Javi Artolozaga: 'Musikea gustuko badozu, pribilegioa da disko-denda baten lan egitea'
2015-10-13 10:10 BarriketanPower Records-eko arduraduna
Bilboko Villarias kaleko Power Records dendea erreferentzia bihurtu da Bilbo eta inguruko musikazaleentzat. Bertako apalategietan topauko doguz talde ezezagunen diskoak, binilozko harribitxiak, atzerritik ekarritako aleak eta estilo ugaritako doinuak. Industria musikalaren krisiak ekarritako estualdia pasauta, 25 urte bete ditu aurten Power Recordesek.
Jon Barrasa eta Javi Artolozaga dira Power Recordseko bazkide biak. Artolozagak dino, mende laurena bete eta gero, urte gehiago beteteko prest dagozala, etorkizunari baikortasunez begiratzen deutselako.
1.- Power Recordsek 25 urte bete dituan honetan, atzera begiratuko dogu. Zelan gogoratzen dozu proiektuaren hasierea?
Ilusinoagaz zabaldu genduan dendea, momentu ona zan ha disko-denda bat zabaltzeko, une oparoa zalako ekonomia arloan. Musika-industriaren barruan, disko asko saltzen ziran, oso momentu ona zan. Guretzako lekua be egongo zala pentsauta zabaldu genduan dendea eta, egia esan, hasiera-hasieratik proiektua funtzionetan hasi zan. Hasierako urteetan oso ondo joan zan kontua, musikearen munduan aldaketak etorri arte dana ondo joan zan.
2.- Dendea zabaldu aurretik musikeagaz beste kontakturik euki zenduen?
Bai, hasieran bazkide gehiago ginan eta danok geunkan hartu-emonen bat musikeagaz. Batzuok disko banatzaile batentzat lan egiten genduan, atzerritik diskoak ekarten genduzan eta Espainiako banaketea egiten genduan. Beste bazkide bat, Jon, beste disko denda baten ibili zan beharrean, Universal izenekoan. Musikearen mundu horretan lehendik be sartuta egotea lagungarri izan zan Power Records martxan ipinteko, duda barik. Kontaktuak eta eskarmentua geunkazan, ez ginan hasibarriak.
3.- 1990ean pentsetan zenduen dendeak 25 urte beteko zituala?
Egia esan, baiezkorik edo ezezkorik ezin dot emon. Ez neban pentsetan urte asko beteko ez genduzanik, baina epe luzerako planik ez genduan egiten. Imaginau be egin ez genduana da, 25 urte betetea horren gatxa izango zanik. Momentu ha ona zan industria musikalerako eta dendea ondo hasi zan hasieratik. Horregaitik, ez genduan pentsetan gauzak horrenbeste okertuko ziranik. Ezin genduan asmau gure ibilbide profesionala denda honetan amaituko genduan ala ez, baina gorriak ikusiko genituanik, horrenbeste behintzat, sekula be ez genduan pentsauko. Orain dala bost-sei urte, dendearen etorkizuna ez egoan ziurtauta. Egoera latza izan zan eta orduan bai, gatxago ikusten genduan 25 urtera heltzea.
4.- Edozelan be, 25 urtera heldu zarie. Zuretzat zer da Power Records?
25 urte dira, bizitzearen erdia denda honetan pasau dot. Asko da niretzat proiektu hau. Momentu eta lagun on asko daukadaz gogoan. Bezero izan diran edo oraindino badiran batzuek gure lagun handi izaten amaitu dabe, bezeroa baino gehiago dira asko. Oroitzapena, orokorrean, oso positiboa da. Beharrera etortea niri neuri behintzat ez jat nekagarria egin, gogoz egin dot hau eta lana sekula be ez da kargea izan, zailtasunak zailtasun. Musikea gustuko badozu, pribilegioa da disko-denda baten lan egitea. Nire bizitzearen parte inportantea da hau eta uste dot horretan bat datorrela nire bazkide Jon. Ordu asko eskaini deutsaguz dendeari.
5.- Sasoi gogorrak egon dira, musikea konsumiduteko ohiturak goitik behera aldatu diralako. Zuek zelan egin deutsazue aurre beheraldi horri?
25 urte bete doguz eta horren erdia krisi gogor baten erdian bizi izan dogu. 2002. urtera arte ondo joan zan dana, mende aldaketea izan zan puntu gorena. Diskoak ugari saltzen ziran eta industria goraldian egoan. Handik aurrera, musikea konsumiduteko ohiturak aldatu eta egoera larrian sartu ginan. Urte pare baten salmentak itzel bajatu ziran. Denporearen kontrako burrukea izan da gurea, urtetik urtera salmentak behera joiazan, hondorik ez zan ikusten.
Honaino heldu bagara, neurri baten izan da beste denda batzuk zarratzen joan diralako eta guk hareen lekua hartu ahal izan dogulako. Batentzat edo gitxi batzuontzat, behinik behin, badago lekua oraindino Bilbo moduko uri baten eta subertea euki dogu biziraun dabenen artean egon garelako. Zorionez, azkenengo urteotan hobera goaz. Biniloaren errekuperazinoagaz, besteak beste, burua altzau ahal izan dogu, baina hamar urte oso konplikaduak bizi izan doguz.
6.- Zabalkunde handiko diskoak ez eze, topetan gatxak diran aleak be badagoz zuen dendan. Alde horretatik apustu sendoa egin dozue ezta?
Gure asmoa beti izan da denda edegia izatea, hau da, genero bakar batera ez dogu mugatu nahi izan. Estilo askotako musikea saltzen dogu. Baina erispide komertzial hutsakaz be ez dogu inoz lan egin. Gehien saltzen diran diskoak badaukaguz dendan, baina arlo komertzialean baztertuago dagozan artista eta generoei be arreta handia eskaintzen deutsegu. Horri esker gure prestigioa handitu ahal izan dogu, oso disko onak saldu doguzalako, musika komertzialenetik harago joanda. Bezero fidel asko lortu doguz modu horretara, hona heltzen lagundu deuskue.
7.- Zelakoak dira zuen ohiko bezeroak?
Danetarik dago baina gehienek kultura musikal zabala daukie, musika asko konsumiduten dabe. Bakotxak bere estiloa dauka, baina gauza batek lotzen ditu, musikarako pasinoak. Esan leiteke, ia-ia, musikearen militanteak dirala. Kontuan hartu behar da, interneten zabalkundeagaz eta konsumo ohiturak aldatuta, lantzean behin dendara hurreratzen zan bezeroaren figurea desagertu egin dala. Hareek ez ziran, akaso, musikazaleenak edo adituenak, baina asko ziran eta salmentei eusteko balio eben. Gitxi konsumiduten eben erosle asko ziran, orain asko konsumiduten daben erosle gitxi horreek baino ez daukaguz. Beste arazo bat be agertu jaku horren kontura, belaunaldi aldaketearena. Konsumo ohituren aldaketeagaz, gure bezeroen bataz besteko edadea be gora doa, 40-50 urtekoa izango da orain bataz bestekoa. Erreleborik ez dot ikusten oraingoz.
8.- Musikari askogaz be hartu-emon estua daukazue ezta?
Bai, ze musikari asko ohiko erosle be badira gurean. Inguruko musika-talde askotako jentea gugana etorten da. Ganera, guk hareen diskoak saltzen doguz eta hartu-emon polita sortzen da. Horreetako batzukaz, aktuazino txikitxuak antolatu izan doguz inoz dendan. Kontuan hartu behar da, hemengo artisten disko asko saltzen doguzala.
9.- Etorkizunari zelan begiratzen deutsazue?
Orain dala urte batzuk baino baikorrago gagoz. Egia esan, gu baikor patologikoak gara, aurrera urtengo dogula pentsau dogu beti baina egia da, une batzuetan, krisia sekula ez zala amaituko emoten ebala. Joan diran bi edo hiru urteotan, zorionez, hobera egin dau gure egoereak. Industria musikalaren krisia ez da amaitu baina gu gorutz goaz orain. Biniloa berreskuratu izana giltzarria izan da hobekuntza horretan eta baikor gagoz, ze biniloarena ez da egun batetik bestera desagertuko dan modea, geratzeko etorri dan ohiturea baino. CD-ak erosten dituan jentea be badago oraindino. Guretzat, txarrena pasau da eta uste dot eutsiko deutsagula.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!