Txakolinaren erromeria egingo dabe Bilbon urriaren 11n, Txikiteroen Jaiaren barruan
2015-10-05 14:32 Jan edanakUrtero legez, urriaren 11n, Begoñako Amaren egunean, Txikiteroen Jaia egingo dabe Bilbon. Zazpi Kaleetan dagoan Ama Birjinaren irudian lora-eskaintzea egongo da eta abesbatzak ibiliko dira kalerik kale. Horrezaz gan, Ohorezko Txikitoa sariak emongo deutsez Alvaro Garrido sukaldariari eta Vicrila enpreseari. Aurten, txakolinari garrantzia berezia emongo deutsie. Holan, Txakolinaren erromeria antolatu dabe eta urteko lehenengo muztioa aurkeztuko dabe.
Urtero legez, urriaren 11n, Begoñako Amaren egunean, Txikiteroen Jaia egingo dabe Bilbon. Zazpi Kaleetan dagoan Ama Birjinaren irudian lora-eskaintzea egongo da eta abesbatzak ibiliko dira kalerik kale. Horrezaz gan, Ohorezko Txikitoa sariak emongo deutsez Alvaro Garrido sukaldariari eta Vicrila enpreseari. Aurten, txakolinari garrantzia berezia emongo deutsie. Holan, Txakolinaren erromeria antolatu dabe eta urteko lehenengo muztioa aurkeztuko dabe.
Aste osoan egongo dira ospakizunak Bilbon, jaiaren egun nagusia domekea izango dan arren. Esate baterako, Ohorezko Txikitoa sariak eguenean banatuko dira. Alvaro Garrido, Bilboko Mina jatetxeko chef-a izango da sarituetako bat eta bestea, Vicrila enpresea. Kristalgintzako enpresa horrek domekan be emongo dau zeresana. Izan be, Bilbora kantetan doazan abesbatzetako kide guztiei txikito-baso bana emongo deutse. 300 edalontzi inguru erregalauko dituela kalkulau dabe. Koruak, ganera, aste guztian ibiliko dira, arratsaldero, kalerik kale.
Domekan, abesbatzek eta txikiteroek alaituko dabe eguna. Txikiteroen Jaiko antolatzaileek parte hartzeko deia egin deutsie herritar guztiei. Ospakizun honen gauzarik onena da edonork parte hartu leikela, modu baten edo bestean, adierazo dau Marino Montero Gargantuaren Konpainiako arduradunak.
Txikiteroen Arrautzea berreskuratzearen alde be egin dau Monterok. Funtsean, arrautza egosiz egindako pintxoa da hori eta, sasoi baten, txikiteroek jaten eben. Taberna guztiei dei egin deutse Monterok, domekan tabernarik taberna dabilzanei Txikiteroen Arrautzea eskaintzeko. Txikiteroen basoa be bereziki gogoan eukiko dabe ospakizunetan.
Eguneko ekitaldi nagusietako bat erromeria izango da. Goizeko 11:00etan Zamudioko Atean hasita, Zazpi Kaleetan ibiliko dira, jantzari eta trikitilariek lagunduta. Aurten, txakolinagaz lotuko dabe erromeria. Mahastietako lehenengo mahatsak erakutsiko ditue erromerian eta, ondoren, urteko lehenengo muztioa atarako dabe hortik. Zuberoako Maskaradatik hartutako Godalet Dantza izeneko jantzea egingo dabe Santiago plazan. Nobedadea da hori eta datozan urteetan eutsi nahi deutsagu Godalet Dantzari, tradizino polita dalako, adierazo dau Jon Aldeiturriaga Alde Zaharreko Merkatarien Alkarteko gerenteak.
Txakolinak Bilbogaz uste dana baino hartu-emon luzeagoa daukala azaldu dau Jose Ramon Calvo Bizkaiko Txakolina Jatorri Deiturako ordezkariak. Ganera, Begoña izan da tradizinoz txakolinagaz lotura estuena euki dauen inguruko lekua. Begoñako herritarrei 'matsorriak' esaten jake, han egon ziran txakolindegiak gogoan. Hortaz, txakolina Begoñako Amaren eguneko ospakizunetan sartzea egokitzat jo dabe antolatzaileek.
Eguerdiko 12:00etan lora-eskaintzea egingo jako Ama Birjinari Zazpi Kaleetan eta Begoña izeneko tartea banatuko da bertaratzen diranen artean. Arratsaldean, Jasokundearen eleizan, Garaizarko Matsorriak eta Kataluniako L´Aliança koruak emonaldia eskainiko dabe.
Txikiteroen Jaia Txikiteroen Artean izeneko alkarteak antolatzen dau. Erakunde horretako kide dira merkatarien eta ostalarien hainbat alkarte, Bilbao Historiko, Erriberako merkadua eta abar. Alde Zaharreko Athleticen peñeak be hasiera-hasieratik parte hartu dau antolakuntzan, orain dala 52 urtetik beraz. Inma Legarreta peñako ordezkariak azaldu dau, berarentzat lora-eskaintzea izaten dala emozino handieneko unea. Aurten, ganera, 3.000 pintxo doban emongo ditu peña horrek domekan.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!