Euskal bertsolariak Leonen izango dira, kantu inprobisaduari buruzko topaketetan

Bizkaie! 2015-09-18 14:06   Bertsolaritzea

Irailaren 25 eta 26an egingo dira Leon uriburuan eta probintzia haretako Cerezales del Condado herrian, kantu inprobisaduari buruzko topaketak. Euskal Herritik Maialen Lujanbio, Ane Labaka, Itxaso Paia eta Karlos Aizpurua joango dira. Kanariar Uharteetako eta Galiziako ordezkariakaz hartu-emona egin ahal izango dabe han. Mintzola Fundazinoaren Europa bat-batean egitasmoaren lehenengo pausua da honako hau. Bertso-emonaldiak eta dokumentalak egongo dira.

Irailaren 25 eta 26an egingo dira Leon uriburuan eta probintzia haretako Cerezales del Condado herrian, kantu inprobisaduari buruzko topaketak. Euskal Herritik Maialen Lujanbio, Ane Labaka, Itxaso Paia eta Karlos Aizpurua joango dira. Kanariar Uharteetako eta Galiziako ordezkariakaz hartu-emona egin ahal izango dabe han. Mintzola Fundazinoaren Europa bat-batean egitasmoaren lehenengo pausua da honako hau.

Territorio Archivo Activacion: 11 itinerarios de la cultura oral izen luzea hartu dau Leongo topaketa berezi horrek. Mintzolagaz batera, Donostia 2016k eta beste herri batzuetako eragile kulturalek bultzatzen dabe egitasmoa. Holan, euskal bertsolarien lana gure mugetatik kanpo ezagutarazo ahal izango da eta, aldi berean, beste herri batzuetan bizirik dagozan inprobisazinoko teknika eta ezaugarrien barri ekarri ahal izango da bertora.

Mintzolak azaldu dauenez, hogei urte dira euskal bertsolariek nazinoartera salto egin ebela eta harrezkero topaketa ugari euki ditue mundu zabaleko inprobisatzaileakaz. Bertsozale Elkarteak antolatuta, 2003an egin zan lehenengoz Ahozko inprobisazioa munduan nazinoarteko topaketea, Donostian.

Leonen egun biko egitarau potoloa daukie aurretik Maialen Lujanbiok, Ane Labakak, Itxaso Paiak eta Karlos Aizpuruak. Hilaren 25ean, barikua, Cerezales del Condado herrian daukie hitzordua, 21:00etan. Kanarietako verseadoreak eta Galiziako regueifeiroak lagun, saioa eskainiko dabe. Biharamunean, hilak 26, Leon uriburuan, Bertsolari dokumentalaren trailerra proiektauko dabe, gaztelaniazko azpitituluakaz. Ondoren, mahai-ingurua egingo dabe galiziar, kanariar eta euskaldunek. Amaitzeko, uri horretan bertan, beste inprobisazino saio bat emongo dabe, 20:00etan.

Euskaldunen partetik, Lujanbio eta Labaka arduratuko dira bertsotan egiteaz. Gai-jartzaile Paia izango da eta Aizpurua gaztelaniarako itzultzaile. Galiziako taldean Daniel Aleixandre Vecino eta Xairo Vecino izango dira regueifeiroak. Kanarietatik, Yerai Rodriguez eta Lidia Moreno izango dira verseadoreak, Jesus Cerpa Garciaren musikeak lagunduta.

Leoneko topaketa honen jarraipen legez, zemendiaren 6tik 8ra beste jardunaldi batzuk egingo ditue, Bartzelonan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu