Marie Sommerren 'Surfaces' proiektua Bilbao Arten ikusgai

Bizkaie! 2015-09-07 10:14   Kulturea

Bilbao Artek produkzino propioko beste erakusketa bat jarri dau ikusgai, aurtengo bosgarrena. Surfaces izenburukoa da, eta Marie Sommer sortzaile frantsesaren lanak batzen ditu. Bilbao Arteko 2014ko artista egoiliarra izan dan Sommer epaimahai batek aukeratu dau, bere sorkuntza-proiektua erakusteko aukerea izan daian.

Bilbao Artek produkzino propioko beste erakusketa bat jarri dau ikusgai, aurtengo bosgarrena. Surfaces izenburukoa da, eta Marie Sommer sortzaile frantsesaren lanak batzen ditu. Bilbao Arteko 2014ko artista egoiliarra izan dan Sommer epaimahai batek aukeratu dau, bere sorkuntza-proiektua erakusteko aukerea izan daian. Surfaces (Azalerak) bariku arratsaldean inaugurau eben eta publikoarentzat zabalik egongo da irailaren 25era arte, 17:30etatik 20:30etara bitartean, astelehenetik barikura.

Surfaces, memoriari erreferentzia egiten deutson eta artistearen bi urteko lana jasoten dauen Anamnèse proiektuaren lehen partea da. Marie Sommerrek Espainiako lurraldea aztertu dau, bertan dagozan hatx azaleratzeen eta horreek denporan eta memorian gauzatzearen bitartez. Lanaren emoitzea erakusten da bilduma honetan jasotako argazkietan, grabaduetan eta bideo-instalazinoetan.

Marie Sommerren proiektua Belchiteri, bonbardaketa jasan eban eta 30eko hamarkadatik frankismoaren ospakizun eta propaganda monumentu legez galbide egoeran konserbetan dan Aragoiko herri txikiari buruzko ikerketan oinarritzen da. Irudiek jatorrizko herri horren aztarnak erakusten ditue, eta baita preso errepublikanoek eregitako Belchite barriarenak be. Herri barriaren lehen harria Francok jarri eban 1954an.

Belchiteri buruzko proiektua herrixkatik harago zabaltzen da, hur dagozan kobazuloetara, Aragoiko paisajeetara, Europako mendietara, Tenerifeko Teidera, Markinako harrobietara eta Nerbioi ibaira, Mazedoniara, eta Japoniaraino heltzen da. Hiroshima urira, hain zuzen be. Bideo batek, leherketa atomikoari aurre egitea lortu eban eraikin apurretako baten erresistentzia erakusten dau uriaren ganerakoa egurrez eregita egoelako, azaldu dau. Eraikin hori erakusteko, Marie Sommerrek oso ikuspegi bitxia erabilten dau, eraikinak uretan sortzen dauen isladea jasota.

Surfaces proiektuak, artistearen begiradeagaz bizia jasoten dabela diruditen hatx eta harrien bitartez memorian eta denporan sakontzen dauen Marie Sommerren sorkuntza bidaia hori eskaintzen dau. Irudi batzuk naturan bertan jasotakoak dira, eta beste batzuk museoetatik ekarritakoak, Madrilgo Museo Geominero izenekotik, besteak beste. Pieza guztiek agerpena eta desagerpena dabe ardatz. Baita obra des-marrazten dauen teknikeagaz egindako grabaduek be, azpimarratu dau Marie Sommerrek, harriak sinbolo dirala gehituz.

Roger Cailloisen Piedras liburua da Marie Sommerren inspirazino iturrietako bat. Cailloisen berbetan: Bizitzak baino edade gehiago daben harriak dodaz berbagai, eta planeta hotzetan irauten daben horreen ganean. Heriotza itxaron behar ez daben eta ez dabenak besterik egin behar eta harea, euria, ekatxa, edo denporea euren gainazaletik txirrist egiten itxi behar daben harriak dodaz berbagai.

Marie Sommerrek Frantzian ikasi eban, Arleseko Argazkigintzako Goi Eskola Nazionalean eta Pariseko Apainketa Arteen Nazino Goi Eskola Nazionalean. Bere lana hainbat lekutan egon da ikusgai: Le Balen (Paris – Frantzia), PhotoIreland jaialdian (Dublin – Irlanda), Kyotographie jaialdian Japonian dagoan Kyotoko Arte Gunean, Madrilgo Naves del Matadero izenekoetan, eta Arleseko Rencontres Argazki Jaialdian (Frantzia). European Photography Award izenekoan parte hartzeko aukeratua izan da, eta horrek aukerea emongo deutso bere lana Frantzian, Alemanian, Norvegian eta Italian 2016an eta 2017an egingo diran talde-erakusketetan aurkezteko. Horrezaz gan, argazkigintzan espezializautako Filigranes argitaletxean zenbait liburu argitaratu ditu, Jean-Yves Jouannais egileagaz batera.

Aurten, 39 artista egiten dagoz egoitza artistikoa Bilbao Arten, Bilboko zentro honek BBK Fundazinoaren laguntzaz sortzaile gazteei eskaintzen deutsezan bekei esker. 1998an sortu zanetik, Bilbao Arteren helburu behinena, sortzaile gazteen profesionalizazinoa erraztea da. Sommerren erakusketearen ondoren, Bilbao Arteko aretoan honako erakusketa honeek antolatuko dira: Herliebe (Politiko-Poetiko) irailaren 16tik urriaren 2ra arte Kristalezko patioan eta Areto nagusian, barriz, Matriz, Iago Rey de la Fuente artistearena (urriaren 2tik 23ra); azkenik, Proprioception Alessandra Torres artistearena (urriaren 30etik zemendiaren 20ra). 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu