzakotzat hartu eta konponbideak bilatzen eta apliketan laguntzea, eremu publikoan eta pribatuan. Esangura horretan, herritar guztien hizkuntza eskubideak babestea dau helburu 2006an sortutako zerbitzu honek, EAEko bi hizkuntza ofizialen arteko ezelako hierarkiarik barik eta herritarren arteko hierarkiarik barik.
Elebiden zereginen artean dagoz hizkuntza eskubideen urraketak zuzenean ezagutzea; herritarrak sensibilizetea; aholkularitzea eskaintzea hizkuntz eskubideen eta araudiaren ganean; kexak jasotea, bideratzea eta jarraipena egitea: herritarra babestea eta kexea jaso daben erakundeei aholkularitzea eta baliabideak eskaintzea, hizkuntz eskubideak errespetatuak izan daitezan. Era berean, lankidetzarako protokoloak ezartzen ditu administrazinoakaz eta bestelako erakundeakaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!