Jokin Aspuru: 'Herritarrek GetxoPhoto eurena dala sentidu daien nahi dogu'

Dabi Piedra 2015-08-31 10:38   Barriketan

GetxoPhotoko zuzendaria

Irailaren 3tik urriaren 4ra egingo da GetxoPhoto nazinoarteko argazkigintza topaketearen 9. edizinoa. Aurten, Bidaiak dira gai nagusia eta horregaz lotutako 20 erakusketa egongo dira Getxon. Horrezaz gan, bisitaldi gidatuak, umeentzako ekintzak eta abar antolatu ditue. Hiru urteko zikloa amaituta, Christian Caujolle komisarioaren azkenengo aldia izango da Getxon. Jokin Aspuru Getxophotoko zuzendariak jaialdiaren aurtengo edizinoko zehaztasunak emon deuskuz.


1.- Bidaiak gaia hartu dozue aurten, baina esangura zabalean. Zer sartzen da kontzeptu horretan?

Guk beti gai zabalak hartzen doguz, 'bidaiak', 'amesak', eta holakoak. Gaur egun inoz baino gehiago bidaiatzen danez, hortik abiauta hartu genduan aurtengo gaia. Hegazkinei esker, masa-turismoaren bidez, miloeka persona mobiduten dira, baina arrazoi politikoakaitik, diktadurakaitik be persona asko batetik bestera dabilz, hondamendi naturalakaitik be bai eta arrazoi ekonomikoakaitik be jente asko derrigorrez mobidu beharrean egoten da. Horreekan ipini dogu guk arretea, halabeharrez bidaiatu behar daben horreekan. Bestelako bidaia batzuek be lekua eukiko dabe, adibidez eguneroko bidaiak, lanera joatekoak. Zelanbait esatearren, bidaia metafisikoak be bai, adibidez heriotzea bidaia moduan ulertuta. Getxophoton ikusiko dogu bidaia-aldizkarietan agiri diran leku eder eta zoragarrien kontrakoa.


2.- Hogei artista konbidau dozuez; bakotxak bere estiloa dauka, baina zelako artistak bilatu dozuez?

Erispide bi erabili doguz: Batetik, hizkuntza fotografikoari lotuta, gaur egun erabilten diran hizkuntza fotografiko gehienak batzen ahalegindu gara, hau da, argazkigintza dokumentala, kontzeptuala, postfotografia eta abar; bestetik, artista ezagunak zein gazteak ekarten ahalegintzen gara urtero. Finkatutako artistak eta orain hasten dagozanak batu nahi doguz.


3.- Christian Caujolle komisarioak hiru urteko zikloa amaitu dau zuekaz, zelakoa izan da beragaz euki dozuen esperientzia?

Hiru urtero aldatzen dogu komisarioa eta triste gagoz, orain beste bat topau behar dogulako. Hiru urteko ziklorako, Caujollek 'Bestelako munduak' izenburua aukeratu eban eta horren inguruan egin dau behar. Lehenengo urtean burrukak izan ziran gai nagusia, bigarrenean amesak eta, hirugarren honetan, bidaien ganeko edizinoagaz amaituko dau zikloa. Hiru kontzeptuak lotuta dagoz, esate baterako, amesen alde burrukan egiten dogu eta bidaiatzen dogu amesak daukaguzalako. Penatuta gagoz alkarlan hau amaitzeagaitik, Christian Caujollek argazkigintzan danetarikoa egin dauelako, ehundazak erakusketa antolatu ditu, liburuak argitaratu ditu eta mundu osoan ospetsua da. Bera moduko persona bat gurean, Getxophoton eukitea lujoa izan da. Ganera, esan behar da persona izugarri ona dala, eskuzabala, lagun handi bat irabazi dogu.


4.- Datorren urterako beste komisario bat topau beharko dozue. Nondik joko dozue Getxophotoren hurrengo hiru urteko fasean?

Oraindino gauzak ez daukaguz garbi, baina datorren urtean Getxophotok hamargarren urteurrena beteko dauenez, edizino berezi bat egitea pentsetan gabilz. Hamaikagarren edizinorako hartuko geunke hurrengo komisarioa. Ez dakit zelako komisarioa izango dan baina argi daukaguna da, emakumea izango dala. Konturatu gara orain arteko guztiak gizonak izan dirala eta guk ez daukagu genero kontu horretan aparteko arretarik ipinteko asmorik baina emakume bat ekartea interesgarria litzatekeela uste dogu. Badaukaguz izen batzuk pentsauta, baina eurei be ez deutsegu esan oraindino.


5.- Aurten, 20 erakustakaz batera, jarduera osogarriak be egongo dira. Barrikuntzetako bat Ikusi Makusi da, zer izango da hori?

Ikusi Makusi ume eta gurasoentzako programea da. Guretzat oso inportantea da umeakaz behar egitea, azken baten etorkizuna dira eurak, eta harrobia be bai. Abiapuntua irudi bat sortzea izango da eta horren inguruan makina bat jarduera antolatu doguz umeentzat eta gurasoentzat, adibidez kamera ilun erraldoia eregiko dogu. Argazkigintzearen oinarria edo hasikerea izan zan kamera ilunaren asmakuntzea. Bestetik, umeentzako bisita gidatuak antolatu doguz, argazkigintzako kontzeptuak euren hizkuntzara egokituz. Dozena erdi jarduera antolatu doguz eurentzat.


6.- Gaueko ibilbideak be egingo dozuez, horrek ze berezitasun dakar?

Guk uste dogu gauak badaukala enkantu edo misterio bat. Argazkigintzea definizinoz argia da eta, gaua, iluntasuna. Hor badago kontraesan bat. Orduan, ahaleginduko gara argazkiak iluntasun horretan ikusten, kalean paseoa eginaz edo aretoetan linternakaz sartzen. Hor beste giro bat sortuko dalakoan gagoz, abentura txiki baten modukoa.


7.- Getxoko herritarrek zelan hartzen dabe Getxophoto?

Nik uste dot oso harrera ona daukala jaialdiak herrian, jenteak urtean zehar galdetu egiten deusku ia zein dan urte horretako gaia, jaialdiaren zain dagozala igarten dogu. Gu pozik gagoz.


8.- Getxoko alkarteek be laguntzen deutsue, ezta?

Hori guretzat oso gauza inportantea da. Nazinoarteko artistak ekarri nahi izaten doguz beti, baina azkenean jaialdia bertokoentzat egiten dogu, ahalegintzen gara Getxoko eragileakaz alkarlana bultzatzen. Ostalariakaz berba egin eta tabernetan ekintza artistikoak antolatzen doguz, merkatariakaz be ibilten gara, erakusleihoetan argazkiak ipinteko. Getxophotoren familia handitzen ahalegintzen gara, jaialdia ez daitela izan guk herriari inponiduten deutsagun gauza bat, herritarrek jaialdia eurena dala sentidu daien nahi dogu, holan ekimenak zentzu handiagoa daukalako.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu