'Zer o no ser?' goiburupean, aisialdi eta kirol monitoreek be euskerea ikasteko laguntzinoa jasoko dabe Bilbon
2015-09-10 18:11 Euskerea berbagaiUdalak indartu egin nahi izan ditu hizkuntzearen normalizazinoan ondorio biderkatzaileak dituen kolektiboak. Esangura horretan, aisialdi eta kirol jardueretan dabilzan monitoreei zabalduko jake laguntzinoa jasoteko aukerea, egunero egiten daben lanak upealako garrantzia dauelako ume-gaztetxuen hizkuntza jokabidean.
Bilboko Udalak eta uriko euskaltegien sareak euskerea ikasteko deia egin deutsee bilbotarrei eta 2015-2016 ikasturteko matrikula epea zaballik dagoala gogorarazo dabe. Aurten, ganera, gurasoei ez eze, aisialdi eta kirol jardueretan dabilzan monitoreei be laguntzinoa emongo jakela aurreratu dabe. Bilbon 18 euskaltegi dagoz, uriko zortzi barrutietan kokatuak.
Zer o no ser? goiburuko kanpainearen barri emoteko prentsaurrekoa eskaini dabe Koldo Narbaiza Bilboko Udaleko Euskera eta Hezkuntzako zinegotzi delegatuak eta euskaltegi sarearen arduradun Metxe Luzuriagak, Bilboko euskaltegietako hainbat ordezkarigaz batera.
Kontuak kontu, aurten be mueta guztietako ikastaroak eskainiko dituela nabarmendu dabe, moduan, epean zein metodologian ikaslearen ezaugarriei egokitzen diranak. Euskerearen normalizazinoan egundoko garrantzia izan dabe euskaltegiek Bilbon, sare zabala eta oso bizia osotzen dabe. Ehun mila bilbotar euskaldun inguru horretatik asko dira, gehienak, euskaltegien iturritik euskerea edan dabenak, azaldu dabe.
Udalak indartu egin nahi izan ditu hizkuntzearen normalizazinoan ondorio biderkatzaileak dituen kolektiboak. Horregaitik, aspaldiko partez gurasoei emon jaken laguntzinoa (lehengo ikasturtean 270etik gora izan dira programa honen onuradunak) zabaldu egingo da ondorio biderkatzailea daben beste giza talde batzuetara. Esangura horretan, aisialdi eta kirol jardueretan dabilzan monitoreei zabalduko jake laguntzinoa jasoteko aukerea, egunero egiten daben lanak upealako garrantzia dauelako ume-gaztetxuen hizkuntza jokabidean. Aisialdiak oro har eta kirolak gehienbat, aparteko garrantzia hartu dabe umeen eta gaztetxuen bizitzan. Arlo horreek zerikusi handia izan leikie euren hizkuntza portaeran, bai motibazino aldetik, bai ezagutza zein erabilerearen ikuspegitik be, adierazo dabe.
Aitatutako laguntzinoak 2016ko udan banatuko dira, behin 2015-2016 ikasturtea amaituta, eta onuradun izateko deialdia martian edo argitaratuko dau Udalak Bizkaiko Aldizkari Ofizialean.
Beste alde batetik, deialdi honek oihartzuna izango dau Bilboko hainbat leku estrategikotan datorren astean eskegiko diran 500 banderolakaz eta jarriko diran 2.000 kartelakaz. Aldi berean, beste erakunde batzuk herritarrak euskaltegira hurreratu daitezan egunotan egiten dabilzan deiakaz bat egiten dau Bilboko Udalak, guztion ahalegin bateratuak erraztu egingo dauelako euskerearen normalizazinoa eta bizkortu erabilerea.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!