Ane Rodriguez: 'Arte garaikidean oinarritutako proiektu batek ezinbestean behar dau hezkuntza proiektua'

Koldo Isusi Zuazo 2015-09-07 11:09   Barriketan

Tabakalerako zuzendaria

Datorren irailaren 11n, tabako fabrika zaharra izan zanak ateak edegiko ditu, Kultura Garaikidearen Nazinoarteko Zentro bihurtuta. Helburua sormena, barrikuntzea eta egungo ikusizko kulturea sustatzea izango da. Arte garaikidea, telebista, bideoa eta zinemea, diseinua eta soinua bateratuko ditu espazio bakarrean Tabakalera proiektuak. Lanerako, produkzinorako, sorkuntzarako lekua izango da.

2012tik Ane Rodriguez da Tabakalerako zuzendari eta azalpen guztiak emongo deuskuz ondoko barriketaldian.


1.- 1913tik 2003ra bitartean tabako fabrika bat izan zan eraikina eta egun batzuk barru zabalduko ditu ateak Kultura Garaikidearen Nazinoarteko Zentroak lau urteko erabarritze lanen ostean. Proiektu erraldoia krisi sasoi betean...

Bai, proiektu handia da baina partekatua be bai eta hori garrantzitsua da guretzako ze ekosistema kultural handia batuko gara eraikinean, Donostia Zinemaldia, Etxepare Euskal Institutua, Zineuskadi, Euskadiko Filmategia eta Kutxa Fundazinoa. Alkarren osogarri izatea espero dogu eta alkar bizitza honek erakundeen arteko alkarlana eta aberastasuna ekartea.


2.- Makinatxu bat gorabehera izan ditu proiektuak, joan-etorriak eta beste. Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzeak erosi eben eraikina 2004an eta erakundeon akordio baten ondoren, kultura jardueretarako erabiltea erabagi eben. Zein da Tabakaleraren aurrekontua?

Erabarritze lanek hasieran 71 miloeko aurrekontua izatetik 56ra joan dira azkenean eta urteroko aurrekontua be bizi dogun egoereagaz bat etorriz, neurrikoa izatea espero dot. Helburua da eraikinean sortarazoten dan gastu osoa autofinantziatua izatea eta erakunde publikoetatik datorren ekarpena zuzenean programazinora eta programazino taldera joatea. Oraingoz, barriz, ezin deutsut datu zehatzik emon.


3.- Gaur egun izaera publikoa dauen alkarte anonimoa zarie. Zer esan gura dau horrek?

Hiru erakunde publikoen arteko alkartea gara eta dirua publikoa dala esan gura dau horrek. Erakunde publikoen izakereagaz zeozelako mugea dogu baina askatasun osoa izango dogu kudeaketarako, kontratazino, deialdi eta enparauetarako. Lege aldetik ez gara funtzionarioak, publiko izakerea dogu eta horrek abantailak eta desabantailak daukaz.


4.- Zer izango da Tabakalera?

Kultura Garaikidearen Nazinoarteko Zentroa izango da, sortzaileentzako, lanerako espazioa izango da baina programazino publikoa be izango da tartean. Gure proiektuak lau arlo desbardin ditu: praktika artistiko garaikideetarako gunea, sortzaileentzako hainbat eremu izango dituana eta publikoarentzako erakusketa, proiekzino, tailer, mintegi eta gogoetea bultzatuko daben programazino desbardinak. Horrezaz gan, kultura digitalagaz zerikusia dauen arloa dago, Hirikilabs laborategia, hain zuzen; Donostia Kultur Uriburutzeagaz konpartidutako proiektua da eta bertan teknologia eta kultura digitalagaz lotuta, teknologia zelan gizarteratu lako gogoetak planteauko doguz.Hezkuntza proiektua be garrantzitsua izango da, arte garaikidean oinarritutako proiektu batek ezinbestean euki behar dau hezkuntza proiektua, bertan sortzen diran eduki guztien hurreraketa bat egiteko, bai bisita gidatuakaz eta bai programa bereziakaz. Horrezaz gan, alkarte eta erakundeakaz programak abiatzea izango da gure beste zeregin bat.

Beste alde batetik, sorkuntza liburutegia be nabarmendu gura neuke, eduki espezializatuak eta gure eduki guztiak jasoko dituana. Lanerako espazioa izango da teknologia barriak eta ikusentzunezkoak lako tresnak erabilgarri izango dituana.


5.- Eraikina berez da ederra eta 37.000 metro koadroko azalerea dauka, bost solairutan banatuta. Zelan antolatuta egongo da espazio hori guztia?

Metro koadro horreekaz danak kontuan hartuta, espazio zabal-zabalak doguz. Guk esaten dogun moduan plaza eta kaleak dagoz tartean eta eraikinak bizi propioa izatea da gure asmoa, herritarrek bere egitea. Zero eta lehen pisua gehiago dagoz bideratuta hartu-emon, erakusketa, salerosketa eta holako ekimenetarako. kafetegia egongo da hor, ekinbide txikientzako espazioa, liburudenda bat, erakusketa aretoak, zinema eta musika aretoak...

Bigarren pisuan, barriz, sorkuntza liburutegia eta Zinemaldiaren eta Euskadiko Filmategiaren bulegoak dagoz.

Hirugarrenean, gure bulegoak dagoz, produkzino espazioak, Hirikilabs, Etxepare Institutua eta coworking espazioak.

Laugarren pisuan, Kutxa Fundazinoaren espazioa dago eta bertan ikasgelak, musika eta modeari zuzendutako jarduerak eta espazioak, coworking gune bat eta fonotekea izango dira.

Azken pisuan, bosgarrenean, jatetxea eta espazio publiko zabala izango da, terraza eta guzti, uriaren beste argazki bat ikusteko.


6.- Inaugurazinoa hilaren 11n izango bada be, eraikina ezagutzeko bisita gidatuak antolatu dozuez hilaren 8tik 10era bitartean...

Bai. Inaugurazinoa baino edegierea esaten deutsagu, ze apurka-apurka joango gara espazio guztiak zabaltzen. Aitatu dozuzan bisita gidatu horreetarako talde danak bete dira honezkero, jakinmin eta ikusmin handia dago eta oso pozgarria da hori guretzako. Edozelan be, 11tik aurrera be egongo da aukerea Tabakalera ezagutzeko. Ganera, edegiera egunean bertan, konbidautako artistek proponidutako performance bereziez osotutako ibilbideei jarraituz egin ahal izango dira bisitak; artista horreek Euskal Herrikoak eta atzerrikoak izango dira, besteak beste, Idoia Zabaleta, Idurre Azkue, Angela Milano eta Natxo Moreno. Eraikina ikusteko modu xelebrea izango da.


7.- Erakusketa aretoa irailaren 11n zabalduko dozue eta Ikus-entzunezkoaren aldiriak. Ingurua marrazten duten puntuak da ikusgai egongo dan lehen proiektua. Zelako lana da?

Aspaldin dabilz beharrean horretan; proiektu hau beste batean oinarritzen da Apologia-Antologia izenekoan, hain zuzen be; bideoartearen inguruko lanak erakusketa etxurea hartuko dau oraingoan eta Anna Manubensek eta Soledad Gutierrezek atondu dabe, Euskal Herriko eta nazinoarteko 28 egileen lanak batuta. Jean-Luc Godard eta Marguerite Durasen bideoak be izango dira, Ibon Aranberriren pieza bat be bai... Eta tartean, hilaren 12an, 14:00etatik 17:00etara, parte hartzeko performance bat be izango da Dora Garciaren eskutik.


8.- Eraikinean tabako fabrika bat egon zala gogoratzeko, memoriari eta historiari leku bat eginez, Bihar Goodbye lana nabarmendu behar da, Marion Cruza eta Pablo Marte artistek tabako fabrikako emakume zigarrogile ohiakaz landutakoa...

Hasieratik argi geunkan historia ezin genduala eta ez genduala nahi ganera baztertu edo jorratu barik itxi. Eraikinaren beraren kota eta jatorrizko egiturei eutsi deutsagu eta horrezaz gan, Marion Cruza eta Pablo Marte artistek tabako fabrikako emakume zigarrogile ohiakaz egin daben lana txalotzekoa izan da. Hamar bat egun egin ditue alkarregaz, behargin ohiek eskuzabal jokatu dabe eta sano hunkigarria izan da danontzako. Kontua da ze, 11n bertan proiektu osoaren barri emongo dogula, espazio txikia da baina proiektu handia eta ikusleek lehenengo kapitulua ikusteko aukerea izango dabe. Oraingoz ez deutsut gehiago aurreratuko.


9.- Tabakaleran zinemeak izango dauen garrantzia nabarmendu beharko geunke. Irailaren 12an estreinauko dozue zinema-aretoa, Ivan Zulueta donostiarraren (1943-2009) Un, dos, tres, al escondite inglés kultuzko filmagaz (1969) baina zinemegaz lotuta gauza gehiago be badagoz. Zeintzuk?

Bai. Ikusentzunezkoak aparteko garrantzia izango dau tabakaleran. Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi sailaren egoitza ofizial bilakatuko da eraikineko zinema-aretoa, eta Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketea be bertan egingo da, atara kontuak. Zinema-aretoaren inaugurazinoa, barriz, Euskadiko Filmategiagaz eta Zinemaldiagaz bat eginik egingo dogu programazinoaz berba egiteko eta hasteko Ivan Zulueta donostiarraren (1943-2009) Un, dos, tres, al escondite inglés filma eskainiko dogu.

Urriaren 1etik aurrera programazinoa finkatuko dogu eguaztenetik domekara eta hor atzerabegirakoak, zikloak, ikusentzunezko bereziak eta bestelakoak eskainiko doguz.


10.- Tabakaleran hotela be izango ete dan be entzun dogu. Egia da hori?

Bai. Datorren urteko zezeilean edo izango da edegierea. Ekimen pribatuak be izango dira eraikinean, kafetegia, jatetxea eta hotela. Lizitazino bidez atara genduzan eta hotelari jagokonez, beharrezkoa begitandu jakun gure artista, egonaldi eta enparauetarako zazpi-zortzi bat apartamentu eukitea eta holan izango da, lau izarretako hotel bat egongo da Tabakaleran.


11. Proiektuak bizi izan dituan gorabeherak ahaztuta dagoeneko, nerbiorik bai ateak zabaltzeko oso gitxi falta danean?

Urduritasun puntu hori beharrezkoa be bada baina lankide batek esaten dauen lez, badakigu irailaren 11n amaitu barik hasi egingo dala dana. Fase horretara pasetako gogoz eta ilusino handiagaz gagoz ze bidea benetan be luzea izan da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu