Afasiko elebidunak

Bizkaie! 2015-08-26 14:42   Euskerea berbagai

EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak saileko irakasle Amaia Munarrizek egindako lanak afasia dan hizkuntza patologia eta elebitasunaren azterketea buztartu ditu. Burmuineko lesino baten ondorioz, hizkuntzan sortutako arazoak elebidunen bi hizkuntzetan zelan azaltzen diran ikertzen ahalegindu da, horretarako hainbat hizkuntza osogai aztertuz.

EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak saileko irakasle Amaia Munarrizek egindako lanak afasia dan hizkuntza patologia eta elebitasunaren azterketea buztartu ditu. Burmuineko lesino baten ondorioz, hizkuntzan sortutako arazoak elebidunen bi hizkuntzetan zelan azaltzen diran ikertzen ahalegindu da, horretarako hainbat hizkuntza osogai aztertuz. Arazoak bi hizkuntzetan agertzen dira? Hizkuntza osogai berberei eragiten deutse, eta mueta berekoak dira? Hona tesiaren galdera nagusiak.
 
Hizkuntzak eta haren osogaiak burmuin elebidunean zelan antolatzen diran ulertzea izan dau helburu tesiak, eta argi erakutsi dau afasiak ez deutsela hizkuntza osogai guztiei bardin eragiten. Elebidunakan arazo horreek bi hizkuntzetan zelan azaleratzen diran ulertzea izan da, beraz, erronkea. Horretarako euskerearen eta gaztelaniaren sintomen alderaketea izan dau aztergai. Euskera-gaztelania elebidun baten kasu azterketa longitudinala egin dau ikertzaileak. Ikerketea hogei saioz osotuta dago, saio horreetan bat-bateko alkarrizketa eta ariketa esperimentalak garatu ditu, eta ariketa guztiak euskeraz eta gaztelaniaz egin dira, antzeko materialakaz.

Elebidun afasikoagaz jaso zituan hizketa espontaneoko datuak. Ariketa esperimentalak be erabili zituan egitura zehatzagoak aztertzeko bai aztergai nagusia izan dauen afasikoagaz, zein bestelako hizkuntza arazoak zituen edota arazorik bako elebakar zein elebidun batzuekaz be, emoitzak alderatzeko moduan.

Tesiak argi itxi dauen ondorio nagusia da burmuineko lesinoak ez dituala hizkuntza maila guztiak bardin kaltetzen, eta bi hizkuntzetan azaleratzen diran arazoen artean be, antzekotasun eta aldeak atzemon daitekezala. Bi hizkuntzen jokabidean agiri diran (des)bardintasunetan hainbat faktorek dabe eragina, eta horreen artean hizkuntzen arteko distantziak aparteko garrantzia dauka. Oro har, bi hizkuntzetan sintomak antzekoagoak dira euskeraz eta gaztelaniaz antzekoen diran hizkuntza mailetan, hain zuzen, hotsei jagoken maila fonetiko-fonologikoan, eta baita oso antzekoak diran tigre vs. tigrea lako (kognatu) berbetan be. Aldiz, bi hizkuntzetako jokabidean aldeak nabarmenagoak dira euskeraz eta gaztelaniaz ezaugarri desbardinak dituen osogaietan, esate baterako, maila morfosintaktikoan (euskerea, SOV hizkuntza eta kasu-sistema ergatibo-absolutiboa dauena vs. gaztelania, SVO hizkuntza eta kasu-sistema nominatibo-akusatiboa dauena).


Amaia Munarriz

Amaia Munarriz (Iruñea, 1984) Euskal Filologia ikasitakoa da. Hizkuntzalaritzako doktorego programearen barruan egin dau tesia. Maria José Ezeizabarrena  irakaslearen zuzendaritzapean egindako lanak Hizkuntzen antolaketa burmuin elebidunean: gaztelania-euskera elebidun afasiko baten kasu-azterketea dau izenburua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu